Ganix Gabrieres. Abadia eremuko kontserbatzailea

«Milioika urte dituzten labarrekin lan egiteak begirada aldarazten du»

Izan zitekeen golf zelai bat edota atsegin portu bat, baina ez da hala gertatu; Hendaia, Urruña eta Ziburu arteko Abadiako eremua ondasun publiko eta ingurumenaren alde sentsibilizatzeko gune egin dutenetako bat da Gabrieres.

SYLVAIN SENCRISTO.
Nora Arbelbide Lete.
Hendaia
2015eko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Abadiako eremua —Anton Abadiak (1810-1897) oinordekotzan utzi eremua— eta Ganix Gabrieres (1956, Baiona) bereizezinak bezala ikus daitezke. Eremuko harrera gune Larretxean du bulegoa, eta baita etxea ere, Gabrieresek. Eremuko lehen langilea ere izan zen, 1984an, orduko 45 hektareak zaintzeko. Lehena eta bakarra luzaz. Geroztik garatua da eremua. 66 hektarea ditu orain, eta luzera begira 300 hektareara iristea du xede lurren jabe Itsasbazterreko Kontserbatorioak. Langileak ere gehitu dira. Orain hamasei dira zaintza eta animatze lanetan ari. Garapen horren seinale da, halaber, eremuko atarian estreinatzear duten Asporotsttipi. Diskoteka izan zena interpretazio zentro bilakatzekotan da. Gabrieres, berriz, hasia da erretretari begira. Laster etxez aldatuko da. Eta zenbait urtera lana utziko, nahiz eta nola edo hala segituko duen. Ez baita hain errazki uzten 30 urteko lotura bat.

Zer bilakatuko ziren lur hauek kontserbatorioak ez balitu bereganatu?

Kontserbatorioa ez balitz hemen izan, bestelakoa zitekeen kontua. Proiektu bat baino gehiago bazezen pentsatua lur hauentzat, Kontserbatorioak eskuratu baino lehen. Adibidez, golf zelai bat bazegoen 1911. urtetik II. Mundu Gerra arte. Gerlagatik hetsi zuten. Golf hori berriz irekitzeko proiektua bazegoen. Lohiako badian atsegin portu baten eraikitzeko proiektua ere bazegoen. Eta, portuaren ondoan, baita kirol portu bat ere. Izan ziren horrelakoak. Kontserbatorioa jabe denetik ezinezkoak bilakatu dira. Beharbada, itsaslabarreraino etxeak izanen ziren ere. Beste leku batzuetan ikusten dira horrelakoak.

Bertan lanean hasi zinenetik egin bidea eginen zenutela pentsatu zenuen?

Itsasbazterraren Kontserbatorioari dagokionez, estatuaren egitura publikoa da. Aurten, hain zuzen, 40 urte beteko ditu. Eta 1975ean tresna horren sortzea biziki ausarta zen. Lur hauek 1979an erosi zituen. Biziki berria zen orduko. Frantzian Ingurumen Ministerioa ere 1975ean zuten sortu... Ba ote genekien orduan zer bilakaera izanen zuten? Ezetz erranen nuke. Arte horretan jendeak ingurumenaz duen kontzientzia aldatuz joan da. Alde onera. Aldiz, eremua handituz joanen zenik aurreikusten ote genuen? Hori bai. Hori zen helburuetako bat. Gehiago dena, orduz geroztik gauza anitz egin bada, gauza anitz bada oraindik egiteko. Uste nuen gauzak errazkiago aitzinatuko zirela. Baina, ororen buru, perspektiba berriak sortuz joan dira, eta hori ere biziki interesgarria da. Politika dinamiko batean gaude.

Arte horretan, erosteko aurreikusi dituzuen lurretan eraikitzeko arriskurik ba ote da?

Ez, nahiz eta kontserbatorioa ez jabe izan, eremua babestua delako. Laborantzara mugatu lurrak dira. Beraz, ez da halako presarik ere.

Baina lurrak erosita, ez dituzue laborariak behartuko lekuak hustera, ezta?

Gaur egun kontserbatorioarenak diren eremuetan lehen baino laborari gehiago bada.

Laborariek segitzen ahalko dute lanean?

Ez dira oposizioan jarri behar ingurumenaren zaintza eta laborantza. Zerbait oposizioan jartzekotan, ingurumenaren zaintza eta laborantza forma batzuk jar daitezke, bai. Intentsiboak direnak, pestizida eta ongailu kimikoak erabiltzen dituztenak. Horrelakorik ez dugu nahi kontserbatorioko lurretan. Abadiako lurretan ez da artorik ereinen. Baina bada zentzuzko laborantza bat ingurumenaren onuragarri izan daitekeena. Gehiago dena, Abadiako eremua aberasten du bere lurretan egiten den laborantzak. Artzainak badira lanean ari direnak. Tokiko arraza zaharrekin ari direnak. Horri esker, ondare hori ere zaintzen dugu. Hori bai, ezin dute nahi duten guztia egin. Baina eragozpen horiek baloratuak izatea dugu xedea.

Azkenaldi honetan, anitz aipatzen da itsasbazterraren higadura. Hendaiako Bikiak hiruki bilakatzekotan omen dira.

Higadura zinezko arazoa da, bai. Batez ere hiritu diren guneetan. Iazko neguko ekaitzek gauza batzuk begi bistara ekarri dizkigute Frantzia osoan, eta partikularki Akitanian. Itsas kostaldea franko gibelatu da toki batzuetan.

Abadiako eremuan ikusi duzue gibelatzerik?

Euskal itsasaldean kalkulatzen da urtean, banaz beste, hogei zentimetro gibelatzen dela labarra. Ez dela hainbeste pentsa daiteke, agian. Denborari denbora ematen diola horrek. Baina ez da hain sinplea. Zenbaki hori banaz bestekoa baita. Ez du fitsik erran nahi. Zati batzuk urteetan ez dira mugituko. Eta, halako batean, hamar edo hamabost metroz gibelatuko dira. Bikietatik hurbil den Santa Ana lurmuturreko xendrak azkarki gibelatu behar izan genituen gau bakar batez anitz higatu zirelako. Eremua erabat segurtatzeko, geologiaz arduratzen den ikerketa bulegoaren (BRGM) arabera, xendrak 30 bat metro atzeratu beharko genituzke heldu diren 30 urteetan.

Higadura horren kontra zer aurreikusten duzue?

Aurka borrokatuko garen? Ez. Hasteko, biziki garesti aterako litzatekeelako. Eta bigarrenik, fenomeno naturala delako. Aldiz,higadura indartzen duen gizakiaren aktibitateen mugatzen entseatuko gara.

Miarritze adibidetzat hartuz, alimaleko gastuak eragiten dizkio higaduraren aurkako borrokak. Zer diozu horretaz?

Eta ez dute bururatua gastuekin. Etxeak baitituzte. Gure erronkak ez dira berak.

Hendaiako Bikien kasuan, beraz, hirugarrena sortzekotan?

Santa Ana lurmuturraren puntan agertzen ahal da, bai. Harkaitz bat ari da hor deslotzen. Hondartzatik begiratzen delarik, harkaitzaren gaineko partean euriaren urak nola lehengaiak behera eramaten dituen ikus daiteke. Eta beherean harpea dago, eta hor, itsasoa da ari lanean. Gaina ari da zulatzen, behera ari da zulatzen, egun batez bi zuloak elkartuko dira. Ondorioz, harkaitz bakartu bat ager daiteke. Baina ez da urte batetik bestera agertuko. Edo litekeena da laster agertzea, Pirinioengatik. Plaken tektonika dela eta. Lurrikarak dauden eremuan gaude. Lurrikarek higadura horren abiadura handitu dezakete. Higadura emeki egiten bada, litekeena da hirugarren harkaitz hori agertzea. Tupustez agertzen bada, litekeena da hirugarren hori segidan erortzea. Litekeena da hilik sortzea. Edo baliteke bikiekin segitzea, baina ez biki berekin. Bikietako bat franko higatzen ari baita. Arrakala argi bat badu, eta harpe bat ere bai. Segur dena da noizbait eroriko dela hori ere.

Aldaketa klimatikoaren lekuko zarete Abadian? Leku egokia da horren esplikatzeko?

Bai, esplikatzeko beharra bada. Aldaketa klimatikoa aspalditik aipatzen da, baina batzuek lehen dudan jartzen zuten. Orain, ukaezina da. Aldatzen ari da.

Abadiako eremuko bazterrak gogoz ezagutzen dituzkezu, ikusten duzu aldaketarik?

Ez. Ez da horrela neurtzen ahal. Alderantzizkoa erraten banu, gezurra erranen nuke. Fenomenoa biziki lasterra da, baina ez gizakiaren neurrikoa. Ez da hain errazki hunkitzen. Itsasoaren mailaren igatea biziki txikia da urte batetik bestera, baita hamar urtera ere. Baina hemendik 50 edo 100 urtera ez da hain txikia izanen. Gaurdanik kontuan hartu behar da hori, gero berantegi izanen delako.

Eta horri begira zer egin dezake Abadiako eremuak?

Gutxienez, geriza eremua izan daiteke. Gizakia ez dadin gehiegi itsasbazterrera hurbildu. Itsasbazterrean gizakiak bereganatu ez dituen eremuak izatea hobe da. Jakinez gizakia itsasbazterrera beti eta gehiago hurbildu nahian ari dela mundu osoan. Eta beti berdin egiten duela. Eraikitzen du leku errazenean, ordokian, hondartza eta portuetatik hurbil. Itsasoaren igateak zuzenki hunkiko dituen lekuetan. Horrek gatazkak ekarriko dizkigu.

Jakintza horren partekatzeko aukera ere eman dezake Abadiak?

Hori da xedea. Klima aldaketaz ohartarazteko lanean ari gara. Gainera, urte bukaeran Cop 21a iraganen da Frantzian. Lortuko ote da estatuen politika boluntarista bat? Erronka izugarriak daude, eta nik ez ditut giltzak. Jakinez usu epe motzera ari direla agintariak, eta hor luzera begiratu behar dela.

Hemen, berriz, luzera begiratzen duzue; funtsean, naturak berak jartzen zaituzte luzera begira, ez?

Bai, hasteko, milioika urte dituzten labarrekin ari baikara lanean. Horrek begirada aldarazten du. Eta, gero, kontserbatorioarekin ere epe luzean ari gara lanean. Gauzak ongi egin daitezkeela denbora hartuz pentsatzen dugu. leitmotiv-a hauxe du: itsasbazterra guztientzat, eta betiko.

Gero, Abadiako eremua agian lehen ez zen orain bezain ezaguna, eta, beraz, lasaiago ziren bazterrak; orain, berriz, ezin da non-nahi ibili, hesi gehiago bada. Bizkitartean, badirudi jendeak bazterrak lehen baino gehiago zaintzen dituela berez, ez?

Egia da ibiltarien jarrera aldatu dela nonbait. Baliteke duela 15edo 20 urte baino garbiago izatea orain, oro har. Baina, dena den, oraindik egunero biltzen ditugu hondakinak... Aldiz, Abadiako eremura jende gero eta gehiago heldu dela, hori segur. Ez dugu iragarkirik nehon jartzen, alta. Jendea heldu bada, hobe; eremu publikoa da. Baina ez dugu deus eginen oraindik gehiago jin dadin. Gertatzen da noiztenka egunkarietan agertzen dela lekua. Noiztenka klaseak errezibitzen ditugu ere bai. Eta lekua ederra aurkitu duten haurrak gurasoekin etortzen dira ondotik. Eta gurasoak, gero, lagunekin... Agian nik garaian ezagutu nuen Abadiako eremuan askatasun handiagoa bazen. Baina askatasun hori mugatzera behartuak izan gara. Lehen, zakurrak baimenduak ziren; orain, ez. Lehen, bizikletaz ibiltzen ahal zen; orain, ez. Xendrek ez dute jasaten ahal hainbeste bizikleta.

Jende gehiegiak kalte egiten dio lekuari, baina, aldi berean ezagutu nahian zabiltzate, ezagutaraziz, maitaraziz, babesteko gogoa ere sortzen ahal baita?

Hori da dilema. Gaur egun, Abadiako eremura jendea ez balitz etortzen, fauna aldetik aberatsagoa litzateke. 1984an ikusten nituen txori batzuk ez ditut gehiago ikusten. Jendearengatik. Txoria, gero eta handiago, eta gero eta mesfidatiagoa da gizakiarekiko. Baina, aldi berean, ingurumena babestea lortu nahi badugu, Abadiako eremuari eta halakoei esker ere izanen da. Zergatik babestu behar den ulertarazteko balio du. Zehazki zer den, zer ekartzen duen... Horrelakoez solastatzea errazagoa da solasgunea ederra delarik. Ideia ez baita Abadiako eremua estalkipean atxikitzea. Jendearentzat hetsia eta bakarrik zientzialarientzat irekia. Hautsi-mautsi egokia aurkitu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.