Iker Tubia.
FERMIN 'EZ-DEUNA'

Gutxiago falta da?

2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Umore onez jaiki da. Kafea eta ogi txigortua gosalduta, sukaldea txukundu eta lisatzeari ekin dio: lisaburdinaren punta kamutsa botoien artean jostatzen ari da, eta tentuz zeharkatu du atorra zuria goitik behera, marrarik batere ez uzteko. Berdin egin du inguruan zituen jantzi guziekin. Zapi gorria lisatu du azkenik, txukun. Iruñeko armarri brodatuak dir-dir egiten du gorri biziaren gainean.

Bi adiskiderekin gelditu da. Hirurek daramate gona iluna, atorra zuria eta zapi gorria. Espartin berriak paratzea pentsatu du, txupinazo eguna baita. Kafe bat hartu dute elkarrekin, eta bota die harrikada. Ezetz besteek, ez zela haientzako toki egokia. Baina burugogorra da, eta bakarrik joatea erabaki du.

Iskanbila aditzen da Udaletxe plazan, eta ohartu da zaila izanen dela tokia egitea. Campana karrikatik sartu da Kale Nagusian. Mutiko saldoa dabil besoak goraturik, dantzan. Halako batean aditu du ezaguna duen kanta, murgildu da bandaren akordeetan, ingurukoen izerditan igurtzi da estasi egoera betean, besoak igo ditu begiak itxita eta ozen oihukatu du: «Riau-riau!».

Begiak zabaltzen saiatu da, baina ingurua lauso ikusi du. Lau begi kliska egin ditu segidan. Bere arnasa ozen aditzen du, makina baten laguntzari esker betetzen baititu birikak oxigenoz. Begiak alderik alde mugitu ditu, baina gelan ez dago inor, eta sentitu du ziztadatxo bat bihotzean, estu. Sakelakoan biloben argazkia jaso du: udaletxearen aurrean daude, eta atzean zapi erraldoi batek #Bizikoditugu dio. Gutxiago falta da eta hiru emotikono bidali dizkiote: aurpegi irribarretsua, beso gihartsua eta bihotza. Hasperen egin du makinaren laguntzari esker, eta,sabaiari so, pentsatu du: «Gutxiago falta da?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.