Donostiako Aste Nagusia

Donostiako kaia abordatu dute piratarik gazteenek ere

Kaia ez ezik, Flamenka ere abordatu dute Pirata Bihurriek: jolasak eta herri bazkaria egin dituzte Haurren Eguna ospatzeko
Pirata Bihurriak, atzo, Donostiako portuko abordatze txikian, itsasoaren aurka borrokan.
Pirata Bihurriak, atzo, Donostiako portuko abordatze txikian, itsasoaren aurka borrokan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Naia Begiristain Etxezarreta -

2018ko abuztuak 17
Kalimotxo eta garagardo katxiei eusten die jendeak, oro har, Donostiako Piraten txosnetan. Atzo, ordea, haurrak zeuden bertan bildu zirenen besoetan. Trikiti eta pandero doinuak nagusitu dira portuko zalapartaren gainetik, eta atorra berdeek Flamenka hartu dute: Pirata Bihurrien eguna da, eta ekintza guztiak umeek gozatzeko antolatu dituzte. Goizean, haurrentzako jokoak egin dituzte. Eguerdian, «makarroikada» egin dute txosnetan. Gero, postrea: abordatze txikia portuan.

«Kalejiran joango gara portuko aldapara», azaldu du Irune Canok, eta, besoetan duen alabari begira, zera gaineratu du: «Gogo handia dugu kalejira hasteko, trikitilariak eta pandero jotzaileak gure lagunak direlako». Canoren alaba, Eli Iriondo, Bihurrien kofradiako kidea da: atorra berdeaz gain, piraten orbana du masailean. Canok esan du «primeran» pasatu duela alabak festa egunean. «Makarroi goxoak jan ditut, eta, gero, helatua», baieztatu du Iriondok, amaren hitzak berretsiz.

Euria ez da oztopoa

Bihurrien kofradiak portuko aldapara lehenengo pausoak eman bezain laster petraldu da eguraldia. Euri tantek, ordea, ez dituzte kikildu piratarik gazteenak. «Eguraldia txarra da, baina, itsasoan berdin-berdin bustiko garenez, ez zaigu axola», esan dute Izaro Egaña, Maren Guerra, Maddi Iriondo eta Irati Gareta piratek. Goizean eta bazkalondoan jolasean aritu diren arren, orain trikitia eta panderoa jo behar dituzte.

Portuko aldapara iristean, laukoteak abordatze txikian hartuko du parte. Proban «hainbat oztopo» gainditu beharko dituzte: «Bi itsasontziren artean zintzilik dauden zapiak hartu behar ditugu, baina uretan, bidea zailtzen diguten Pirata Bihurri zaharrago batzuk egoten dira: zirikatu, eta, batzuetan, itsasora ere botatzen gaituzte». Pixkanaka, trikiti eta pandero musika urruntzen ari da Flamenkatik. Portuko aldapan, ordea, geroz eta pirata gehiago biltzen ari dira. Abordatze txikia hasteko minutu gutxi falta direla, antolatzaileak azken orduko prestakuntza lanetan murgilduta daude.

Abordatzerik bihurriena

Horietako hiru dira Malen Merino, Fermin Mendazona eta Madalen Irizar piratak. Haurtzaroa atzean utzi bazuten ere, antolakuntza lanetan aritzea «aukera ederra» dela nabarmendu dute: «Guk, haurrak ginenean, ez genuen lekurik jaietan, eta datozen belaunaldiei aukera hau ematea altxor bat da».

Abordatze txikia 17:00etan hastekoa zen arren, eguraldi kaxkarrak atzeratu egin du; 17:20an, Ezkila kapitaina portuko aldapan zeuden haurrei mintzatu zaie: «Izan piratak, gora bizipoza, eta joan abordatzera!». Ezinegona nagusitu da umeen artean, eta tensioa areagotu egin da txupinazoa jaurti dutenean. Gurasoen laguntzarekin sartu dira haurrak txalupetan: zapiak hartu eta lehorrera itzultzea ez da zeregin makala izango. Dudarik gabe, adina ez da Donostia abordatzeko oztopoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna