La Fura dels Bausek hasiko du 79. Musika Hamabostaldia

Konpainiak 'Kreazioa' taularatuko du Donostian, abuztuaren 2an eta 3an. Labeque ahizpek 'Amoria' izeneko ikuskizuna estreinatuko dute
BERRIA

Ainhoa Sarasola -

2018ko apirilak 24
Abuztuaren 2tik irailaren lehenera egingo dute Donostiako Musika Hamabostaldiaren 79. edizioa. La Fura dels Baus konpainiak irekiko ditu Kursaal auditoriumeko emanaldiak, Kreazioa ikuskizunarekin. Obra horrek Joseph Haydnen izen bereko lana du oinarri, eta iaz estreinatu zuten, Parisen. Bi emanaldi egingo dituzte —abuztuaren 2an bata eta 3an bestea—, eta Jose Ramon Encinarren gidaritzapean ariko dira Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Haydn dels Baus Abesbatza, Alicia Amo sopranoa, Gustavo Peña tenorra eta Thomas Tatzl baritonoa. Egitarauak bilduko dituen 70 bat proposamenetatik lehena izango da.

Jaialdiak nabarmendu du «punta-puntako» izenak izango direla orkestra zuzendaritzan zein pianoan. Besteak beste, Christian Zacharias, Ivan Fischer, Yannick Nezet-Seguin eta Yukka-Pekka Saraste ariko dira musikariak zuzentzen; jaialdiko publikoarentzat ezagunak dira guztiak. Paolo Arrivabenik, berriz, lehen aldia izango du jaialdian: EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Easo Abesbatza zuzenduko ditu abuztuaren 11n eta 13an, Italiarra Aljerren opera antzeztuan, Gioachino Rossiniren heriotzaren 150. urteurrenean hain justu.

EOS ez ezik, NDR Hanburgoko Philharmonie, Rotterdams Philharmonisch Orkest, Budapest Festival Orchestra eta Koloniako WDR Sinfonieorchester izango dira Kursaalean, besteak beste.

Pianisten artean, berriz, Yefim Bronfman, Igor Levit, Alexandre Tharaud eta Labeque ahizpak nabarmendu dituzte. Pianista bikote baionesak proposamen berezia estreinatuko du: Amoria ikuskizuna. Katia eta Marielle Labequek euskal musikagileen obrak bildu dituzte ikuskizunerako, tartean Joanes Antxieta, Maurice Ravel, Jesus Guridi, Pablo Sarasate, Aita Donostia eta Alberto Iglesias. Bi ahizpekin bat, agertokian izango dira Hegiak taldea, Thierry Bizkari eta Eñaut Elorrieta abeslariak, Ander Zulaika perkusionista, Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak, Carlos Mena kontratenorra, Elena Martinez de Murgia viola da gamba jotzailea eta Easo Eskolania taldeko hogei bat haur. Abuztuaren 29an izango da kontzertu hori.

Dantza ere bai

Viktoria Eugenia antzokiko egitaraua Alexandre Tharaud pianistarekin emanaldiarekin hasiko da, abuztuaren 6an, eta, haren ondotik, oholtzan elkarrekin ariko dira Jordi Savall eta Carlos Nuñez, hilaren 20an, Diálogos célticos kontzertuan. Dantza ere hartuko du antzokiak: Herve Koubi konpainiak Les nuits barbares aurkeztuko du hilaren 28an; ikuskizun horrek Mozarten eta Faureren requiemak, Afrikako herri musikak eta hip-hop nahiz capoeira kulturak uztartuko ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna