Euskal Hiritik Euskal Herrira

Arturo Elosegi eta Aitor LarraƱaga
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Azken urteotan Euskal Herriko basogintza krisian dago. Gaitz bat bestearen atzetik, prezioen gainbehera, etorkizuna ilun. Orain, pinuen banda marroia eta kupre oxidoa eztabaidagai ditugu. Gutxiago hitz egin da pinuen ordez landatzen ari diren espezieez. Horietatik batek kezkatzen gaitu bereziki: eukaliptoak.

Gure taldeak 30 urte daramatza giza-jarduerek ibaietan duten eragina aztertzen. Horien artean basogintzari erreparatu izan diogu, oso hedatuta baitago Euskal Herrian. Ikerketa-proiektu ugari izan ditugu, maila lokaletik nazioarteko mailaraino. Mota askotako lanak egin ditugu, errekan bertan zein laborategian. Hogeita hamar artikulu zientifikotik gora idatzi ditugu nazioarteko aldizkarietan eukaliptadiek erreken gainean duten eragina deskribatuz.

Zer dute, bada, eukaliptadiek ibai-ekologo batzuk kezkatzeko? Errekak oso lotuta daude beren arroetara, handik iristen zaien orbela baitute energia-iturri nagusia, handik iristen baitzaizkie kutsatzaileak. Hortaz, arroko landarediak eragin handia izan dezake erreketan.

Gure ikerketek erakutsi dute Euskal Herrian eukaliptadiek nabarmen hondatzen dituztela errekak. Eukaliptoaren orbela kalitate txarrekoa da, toxikoa animalia askorentzat. Eukaliptadiz inguratutako errekek orbel gutxiago eta kalitate okerragokoa jasotzen dute baso naturalez inguratutakoek baino. Honek errekako komunitateak kaltetzen ditu, bai onddoak bai ornogabeak. Eukaliptopeko erreketan ornogabe gutxiago bizi dira, polikiago hazten dira eta lehenago hiltzen dira. Honek ondorioak izan ditzake beste izaki batzurentzat, adibidez ornogabez elikatzen diren arrainentzat. Eukaliptopean ere, apenas aurkitzen den errekaren osasunerako hain garrantzitsua den egur hila. Gainera, eukaliptoz inguratutako erreketan komunitateak nekezago errekuperatzen dira lehorteen ondoren. Komunitateen pobretzearen ondorioz, errekara iristen den orbelaren erabilera jaitsi egiten da, eta kalitate oneko orbela iristen zaionean ere, hura aprobetxatzeko gaitasuna galtzen da. Funtsean, ekosistemaren egitura eta funtzionamendu osoa aldatzen dituzte landaketa hauek.

Gainera, eukaliptadiak matarrasaz mozten dira, alegia, zuhaitz guztiak batera, eta hau oso maiz egiten da, hamabi urtetik behin. Gure ikerketek erakutsi dute matarrasek kalte handia egiten dutela erreketan, haiek lokaztrn eta bertako bizidunentzat baldintzak guztiz okertzen. Gainera, eukaliptoen kasuan, ustiapena gero eta mekanizatuagoa egiten denez, pista-sare oso dentsoak egiten dira, makinak zuhaitz guztietatik ahalik eta hurbilena iristeko. Pista horiek, matarrasekin batera, lurzoruaren galera dakarte, eta erreken lokaztea aragotzen dute.

Gure lanez gain, literatura zientifikoan eukaliptoei lotutako beste gai kezkagarri ugari aurki daitezke. Euskal Herrian bertan ikusi izan da eukaliptoek anfibio eta hegaztien komunitateak pobretzen dituztela. Hemendik kanpo, eukaliptoek beste landare-espezieen hazkundea oztopatzen duten sustantziak askatzen dituztela ikusi da, lurra iragazkaitzagoa egiten dutela, uholde-arriskua areagotuz, eta suteak aiseago hedatzen direla eukaliptadietan beste baso-motetan baino.

Kalte hauek, gainera, berez hobekien kontserbatuta dauden errekak zigortzen dituzte gogorren. Hain zuzen, Euskal Herri atlantikoko erreka handi eta ibai guztiak industria, hiri-hondakin eta kanalizazioen ereginak oso zigortuta ditugunez, geratzen zaigun biodibertsitatea erreka txikietan mantentzen da batez ere. Horiexek dira basogintzak gehien kaltetzen dituen lekuak, orain eukaliptoz estaltzeko arriskuan daudenak.

Baina kalte horiek pinudien kasuan ere ez al dira gertatzen? Pinua ere arrotza da, kalitate txarreko orbela ematen du, eta matarrasaz mozten da. Bai, hala da. Baina 35-40 urtez behin mozten da, ez 12 urtez behin. Zenbat eta tarte handiagoa mozketen artean, orduan eta denbora gehiago erreka bazterretako haltzadiak errekuperatzeko, bertako espezieak agertzeko. Beraz, pinudiek bertako basoaren ustiapenak baino kalte handiagoak sortzen dituzte. Eukaliptadienak, ordea, askoz handiagoak dira.

Noski, beste edozein jardueraren kasuan bezala, basogintza intentsiboaren kalteak eskalarekin lotuta daude. Unada bat eukaliptoz landatzeak eragin txikia du, haran oso bat eukaliptoz estaltzea oso bestelakoa da. Errekei begira, gauza asko egin daitezke basogintzaren eragina murrizteko: ibarbaso naturalak manten daitezke, pista-sareak optimizatu eta basolanak kalterik txikieneko garaietara mugatu. Baina beldur gara gisa honetako neurriak ez direla oso ohikoak gure basoetan, eta eukaliptoaren kasuan neurri horiekin ere eragina nabarmena dela, matarrasen maiztasuna berez espezie honi lotuta baitoa.

Etorkizuneko basogintza maila askotan erabakiko da. Administrazioek dute hori arautzeko eta kontrolatzeko ardura, baina lur-jabeen esku dago arau horien barruan nola jokatu. Jabeen artean denetatik dago: baserritar txikietatik mendiarekin batere loturarik ez duten hiritarretara, enpresa handietatik udalerri handi zein txikietara. Lurrak eman dezakeen diruak ez du garrantzi bera batzuentzat eta besteentzat. Gu ez gara hemen hasiko inori zer egin esaten. Baina uste dugu baso-jabe guztiek beren lurretatik haratago begiratu beharko luketela. Zientziak lortutako ebidentzia erabili beharko luketela beren jarduerak planifikatzerakoan. Ez ditzagun Euskal Herrira ekarri beste leku batzuetan hain irudi negargarriak utzi dizkiguten basogintza-politika okerrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.