Elikagaien eta bestelako produktuen salmenta postu ugari jarrita egongo dira inguru horretan, baina protagonista nagusi bat egongo da: babarrunak. Izan ere, babarrun jatea egingo da eguerdian, eta hala nahi duen orok platerkada bat dastatzeko aukera izango du. Jatekorik ez da faltako, ezta edatekorik ere. Goizean motorrak berotuko dituzte, baina arratsaldean izango dira eguneko ekitaldirik garrantzitsuenak.
Bazkari ostean erromeria egingo dute Olarizu mendiaren magalean. Gaztelu puzgarriak, erraldoien eta buruhandien kalejira, Gargantua eta beste hainbat ekitaldirekin batera, dantzaldia egingo dute, 17:00etan, Drindots taldearekin batera. Dantzarako astia izan ostean, aizkolarien txanda izango da, eta 18:15ean, Arabako Dantzarien Biltzarraren eskutik euskal dantzen erakustaldia egingo dute, iturriaren inguruan. Eguna amaitzeko, udal segizioa mendi magaletik Gasteizera itzuliko da, eta 20:45ean zezensuzkoa egongo da Plaza Berrian. Era horretan amaituko da Olarizuko erromeria, eta horrekin batera agurtuko dute uda milaka gasteiztarrek. Datorren urtean tradizioa berriz berritu arte.