Marrazkien hondoko bakardadea

Literato baten baino gehiagoren lilura piztu du Adrian Tomine komikilariak bere kontakizun laburretan pertsonaiak eraikitzeko eta haien keinu bakoitza islatzeko duen moduagatik.

Adrian Tomine komikigileak egindako autoerretratua. BERRIA.
Inigo Astiz
2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Eta baduzu zaletasunik, Adrian?». Fresnoko eskolara heldu berri, gelako kide guztien aurrean jarri du irakasleak mutiko heldu berria, eta marrazkilari famatua izateko asmoa duela esatean hasi dira gelakideen lehen barretxoak. Solasaldiari eusten saiatu da irakaslea: «Hara, marrazkilari famatua izan nahi duzu, beraz! Zer, Walt Disney bezala?». «Ez, John Romita bezala». Barreak. «Eta nor da...». «John Romita da Spidermanek inoiz izan duen marrazkilaririk onena, nahiz eta pertsonaia ez zuen berak sortu, baizik eta Stan Leek eta Steve Ditkok...». Gero eta ozenagoak dira ikasleen barreak, eta, gero, binetaz bineta, egunez egun gelakide horiengandik jasan beharreko kolpe, irain eta erasoak irudikatzen ditu Adrian Tomine komikigile eta ilustratzaileak (Sacramento, AEB, 1974) The Loneliness of the Long-Distance Cartoonist (Distantzia luzeko marrazkilariaren bakardadea) memoria liburuko lehen pasartean.

Bere lerro garbiak eta kontakizun laburren sakontasun literarioak eman diote izena, baina memoria liburu horren hurrengo orrietan autoparodiaren mugan egiten duen kontakizunaren arabera, jarraitu egin dute umiliazioek, irain arrazistek eta porrotek, baita marrazkilari famatu bilakatu ostean ere. Eta, liburuan iradokitzen duenez, umetako bakardade sentsazio hori eta komikien obsesio horixe daude, orriz orri, binetaz bineta, bere obra osoaren hondoan.

Lanak ez zuen alferrik jaso 2021eko memoria komiki libururik onenaren Eisner saria. Eta ez da debaldekoa Tominek literatur mundutik jaso izan duen arreta ere. Zadie Smith idazlearena, esaterako: «[Tominek] Eleberrigile batzuek bizialdi oso batean baino ideia gehiago ditu hogei binetatan».

Kalifornian jaio zen, eta jatorri japoniarrekoak ditu gurasoak. Hirugarren belaunaldiko japoniar-amerikarrak izanik ere, Bigarren Mundu Gerrak iraun artean, Tomineren bi gurasoek bizi behar izan zuten beren haurtzaroaren parte bat AEBetako gobernuak japoniarrak apartatzeko sortutako esparruetan. Ume zela bereizi zitzaizkion aita eta ama, eta orduan joan zen Fresnora, bere memoria liburuaren hasieran kontatzen duenez. Eta bertan irudikatu bezala, umetatik izan zuen komiki zaletasun handia. Optic Nerve titulupean hasi zen kontakizun laburrak bere kasa argitaratzen eta inguruko komiki dendetan banatzen, eta erraz piztu zuen zirkuitu alternatiboaren arreta. Gerora, banaketa konbentzionalagoa ere izan dute kontakizun horiek guztiek, eta lanotan guztietan igar daiteke pertsonaien keinuei eta haien barne psikologiari egileak jartzen dion arreta. Killing & Dying kontakizun bildumak eman zion zabalpena, nagusiki.

The New Yorker aldizkariko azal egile ere bada, gainera. Irudi estatiko bakar batekin osatzen du irudia kasu horietan. Eta, halere, nahikoa da hori Tominerentzat, bertan narrazio oso bat txertatu ahal izateko.

Enkontru laburren ehiztari

Bi ezezagunek, esaterako, istant batez elkar harritzen dute liburu bera irakurtzen, kontrako norabideetan abiatzear diren metroko bagoi banatan eserita. Atea zabaltzear den liburu denda bateko jabeak, segundo batez, Amazon enpresako pakete bat jasotzen ari den bizilagunarekin gurutzatzen du begirada. Etxea hankaz gora duen emakume bat, gerritik gora apain jantzita, ordenagailuaren pantailaren aurrean jarri da, xanpain kopa eta guzti, kamerak hartzen duen eremuan behintzat zoriontsu azaltzera.

Eta, hain zuzen ere, keinu bakoitza muturreraino zukutzeko gaitasun hori da bere komiki kontakizun laburretan ere ikus daitekeena. Supermarket izeneko sei orrialdeko kontakizunean, adibidez.

Supermerkatura sartzen da gizon itsu bat bere makilarekin. Berehala igartzen du erosketak egiten lagundu ohi dion neskaren ahotsa urrunean, eta apalez apaleko bidean doa solasaldia gero. «Zer moduz eskolak?». «Ongi». «Jarri patata batzuk, mesedez». «Begira, usaindu hau, meloiak, sasoian daude». «Jarri bat». «Besterik?». «Ogia». «Galdera bat...». «Esan». «Baina zuk bakarrik kozinatzen duzu?». «Bai, bai». Eta aldatzen doa giroa pixkanaka. «Beti etortzen naiz zu egongo zarela dakidanean». «Bai?». «Inporta zaizu besotik horrela heltzen badizut?». «Ez, noski. Zer ba?». Zaputz bat, eta eskerrik asko eta eskerrik asko eta agur. Eskolako lagunarekin paseoan ageri da hurrengo binetan neska, barrez, estudiatzeaz, eskoletara huts egiteaz, eta bat-batean isiltzeko keinua egiten dio lagunari. «Itxoin». Gizon itsuak ezer igarri gabe jarraitzen du aurrera bikotearen ondotik. Bineta beltz bat, eta neskaren ahotsa berriz: «Orain kontatuko dizut».

Maiz jaso ditu bere lanak zinemara egokitzeko proposamenak, baina Jacques Audiard zinemagileari bakarrik eman zion baiezkoa. Dheepan filmarekin Canneseko jaialdiko Urrezko Palma irabazi zuen 2015ean, eta hark egokitu du, berriro ere, Tomineren lana pantaila handirako, Paris, 13th District izenburupean. Elkarren artean loturarik gabeko hiru komiki uztartu ditu, bateko eta besteko detaile solteak hartuz.

Hawaiian Getaway izenekoa da Audiardek zinemarako egokitutako hiru kontakizun horietako bat. Tominek pertsonaiak eraikitzeko duen moduaren erakusgarri izan daiteken lana, hain zuzen. Orriz orri, lankideekin, pisukideekin, taiwandar jatorriko gurasoekin, ahizparekin, zein telefono bromak eginez ezagutzen duen ezezagun batekin dituen harremanen bidez aurkezten baitio Hillary Chain izeneko pertsonaia irakurleari. Gertakari, oroitzapen eta estutasun pilaketa batekin pertsonaia hezur haragizko bihurtuz.

Asiar jatorriaren lotsa

Elkarrizketa batean baino gehiagotan aipatu izan du jatorri asiarra izateagatik sentitu izan duen ezinegona. «Sentitu egin nezakeen kazetari eta kritikari asiar-amerikarrek gaia sakonago landuko zuen lanen bat egin nezan zeukaten esperantza, aldarrikapen argiak egin nitzan, arazoei aurrez aurre heltzeko, eta nola uste zuten beste edozer egitea ardura horri izkin egitea izan zitekeela. Luzaro izan dut hori buruan». Baina, azkenerako, topatu zuen irtenbide moduko bat. «Zarena izate hutsak eta zure artea sortze soilak asiar-amerikar artista bilakatzen zaituela esatea askatzailea izan da».

Eta justu korapilo horretan loturik dirudite Shortcomings eleberri grafikoko bikoteak. Zinema asiar-amerikar jaialdi batetik atera, eta autoan hizketan doaz. «Begira, badakit ez zaizula pelikula gustatu, baina ez dakit zergatik haserretzen zaren horrela». «Denek zekitelako kaka bat zela, baina, hala ere, txalo egiten zutelako, Oaklandeko txinatar batek egina zelako. Zergatik izan behar du denak arrazari buruzko baieztapen indartsu klaseren bat? Zergatik ez dute, besterik gabe, ona den pelikula on bat egiten, eta listo?». «Jainkoarren, batzuetan zoratu egiten nauzu. Asiarra izateagatik lotsatuko bazina bezala da batzuetan». «Zer? Halako pelikula baten ostean gizaki izateaz lotsatzen naiz». «Utz dezagun gaia». Eta iluntasunerantz doa autoa. «Hain nengoen umore onez...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.