Koronabirusa

Positiboek behera egin arren, larri dira ZIUetan

1.452 positibo atzeman dituzte azken orduetan Hego Euskal Herrian, eta bost lagun hil dira. ZIUetan 206 pertsona daude ospitaleratuta

Osasun langile bat Ordizian (Gipuzkoa) eginiko baheketan. GORKA RUBIO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian behera egin du positibo kopuruak, aurreko egunetako datuekin alderatuta: 1.452 kasu atzeman dituzte azken orduetan, osasun sailek eskainitako datuen arabera; aurreko egunean baino 188 gutxiago. Datuak aletuta, Araban, 139 positibo izan dira —lurralde horretan egin du soilik kopuruak gora, bi kasu gehiago erregistratu baitira—; Bizkaian, 572; Gipuzkoan, 527; eta Nafarroan, 209. Gainerako bost kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira. Hala, egindako proben %8,02k eman dute positibo.

Instituzio publikoek, gainera, azken egunetako hildakoen berri ere eman dute. Orotara, bost lagun hil dira Hego Euskal Herrian azken orduetan. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, hiru heriotza izan dira, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere jakinarazi du zahar etxeetan bi egoiliar zendu direla.

Bigarren olatuaren eragina

Positiboen kopurua jaitsi egin da, baina ospitaleetako egoera, oro har, larria da oraindik. Datuak gero eta kezkagarriagoak dira, hala nola ZIU zainketa intentsiboetako unitatean. Gaur-gaurkoz, 206 pertsona daude ospitaleratuta Hegoaldeko ZIUetan. Hau da: izurritearen bigarren olatuan jasotako daturik altuena da. Erietxeetako gela arruntetan, Nafarroan 24 pertsona gehiago ospitaleratu dituzte; beraz, guztira, Nafarroako erietxeetako gela arruntetan 214 gaixo daude. Osakidetzako ospitaleetan, berriz, 87 pertsona gehiago daude ospitaleratuta, baina azken orduetako kopuru orokorra jakitea nekeza da, Eusko Jaurlaritzak asteburuetako datuak ez baititu osorik eskaintzen astelehena iritsi arte.

Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, zahar etxeetako egoeraren berri eman zuen, eta, bi egoiliarren heriotzaren berri emateaz gain, nabarmendu zuen, momentuz, 155 adinekok dutela koronabirusa lurraldeko egoitzetan, eta baita beste 97 langilek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.