BATZORDEETAKO KIDEAK

2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
«Piztu da gauzak guztion artean egiteko gogoa: ilusioa sortu da»

Ziortza Basaguren Gamiz-Fikako batzordeko partaidea

Mungialdeko (Bizkaia) lau herri txiki elkarlanean aritu dira Euskaraldia antolatzen, nahiz eta herri bakoitzak osatu bere taldea: Arrieta, Fruiz, Gamiz-Fika eta Meñaka. Gogotsu hartu dute antolaketa, Gamiz-Fikako batzordeko partaide Ziortza Basagurenek azaldu duenez. «Piztu da gauzak guztion artean egiteko gogoa: ilusioa sortu da». Euskaltzaleak elkartzeko bitarteko izan dira lantalde horiek, finean. «Euskalgintzan ibili ez direnak ere erakarri ditu Euskaraldiak». Basagurenen esanetan, herriz herri osatutako hamaikakoak giltzarri izan dira horretarako, jende desberdina biltzeko. Horri eustea, proiektuak elkarrekin egiteko gogori eustea jarri du helburutzat.

Ariketari berari dagokionez, pozik daude emaitzarekin. Izen emateekin ez ezik, inguruan hartu duen pisuarekin. Basagurenen iritziz, abantaila izan da hainbeste udalerritan elkarrekin egin izana Euskaraldia: «Herri txikietan ez da kaleko bizitza handirik izaten, eta gurean askotan Mungiara jotzen dugu erosketetara eta. Herritarrek ikusi dute Mungiara jotzean bertan ere ari zirela parte hartzen».

Euskaraldiak oinarri bat ezarri duela nabarmendu du Basagurenek: herritarrek «hausnarketa» egin duela hizkuntza ohiturei eta euskararen erabilerari buruz.

«Lanean aritu den jendearentzat saria da: emaitza errealak ikusi ditugu»

Manex Agirre Gorbeialdeko Kuadrillako euskara teknikaria

Arabako Gorbeialdean batez ere «bilguneetan» nabaritu da Euskaraldia, Manex Agirre euskara teknikariak dioenez: saltokietan, tabernetan, kiroldegietan, udaletxeetan... Herri txikiak dira gehienak. «Eta horrelako bilguneek garrantzi handia dute. Euskara gehiago entzun da horrelako lekuetan». Indar handiena leku horietan egin dute.

Emaitzarekin pozik sumatu du jendea, gehienek positibotzat jo baitute erronka. «Lanean aritu den jendearentzat saria da: emaitza errealak ikusi ditugu». Lanean aritu den jende bat berria izan da, gainera. «Talde motorretan, bai, aurretik aritutako jendea egon da, baina batzordea osatu denean herri guztietan bi edo hiru lagun izan dira berriak, eta askotarikoak, gainera: adina, euskara gaitasuna...».

Batzordeetan sortutako indar hori goraipatu du Agirrek: «Artikulatzeko balio izan du Euskaraldiak, eta horri eusteko esperantza daukat. Guretzat oso interesgarria da». Datorren astean egingo dituzte balorazio bilerak herriz herri, baina landu nahiko lukeen gai bat jarri du mahai gainean euskara teknikariak: «Aurten amaituko da euskara planen indarraldia, eta berrikuspena batzorde horiekin batera egin nahiko nuke, 11 egun hauetan bizi izandakoei leku printzipala emanez».

«Euskaraz ez ezik, euskarari buruz ere mintzarazi du Euskaraldiak»

Maialen Errekart Garazi aldeko batzordeko partaidea

Euskaraldiaren emaitzarekin «biziki pozik» daude Garazi aldean, Nafarroa Beherean. Ia 400 lagunek eman dute izena —lautik hiruk, ahobizi gisa—, eta hori «kopuru polita» dela nabarmendu du Maialen Errekart batzordeko partaideak. Erabilera bakarrik ez, haragoko indarguneak ere izan ditu 11 eguneko erronkak, haren esanetan: «Euskaraldiak, euskaraz mintzarazteaz gain, euskarari buruz mintzarazi du. Hori da garrantzitsuena».

Rolei dagokienez, batez ere belarriprestekin izandako harremana nabarmendu du Errekartek: «Ahobizien artean gutxi ala asko elkar ezagutzen bagenuen ere, belarriprest gisa parte hartzen zutenekin ohidura berriak sortzeko parada izan da». Txapak soinean eramatearen abantaila: «Elkarrizketa osoa euskaraz egin genezakeela erakusten zuen txapak. Horretan jarraitzea dugu apustua, usaia berri horiek zainduz eta sustatuz. Bizipen ederrak kontatuak zaizkigu».

Antolaketari dagokionez, Errekartek nabarmendu du batzordeetatik harago ahoz ahoko zabalpena giltzarria izan dela. Lanean segitzea da orain erronka: «Aktiboak izan behar gara. Konplexuak eta beldurrak bota behar ditugu, eta txapek lagun gaitzakete horretan. Beharra deno, atxiki ditzagun txapak soinean, isilpeko lagun gisa».

«Egin dugun guztia aurrerapausoa da, nahiz eta agianrolak ez bete erabat»

Alfredo Dufur Lizarrako Garean euskara elkarteko kidea

Lizarran eta inguruan 755 lagunek eman dute izena Euskaraldirako. Euskal Herriko datu orokorrekin alderatuta, diferentzia bat: gazte gehiagok eman dute izena. Bat dator inguruko egoera soziolinguistikoarekin: belaunaldi berrien bidez ari da ezagutza zabaltzen. Euskaraldia akuilu izan da ezagutza hori erabilerarekin lotzeko, Alfredo Dufur Garean euskara elkarteko kideak dioenez. «Badakigu horrekin bakarrik ez dugula Lizarraldea aldatuko, baina erabilerarako lehen hazia jarri dugu». Izatez, horretan ari dira indar egiten azken urteetan: besteak beste, Euskaraldiaren gisako ekintza bat egin zuten iaz. «Kate baten parte da guztia».

Esperientzia positiboak izan dituzte, Dufurren arabera. «Egin dugun guztia aurrerapausoa da, nahiz eta agian rolak ez bete erabat. Lehen urratsa da hau». Azaldu du zenbait jende kritikoa zela Euskaraldiarekin. Hala ere, haiek ere «pozik» geratu dira emaitzarekin, ikusi dutenean jendearen ohiturak aldatu direla. «Aldaketa nabaritu da».

Antolakuntza lanari dagokionez, «betiko jendea» aritu da oinarrian: euskara elkarteko kideak, euskaltegikoak... Baina, tipula baten eran, lortu dute beste jende bat erakartzea ere: «Une jakin baterako laguntza ematean, orduan bai, jende gehiago izan dugu».

«Batzorde berria sortu da; hurrengo pausoak zehaztea dagokigu orain»

Rita Aldabaldetreku Zarauzko batzordeko partaidea

Hizkuntza ohiturak astintzeko premia sumatzen zuten Zarautzen (Gipuzkoa): «Euskararen jakintza eta erabilera datuak kontuan hartuta, erronka nagusia ohitura aldaketarena izan da, gehiengo handi batek baitaki euskaraz». Rita Aldabaldetreku mintzo da, batzordeko partaidea. Soinean txapa eramatea giltzarri izan da gehienentzat ohiturak aldatzeko: «Babesa».

Lortu ote dute? Euskaldun berrien aldaketa nabarmendu du Aldabaldetrekuk: «Babestuta eta animatuta sentitu dira; uste baino gehiago hitz egin dute euskaraz». Erronka handienak lan arloan sumatu dituzte partaideek, «erdaldunen bat zegoen bileretan edo erdal ohiturak oso errotuta zeuden kasuetan». Inertziak gainditzea lortu dute askok, «urte askoan» erdaraz aritutako lekuan euskaraz aritzea. Areago, batzordeko kidearen arabera, herritar batzuek uste dute «motz» geratu dela erronka. «Orain benetako erronka izango da ohitura aldaketa horiei eustea».

Zarautzen ez dago euskara talderik. «Batzorde berria sortu da Euskaraldia antolatzeko. Hurrengo pausoak zehaztea dagokigu orain». Finean, sortutako «ilusioa eta motibazioa» landu nahi dute: «Euskaraldia ez da hemen geratuko». Herritar gehiagorengana iristea jarri dute orain helburutzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.