Albistea entzun

Begoña Zia, aitzindari ezezaguna

Nafarroako XII. Komiki Azokak erakusketa bat eskaini dio Begoña Zia marrazkilariari, harena «berreskuratu beharreko izen bat» dela sinetsita

Begoña Ziaren autorretratu bat.
Begoña Ziaren autorretratu bat. NAFARROAKO KOMIKI AZOKA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko irailak 2 - Iruñea

Haren izena eta lana ez dira oso ezagunak, baina Begoña Zia Zabaleta (Iruñea, 1959) Nafarroan komikigintzan aritu ziren lehen sortzaileetako bat izan zen. Nafarroako Komiki Azoka antolatzen duen Tiza elkartea izan zen horri erreparatu ziona, eta halaxe adierazi zion Zia zenaren nebari. «Ni ez nintzen ohartu horretaz, baina, antza denez, bai, garai hartako beste sinadura erreferenterik ez dago Nafarroan», azaldu du Jesus Ziak. Nafarroako Komiki Azokan omenaldia egingo diote Begoña Ziari. Bi urte dira zendu zela; beraz, ezin izango du jaso.

«Hark txikitatik marrazten zuen: etxean beti zebilen istorioak marrazten, gauzak adierazteko edo bere eguneroko moduan», kontatu du Jesus Ziak. 1970-1980 inguruan hasi zen bere lanak publikatzen, batez ere euskarazko argitalpenetan. Zenbait argitaletxek publikatzen zituzten aldizkarietan parte hartu zuen; besteak beste, Ereinen Ipurbeltz-en, Plazaolaren Cuatrovientos-en eta Pamielaren aldizkarian. «Josemi Goienak asko lagundu zion; hark Pamielaren liburuetako azal asko egin zituen, eta Begoña animatzen zuen».

Komiki horiez gain koadroen antz handiagoa zuten ilustrazioak egiten zituela azaldu du Ziak: «Orduan, komiki aldizkari asko begiratzen genituen, eta 1980ko hamarkadan marrazkilari asko koadroak eta arte erakusketak egiten hasi zirenez, bera antzeko zerbait egiten saiatu zen». 1980ko hamarkadaren amaiera aldera, publizitatearen arlora igaro zen; lehenik Jaso agentzian, eta gero Los Iruñako etxean. Haren neba ere marrazkigintzan aritzen zen, baina 1988an Madrilera joan zen.

Handik gutxira, 1991n, Begoña Ziak estudio bat muntatu zuen, eta bere kabuz hasi zen lanean, agentzietako lanak utzi gabe. 1993an, estudio bat zabaldu zuen, lagun batekin batera: Cabodevilla y Cia. «Diseinu grafikora gerturatzen ziren, eta komikitik gero eta gehiago aldentzen». 1994an, Jesus Zia Madriletik itzuli zenean, elkarrekin estudio bat muntatu zuten, gerora Cia y Cia deituko zutena. Estudio horretan ere diseinu grafikoa lantzen zuten, baina baita liburuen edizioa ere. «Eta han egon zen, kasik zendu arte».

Nafarroako Komiki Azokarekin harreman berezia izan zuen; izan ere, Javier Perez de Sabalza azokako zuzendaritzako kideak 2019an ilustratzaile nafarren erakusketa kolektibo bat osatu zuen, eta Zia zen ilustratzaileetako bat. Urte berean lehenengo, Zart bilduma argitaratu zuten, eta horretan ere parte hartu zuen. Denbora gutxira hil zen; argitalpen horretakoak haren azken ilustrazioetako batzuk izan ziren.

Gerora Perez de Sabalzak Jesus Zia ezagutu zuen, eta hark jakinarazi zion liburu bat publikatzeko asmoa zuela, arrebaren marrazkiekin. Gertukoentzako proiektu gisa pentsatua zuen, baina «ongi egindako» zerbait prestatu nahi zuen. «Haren lanik bereizgarriak hautatzen saiatu nintzen. Erretratu asko jaso ditut, kalean ikusten zuen edonor marrazten zuelako: jende heldua, lagunak, eguneroko irudiak, tabernak, kalea... Eta baita bozetoak ere», azaldu du Ziak. Liburuari El retrato de papel (Paperezko erretratua) izena jarri dio, «hark egin nahi izan zuen liburu baten sarrera aurkitu nuelako, eta dirudienez, liburua horrela deitu nahi zuen».

Erakusketa bat

Lan horretatik abiatuta, erabaki zuten marrazkilaria Nafarroako Komiki Azokan ere omentzea, Begoña Ziarena «berreskuratu beharreko izen bat» baita antolatzaileentzat. Hala, liburuan jaso dituen hainbat marrazki Kondestablearen jauregian ikusgai jarriko dituzte. Senideentzat aitortza «hunkigarria eta garrantzitsua» dela aitortu du Ziak: «Haren desagerpena kolpe latza izan zen guretzat».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Nelly Arcan idazle quebectarra (1973-2009). ©ADAM BILINSKI

Luxuaren azpietatik

Itziar Ugarte Irizar

Literatura ikasketak egin artean luxuzko 'scort' lanetan aritu zen Nelly Arcan idazlea, eta garai hartan ikusitakoak garratz aletu zituen 'Puta' bere lehen eleberrian. Euskarara ekarri berri dute.
Michael Jacksonek 24 urte zituen <em>Thriller</em> kaleratu zuenean. ©BERRIA

Pop musika irauli zuen diskoa

Mikel Lizarralde

1982an argitaratu zuen Michael Jacksonek 'Thriller', eta, 40 urte geroago, historian gehien saldutako diskoen artean segitzeaz gain, kantariaren obra nagusia da. Hainbat bitxikeriarekin berrargitaratu berri dute.
 ©NEVER FOR EVER

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...