Markel Olano. Gipuzkoako ahaldun nagusia

«Erabaki eskubidea bazter uzten badugu, geure burua izugarri mugatuko dugu»

Agintaldian eginiko lanarekin pozik dago Markel Olano, 2015ean emandako hitza bete dutelakoan: «Egin beharrekoak egin ditugu». Estatus politiko berriaz esan du EAJ osoa bat datorrela printzipioetan: «Besterik da zein bide ikusten dugun egokiena».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon olano
Donostia
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Agenda bete samar dauka Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak (Beasain, Gipuzkoa, 1965). «Eta aurrerantzean ez da hobea izango», dio. Ostegun goizeko plana: Elkar Ekin gizarteratze planari buruzko ekitaldia, lurraldeko 50 eragile publiko eta pribatuk baino gehiagok bat egin dutela-eta egitasmoarekin. Bazkalostean hartu du BERRIA aldundiaren egoitzan, bozen aurreko zurrunbiloan sartu aurretik, agintaldiari eta aktualitateari begiratzeko.

Zer-nolako agintaldia izan da?

Betea, zentzu positiboan. Anbizio handiko saiakerak egin ditugu, eta helburu gehientsuenak bete. Bi atal nagusi genituen: batetik, hauteskundeei begira herriari emandako hitza; hartutako konpromisoen betetze maila. Agintaldi erdian, azterketa bat egin genuen, eta ordurako oso bideratuta zeuden konpromiso nagusiak. Bestetik, martxan jarri genuen Etorkizuna Eraikiz, tresna nagusi gisa. Beste joko zelai bat zabaldu da, eta bertan jasotzen dira Gipuzkoaren erronka nagusiak, gobernatzeko modu diferente batekin. Bi oinarri jarri dizkiogu: gizarte antolatuarekin elkarlana, eta esperimentazio aktiboa.

Ongi PSE-EErekin?

Beti eduki dugu harreman oso ona. Desberdinak gara; horrek tentsioak eragiten ditu arlo ideologikoan, kudeaketan... Halere, gure arteko harremana mantendu dugu; astero egiten dugu koordinazio bilera, eta harreman etenik ez da egon. Leialtasun giroan kudeatu ditugu desadostasunak.

Azkenaldian asko kritikatu zaituzte PSEkoek. Hauteskunde aurreko logika da?

Hauteskundeak gertu dauden aldiro, bakoitzak bere soslaia finkatzen du. Badu bere logika, baina argi daukat bere mugak dauzkala. Elkarri zor diogun errespetua mantendu dugu, baina halako gehiago etor daitezke.

Oposizioarekin zer moduz?

Harremana ez da okertu; ez da gutxi. Pixkanaka, normaltasun batean sartu gara, betiere harremanen ikuspegitik, ez politikotik. Asko daukagu egiteko; denborak erakutsiko digu. Azken urteetan talkak izan ditugu ezker abertzalearekin, eta horrek digestioa behar du.

Oposizio osoak leporatu dizu aurrekontuetan inoiz baino zuzenketa gutxiago onartu izana.

Agintaldi osoan erakutsi dugu malgutasuna zuzenketak onartzeko. Hiru aurrekontutan onartu ditugu; zergatik ez dugu lortu hauteskundeen atarian? Jendeak bere analisia egin dezake. Oposizioarentzat gauza txikietan ados jartzea ez zen lehentasuna, eta oso zaila da gauza potoloak aurrekontu batean eztabaidatzea gehiengo osoa duzunean eta politika oso zehaztuak dituzunean.

EH Bilduz, 2016an zenioen: «Zubi asko puskatu dituzte. Berreraikitzeak denbora asko eskatuko digu». Harremanak hobetu dira?

Elkarrizketa berreskuratzen ari gara. Oraindik tentsioak dauzkagu, motxilak, baina oso ona da harremanen normalizazioan sartzea, horrek denborarekin eramango gaituelako politikoki dauzkagun desberdintasunak bideratzera.

Erraustegiaren gaiak abertzaleen arteko elkarlana, maiz aipatzen duzuna, oztopa dezake?

Hitza bete dugu. Esan genuen azpiegitura batzuk behar zirela hondakinen arloan dugun hutsunea konpontzeko. Prozesuaren amaieran gaude; uda partean martxan izango ditugu errauste planta eta gainerako azpiegiturak; beraz, egin beharrekoak egin ditugu. Beste gauza bat da hortik aurrera sortzen den egoerak zein aukera zabaltzen dituen ados jartzeko. Oso prozesu korapilatsua eta gatazkatsua izan da; bideratuz joan beharra daukagu. Gizarteak zenbait kapitulu gainditu behar ditu; bestela, beti gabiltza kontu beraren inguruan. Badakit kontrako ikuspegiak daudela; errespetatzen dut, baina guk herritar gehienen babesa jaso genuen konponbide hau eskaintzeko.

Auzitegi Gorenak epaia eman berri du erraustegiaren aurreko proiektua baztertzea legez kanpokoa zela. Pozik?

Poza ez da sentsazioa. Lasai gaude, egindako guztia ongi egin genuelako. Epai horrek baieztatzen du gure kritika: boterearen erabilera desegokia egon zela. Kontu hauek bide politikotik bideratu behar ditugu. Epaitegietara doazenean, politikoki konponbide zaila dute; harremanak gaiztotzen dira, eta arduradun politiko batek epaitegietara jotzen duenean, argudio politiko handirik ez daukalako jotzen du askotan.

Orduan, segituko duzue auzibidean Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen aurka?

[Kontu Auzitegiaren] Epai horretan, bi elementu nagusi zeuden; ardura pertsonala eta proiektuaren gaindimentsioaren inguruko irakurketa. Bigarrenaren guztiz kontra geunden, eta horri jarri genion helegitea. Guretzat inportanteena irakurketa politikoa da, erantzunkizun politikoak onartzea eta ez horrenbeste ikuspegi edo ondorio pertsonalak. Garbi daukat EH Bilduk kudeaketa oso kaltegarria egin zuela, eta ardurak hartu behar dituela gizartearen aurrean; onartu kudeaketa kaskarra egin zuela. Ardura politikoen garaia da, ez pertsonalena.

Beraz, helegite hori?

Halabeharrez jarri behar genuen, zalantzan jartzen zelako guretzat oso garrantzitsua zen gauza bat: aurreko proiektuaren zilegitasuna eta egokitasuna.

Estatus politiko berrirako oinarrietan bat zatozte EAJ eta EH Bildu. Gehiengo nahikoa al du?

Inoiz ez da nahikoa; beti behar duzu zilegitasun eta babes politiko handiagoa. Erabaki eskubidearen garapenean urrats berriak egiteko, gero eta jende gehiago, orduan eta hobeto. Ahalegina egin behar da, malgutasunez eta edukiak mantenduz; zer arrakasta izango duen, ez dago jakiterik.Fase hori bukatzean, erabakiak hartu behar dira. Hor badaude oinarrizko eduki batzuk, eta horiek aurrera ateratzeko zenbat eta jende gehiago, orduan eta hobeto. Baina inork ez du eskubiderik gehiengo horri betoa jartzeko.

Zein eduki dira ukiezinak?

Gure herriak erabaki eskubidearen inguruan aspaldi egin zuen urrats inportante bat, eta horrek erakundetzea behar du. Ordenamendu juridikora eraman behar da; niretzat, hori da Autogobernu Lantaldean onartu zen edukirik inportanteena. Nola gauzatzen den, horra koska nagusia. Eduki hori funtsezkoa da. Bazter uzten badugu, geure burua izugarri mugatuko dugu etorkizunari begira. Hurrengo urteetan mundu osoan herriek izan behar dute euren burua gobernatzeko eta erabakiak hartzeko ahala eta eskubidea.

EAJ osoa dago sintonia berean?

Erabaki eskubidearen ikuspegi hori alderdi osoarena da; aspaldi dugu barneratua. Besterik da hori aurrera ateratzeko zein den bidea, zein ikusten dugun bideragarriena edo egokiena. Ikuspegi diferenteak edukitzea, normalaz gain, beharrezkoa ere bada. Debate hori aberasgarria da, baina printzipioetan bat egiten dugu.

Gipuzkoan, ia herri denetan egin dituzte galdeketak; ia 120.000 lagunek eman dute botoa. Aldundiak egin du gogoetarik?

Aldundian, arduradun bakoitzak berea dauka; nirea, ahaldun nagusi gisa, hau da: halako prozesu zibil, demokratiko eta parte hartzaileak oso egokiak eta eredugarriak direla. Gure herrian besterik ikusi dugu. Eskubide demokratikoak defendatzeko bide zibil eta baketsuak erabiltzeak ez du kritikarako elementurik; txalotzekoa da.

Zer moduz Euskaraldia?

Seguruenez, Euskaraldia da euskarak hamarkadetan izan duen berririk politena. Euskalgintzak behin eta berriro esaten zuen euskarak bidegurutze bat bizi duela eta urrats berriak behar zirela. Euskaraldiak mugimendu bategin du erabileraren alde, eta garrantzitsuena izan da euskara menderatzen ez dutenen parte hartzea bermatzeko mugimendu oso inteligentea izan dela; jende asko prest egon dela hartzaile gisa aritzeko, eta horrek ahobizioi aukera berriak zabaldu dizkigu. Fase berri batean sartuko gaitu; oso inportantea da segida ematea.

Aldundiak zertan hobetu dezake? Prentsa ohar batzuk erdara hutsez jasotzen ditugu…

Nire irizpidea da ele bitan behar dutela komunikazio guztiek. Hori inportantea izanik, are garrantzitsuagoa da etxe osoan euskararen funtzionamendua indartzea. Etxetik kanpo, gure ardura da legami lanean jarraitzea. Euskalgintzak ere eskatzen zuen ez gintezela egon euskalgintza eta erakundeak elkarri bizkar emanda. Hori gainditzen ari gara. Uste dut ekarpen garrantzitsua egin dugula.

Hedabideen diru laguntzetan aldaketa adostu duzue, aldundia tartean zela eginiko prozesu batean. Emaitzarekin pozik?

Emaitzarekin bainoago, prozesuarekin nago pozik. Garai batean, erakundeek hartzen zuten erabakia eta hartzaileek obeditu egin behar zuten, eta uste dut hori aldatu dela Gipuzkoan; diru laguntza hitzarmen horiek sektorearekin elkarlanean lantzen hasi garela. Aldaketa garrantzitsua da, euskalgintzak berak pisu handia eta gogoeta oso landua dauzkalako. Kaltegarria eta antzua litzateke horri bizkarra ematea.

Zer moduz sindikatuekin?

Gipuzkoako eragile guztiekin harremana dugu. Zenbait greba dauzkagu Gipuzkoan; sindikatu bakoitzak bere estrategiak dauzka, eta errespetatzen dut. Harremanak mantenduko ditut, baina baita nire irizpideak ere, eta arduratsu jokatuko dut herritarrek emandako ordezkaritzarekin.

Zer diote EAJren inkestek maiatzaren 26az?

Garbi dago Gipuzkoan bi indar daudela nagusitasuna lortzeko lehian. Oso estu joango da.

Zer moduz kontziliatzen dira politika eta ume txiki bat?

Gizonok beti izan behar dugu piztuta gure arduraren kontu hori. Bestela, kulturaz daukagun jokabidea da kontziliazioa emakumeen esku egotea. Daukadan lanbidearekin, ardura handiarekin eta agenda estuarekin, zaila egiten da, baina saiatzen naiz egunero eta astero nire ekarpen ona egiten haur horri babesa eskaintzeko eta etxeko lanetan parte hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.