Ibilgailu batek bi pertsona hil eta sei larri zauritu ditu Muenster hirian

Atentatuaren hipotesia baztertu egin dute Alemaniako agintariek. Bere burua hil du gidariak

Kazetariak, atzo, erasoa gertatu zen lekutik gertu. SASCHA STEINBACH / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Harrapatze batek alarma gorria piztu zuen, atzo, Alemanian. Ibilgailu bat Muenster hiriko alde zaharrean sartu zen, eta udaberrian eta udan terrazaz beterik egon ohi den oinezkoentzako eremu batean jendea harrapatu zuen. 15:27 ziren. Herbert Raul Ipar Renania-Westfalia landerreko Barne ministroak iluntzean jakinarazi zuenez, bi dira hildakoak, zaurituak «asko», eta oraingoz baztertu egin du atentatuaren hipotesia. «Ez dago, oraingoz, konexio islamista baten berri ematen duen zantzurik». Baieztatu zuen, gainera, ibilgailuaren gidariak bere buruaz beste egin zuela tiro bat jota, eta herritar alemaniar bat zela.

Muensterko Poliziaren arabera, zaurituak hogei dira, eta horietako sei larri daude. Hasieran bi susmagarriren bila aritu ziren agenteak, baina bilaketa segituan utzi zuten bertan behera.

Zenbait lekukok BBC hedabideari adierazi zioten ibilgailua ziztu bizian pasatzen ikusi zutela, eta berehala ondorioztatu zutela furgonetaren gidariak jendea harrapatzeko asmoa zuela. Alemaniako zenbait komunikabidek kaleratutakoaren arabera, 48 urte zituen gidariak, arazo psikologikoak zituen, eta Poliziak bazuen haren berri, bestelako delitu txikiengatik. Hedabide horiek diotenez, bere ingurukoei esana zien modu ikusgarrian, jendea harrapatuz, bere buruaz beste egiteko intentzioa zuela.

Ibilgailuaren barruan pakete susmagarri bat topatu zuen Poliziak, eta hori aztertu zuen, leherkaririk bat ote zuen jakiteko. Erasoaren egilearen etxea miatu zuten agenteek, gainera.

18:00 inguru zirenean, Poliziak adierazi zuen «arriskua» amaitu zela, baina atzo gauean, edizio hau ixteko orduan, erasoa gertatu zen eremuak Poliziak inguratuta jarraitzen zuen.

Alemaniako agintariek elkartasuna adierazi zieten biktimen familiei eta haien ingurukoei, eta Angela Merkel kantzilerrak azpimarratu zuen haien esku dagoen guztia egingo dutela gertatutakoa argitzeko.

Alerta gorria piztu zuen Alemanian gertakariak, EI Estatu Islamikoko kide batek kamioi batekin harrapatuta 11 pertsona hil zituelako 2016ko abenduaren 19an, Berlinen. Alemania ipar-mendebaldean dago Muenster hiria, eta 310.00 biztanle ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.