Koronabirusa

Birusak oldartua segitzen du Hego Euskal Herrian: beste 890 kasu

COVID-19a atzemateko 10.000 test inguru egin dituzte igandean; positiboen ehunekoa %8,5 da. Guztira 79 herri daude eremu gorrian

Uxue Rey Gorraiz.
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Larritasuna agerikoa da, beste behin. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, herenegun 10.470 diagnostiko proba egin ziren Hegoaldean gaitza detektatzeko, eta guztira 890 positibo atzeman zituzten horietan. Lurraldez lurralde, Bizkaian 463 kasu zenbatu zituzten; Gipuzkoan, 358; Nafarroan 128 izan ziren, eta Araban, berriz, 102.

Bigarren egunez jarraian, Hego Euskal Herrian atzemandako kasu kopurua mila kasuren langatik behitikoa izan zen, baina aipatzekoa da egun bakarrean egindako test kopuruak izandako apaltzea. Konparatzera, joan den ostiralean 1.100 positibo zenbatu ziren Hego Euskal Herrian; hau da, igandean baino 210 gehiago. Ordea, hartan aski handiagoa izan zen egindako proben zenbatekoa: 15.000tik gora egin ziren.

Bereziki kezkagarria da positiboen ehunekoak hartutako joera. Igandeko zenbaketak oinarri, egindako testen %8,5ek eman zuten positibo. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzeko gehienezko muga.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du beste bost pertsona hil direla COVID-19ak jota herrialdean. Emandako datuen arabera, 81 urteko emakumezko bat eta 71 eta 83 urte arteko lau gizon zendu dira.

Astetik astera, gorriago

Azken asteetan kutsatzeek izandako goraldia dela eta, gero eta luzeagoa da eremu gorrian diren udalerrien zerrenda: 79 dira, iragan astean baino hamalau gehiago, alegia. Neurriak gaurtik dira indarrean, eta astebeteko iraupena izanen dute, gutxienez.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratutako ebazpenaren arabera, 5.000 biztanletik gora dituzten hamar udalerri sartu dira taldean, intzidentzia tasek 400en langa gaindituta: Derio, Ermua, Lekeitio, Mungia, Muskiz, Santurtzi, Andoain, Bergara, Irun eta Usurbil. 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien artean, Beasainek baizik ez du lortu zerrendatik ateratzea. Herrialdeei dagokienez, eremu gorria daude oraindik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Intzidentzia tasa 428 da Araban, eta 458 Bizkaian. Egoera epidemiologikoa aski larriagoa da Gipuzkoan: intzidentzia tasa 715 da.

Joan den apirilaren 6an itxiera perimetrala ezarri zuen Nafarroako Gobernuak Arguedasen (Nafarroa), udalerriko bilakaera epidemiologikoak okerrera egin ondoren. Gaurtik aurrera bertan behera geldituko da neurri hori. Egoera horretan daude oraindik Nafarroan Arbizu, Etxarri Aranatz, Lodosa, Alesbes eta Funes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.