Barkos: «UPNk hezkuntza sistema lohitu nahi du»

Nafarroako presidenteak Mendoza kontseilariaren lana defendatu du. UPNk nabarmendu du hezkuntza politika «erabateko porrota» izan dela

Uxue Barkos Nafarroako presidentea, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / ARP.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2017ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Nafarroako Hezkuntza Sistemaren eta D ereduaren aurka tematuta jarraitzen du UPNk, PSNren eta PPren laguntzarekin. Jose Javier Esparza UPNko ordezkariak Nafarroako Gobernuaren hezkuntza politika «erabateko porrota» izan dela nabarmendu zuen atzo. Horren aurrean, Uxue Barkos Nafarroako gobernuburuak Hezkuntza Departamentuaren lana defendatu zuen, eta UPN hezkuntza sistema «lohitzen» ari dela salatu: «Beste behin, hezkuntza sistema erabili nahi dute D ereduaren aurka egiteko».

Aurrematrikulazio kanpaina asteon egin da, eta UPNk abagunea aprobetxatu du Nafarroako Gobernuaren politika ezbaian jarri eta D ereduaren aurka egiteko. Eta ez hori bakarrik, UPNk gobernua berreskuratzen badu eremu ez-euskaldunean D ereduan matrikulatzeko aukera kendu egingo dutela berretsi nahi izan dute alderdi erregionalistako buruek.

Astelehenean euskarazko matrikulazioari buruzko iritzia plazaratu zuen Nafarroako Kontseiluak, UPNk eskatuta. D eredua Nafarroa osoan eskaintzeko jarraitu den bideak «hierarkia normatiboa» hausten duela adierazi zuen. Astebete lehenago, berriz, UPNk eta PSNk bat egin zuten Nafarroako Gobernuari galdetzeko zergatik egiten duen kanpaina D ereduaren alde, gainontzeko hizkuntzak bazter utzita. Horiek guztiak D ereduaren inguruko mesfidantza sortzeko egin dira, Barkosen ustez. Salatu du UPNk ez diola Hezkuntza Departamentuari «ibiltzen hasteko» aukerarik ere eman. Alderdi erregionalistaren jarreratik aldendu da: «Nire gobernuan ados jartzeko lan egiten dugu, eta, arazoak daudenean, konpontzen saiatzen gara, gizartearen interes orokorra defendatuz».

Planaren ardatzak

Bestalde, Nafarroako Gobernuak hezkuntza arloan dituen helburuak eta asmoak ere errepasatu nahi izan ditu Barkosek. 2017an 14,8 milioi euro bideratuko dituzte inbertsio eta azpiegituretara, 2014 eta 2015ean baino bi aldiz gehiago. Unibertsitateei dagokienez, Barkosek azaldu du NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren finantzaketa proiektua ehuntzen ari direla; UPNri eskatu dio Nafarroako Unibertsitatea ez erabiltzeko haren interesen arabera.

Barkosen ustez, PAI sistemaren gaineko azterketa eta hobekuntza egin ondoren, emaitzak «onak dira», eta nabarmendu du aurten sei eskolak eskatu dutela PAI sisteman sartzea. EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak Nafarroako Gobernuari sostengua eman diote, eta dena ongi egin ez den arren akordio programatikoa betetzen ari dela nabarmendu dute. PSNko Maria Txibitek, aldiz, salatu du Nafarroako GobernuaD eredua «kosta ahala kosta» ari dela txertatzen; PPko Ana Beltranek Mendozaren «berehalako» kargugabetzea eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.