Jardunaren amildegia

BERRIA.
Iratxe Aranburu Epelde
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Emakumeek kirola gutxiago egiten dute gizonezkoek baino eskola kirolaren adinean, federatuan eta modu librean. Aktiboak diren emakumeen kirol praktika mugatuago dago (denbora, baldintzak...) gizonezkoena baino. Kirol arrakalarik handiena, halere, 12 eta 18 urtearteko nesken kirol abandonuak eragiten du.

Ikerketa datuei bidezidorra hartuta. esan, kirola izatez, gizarte kapitalista heteropatriarkalaren beste kontrol botere-eragile bat dela, zeinak (ikuspegi kritikorik gabe bere horretan utzita) beste gizarte kontrol mekanismo askok baino hobeto dakien jendartean eragiten. Haurtzarotik sotilki eta aldiro... eta azkenerako zulora ziplo.

Eskola adinean, ikaslea norbere irudia eta identitatea eraikitzen ari denean,maskulinoa gailentzen den galbahearekin neurtzen da haurra heziketa fisikoko saioetan (indarra, potentzia eta abiadura, kasurako). Aldi berean, jolas orduetan eta eskola kiroleko eskaintzan erdigune, barne logika bereko talde lehia-kirolak izango ditu ikasleak. Konfrontazio egoeran, bizipen negatiboak pilatzeko aukera gehiago izanez kooperazioan balira baino. Salbuespenak salbuespen, haurra hankartean duen horren arabera bereiziko da; ahalbiderik ez egotean ikasleak trebezia, erritmo eta interesen arabera taldekatzeko.

Kirol federatuaren adinean eta kirol praktika librean, gizonezkoak eremu publikoan erroturik jarraitzen du tradizioz (beti ikusgarri), eta emakumeak, batez ere, esparru pribatutik egin du kirolerako sarbidea (kiroldegian eta gimnasioen barnean, etxe giroan). Kontrara, emakumearen gorputza publikoa dela uste izan da tradizioz (gizartearena, guztiena, iritzi-gune, umeak sortzeko helburu bakaneko), eta, ondorioz, zaurgarria, babestu beharrekoa, eta kirol astinduekin kontu ibiltzeko iradokiko zaio, oraindik ere, emakume gorputzari. Horregatik guztiagatik, irudi paternalista baten inguruan jirabiraka ibiliko da emakume askoren kirol-bizitzak eta egokituko da horretara umil, fin eta apain.

Hori gutxi ez, eta kirolak (lehia, publiko, instituzionalizatu eta homogenizatzaileak) ez di zirrikiturik uzten beste izateko moduei: maskulinoa-femeninoa bipolartasunetik haratago dauden identitate sexual guztien edo eta ezohiko izaeren garapena kamusten du.

Bada, aurreko guztia eta gehiago murtxikatuz hazi, hezi eta iritsiko da 12-18 urteko nerabea amildegira. Nerabea borroka fisiko, emozional eta sozial betean egongo da. Bereziki, mundu maskulinoa den eta etorkizun-proiekziorik eskaintzen ez dion eskaintza federatura nola eman pausoa, edo segida? Hobe ikasketetan errenditu. Eta gurasoa pasibo, bizimodua horrela delako, jakina.

Zuloa aurrean, eta heldulekurik ez, apenas. Kirolari erreferenteak ere gutxi komunikabideetan. Presentzia mediatikoak (babesleez gain) iritzi publikoaren eta jendearen interesetan eragiten du. Azkenaldian emakumeak ikusgarriago omen; bai, noski, baina bereziki gizonezkoen errepikan eta talde errege kirol lehiatuenetan.

Zer egin? Lehenik eta behin, instituzio publikoetatik (zehar lerroan) lidergoa hartu: diru publikoa, espazio publikoaren okupazioa, araudi/ordenantzak, kirol eskaintzak eta erabakiguneak kritikoki berrikusi eta esku hartu eragile inplikatuekin. Kirol sistema aldarazi behar da, erdibasamortu dena ureztatu, desberdinen arteko aukera berdintasuna da lurzorurik emankorrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.