Aldaketak eragindako kaltearen araberakoa

Duela astebete, Nafarroako eskuina zatituta zegoen, baina, orain, erreferente argi bihurtu da. Euren esparruko botoak sakabanatzea eragotzi nahi dute, eta, posizio indartsu baten bidez, PSN estutzeko aprobetxatu.

joxerra senar
Iruñea
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Zirt-zart. Zazpi egunen buruan, Nafarroako politikako ekuazio zailaren aldagaietako bat argitu egin da: eskuineko hiru alderdi nagusiak ez dira zatituta aurkeztuko, bateratuta baizik. Iragan astean UPNk PPrekin eta asteon Ciudadanosekin lortutako akordioari esker, ilusioa berreskuratu dute eskuineko boto emaileek. Mugimendu horrek jokoz kanpo harrapatu ditu gainerako eragileak, eta aurrean duen mehatxuaren tamaina jarri dio ispilu aurrean aldaketari. Hala ere, ispilu horrek beste ondorio bat du. Eskuineko alderdiak desadostasunak eta interesak alboratzeko gai izan badira, horrek aditzera ematen du edozer egiteko gai direla aldaketa ez errepikatzeko eta kosta ahala kosta erakundeak berreskuratzeko. Aldaketak eragindako kaltearen isla ere bada, beraz. Adierazten du zer-nolako mehatxua den aldaketa haientzat.

ZERI ERANTZUTEN DIO AKORDIOAK?

Hilabeteko tarte motzean egingo diren bi hauteskundeen aurrean, eskuin eremuko boto emaileei erreferentzia argi bat ematen die. Boto sakabanaketa eragotzi eta eskaintza bakar baten bidez are indartsuago azaltzeko asmoa du. Adibidez, apirilaren 28ko hauteskundeetan, Espainiako Gorteetarakoan, Nafarroako lehen indarra izatea ia ziurtatua du UPNk, baina, Ciudadanosen baturarekin, hiru diputatu lortzea gertu izan dezake —egungo egoerarekin alderatuta orduko testuingurua diferentea bada ere, 2016an, UPNk, PPk eta Ciudadanosek 126.000 boto lortu zituzten—.

ETA MAIATZAREN 26AN?

Akordioa, batik bat, udal eta foru hauteskundeei begirakoa da. Kanpainara indar bakoitza nola heltzen den garrantzitsua izango da. Hala, apirilaren 28ko hauteskundeak aldaketaren aldeko indarrentzat kaltegarri diren heinean, ematen du eskuina indartsu agertuko dela kanpainaren abiapuntura, eta laukoa ahul. Bigarrenik, 2015eko irakaspena ikasi dutela ematen du: orduko hartan, Nafarroako Parlamentuan sartzeko beharrezkoak diren botoen %3ko langara iristeko 200 botoren faltan geratu zen Ciudadanos, eta eskuinaren 10.000 boto zakarrontzira joan ziren. Hirurak sakabanatuta joanez gero, oker bera berriz egiteko arriskua zuten —PPk eta Voxek arrisku hori zuten—, eta eskuinaren atomizazioaz profitatu zitezkeen berriro arerioak. Orain, arrisku hori suntsitu dute, eta laukoari pasatu diote nolabait erronka: Ezkerra koalizioak arrisku hori berbera du.

VOX SARTUKO AL DA EKUAZIOAN?

Ez dirudi. UPNk baztertu egin du aukera hori, gainera. Printzipioz, akordio honek Voxi min egingo dio. Eskuin muturreko alderdi horrek ez du argitu oraindik Nafarroako foru hauteskundeetara aurkeztuko ote den, baina %3 horretara heltzea ia-ia ezinezko egiten du UPN-Ciudadanos-PP akordio horrek. Espainian lortzen dituen emaitzen arabera, Voxek hiruko horri boto batzuk ken diezazkioke, baina, ziurrenik, oso leuna izango da kaltea.

INPROBISAZIOZ JOKATU DUTE?

Ez, inondik inora ere. Akordioa, berez, UPNren eta Ciudadanosen arteko koalizioa da, eta PPren presentzia akordio horren itzalpean geratu da. Nafarroako Parlamentutik kanpo geratzeko arrisku bizia zuen alderdi popularrak, eta, akordio horri esker, eserlekuak ziurtatu ditu udaletan eta parlamentuan. Iragan astean PPrekin eta atzo Ciudadanosekin hitzarmena sinatzeak eta konglomeratu politiko horri formula bitxia emateak ez du esan nahi halabeharrez jokatu duela UPNk. Aurretik kalkulatutako urratsen ondorio izan dira batasunerako deiak, akordioen lorpen eta izenpetzeak eta ondorengo eszenifikazio guztiak. Gainera, politikan oso estimatua den zerbait lortu dute: ekinaldia hartu eta arerioak baldintzatzea.

ZER AHULGUNE DITU?

Nafarroan presentzia txikia (PP) edo eskasa (Ciudadanos) duten bi alderdirekin hitzartzearen truke, bere markari uko egin dio UPNk.Navarra Suma izango da koalizio horren izena, eta hilabete bat edo bi dituzte euren boto emaileei ezagutarazteko —horietako aski adinekoak izanik, formulak nahasmena eragin dezake—. Eskuineko indar guztia batuta ere, nekez lortuko dute gehiengo osoa. Ikusteko dago euren boto emaileentzat zer eragin duen PPrekin eta Ciudadanosekin batera aurkezteak. Gainera, UPNren proiektu politikoa indar zentralisten unean uneko interesen esku uzten du. Akordio batean Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa errespetatzen dela esatea paper errea izan daiteke baldin eta Riverak edo Casadok etorkizunean haren aurka egiten badute. Epe ertainera, horrek zein eguneroko kudeaketak arrakala handiak eragin ditzake.

ZER HELBURU DITU?

Maiatzaren 27ko biharamunean, aliantzen jokoa hasten denean, PSNri presio handia egingo dio. Aldaketaren aurkako botoa da PSNrena ere, baina, halaber, euren iraganak kontrakoa adierazten badu ere, sozialistek oso zail dute eskuinaren gobernu bat ahalbidetzea. Dena den, PSNk haien alde egin edo ez, sozialistak baldintzatzeko posizioa hartu du eskuinak. Baldin eta edozein gobernu osatzea oso zail egingo lukeen parlamentu bat osatuko balitz, edo PSNk Geroa Bairekin, Ezkerrarekin eta Ahal Dugu-rekin akordioa hitzartuko balu, alternatiba bakar eta indartsu gisa aurkeztuko litzateke. Haien amesgaiztoa laukoak berriz gobernua lortzea da. Oraintxe, zail dirudi, baina martxoaren 13a da, eta ez maiatzaren 26a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.