Realari garaipenak soilik balio dio mamuak uxatu eta helburuari eusteko

Txuri-urdinek Espanyol azken sailkatua hartuko dute etxean. Imanol Alguacilen jokalariek azken hamabost puntuetatik bakarra lortu dute

Jon Ander De la Hoz.
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Realak puntuak hirunaka biltzen hasi behar du, berandu izan aurretik. Txuri-urdinak hutsal aritu dira etenaren osteko bost neurketetan, puntu bakarra eskuratuta, eta irabaztea ezinbestekoa zaie baldin eta trakesten hasitako egoera hobetu eta Europa ligako xedeari eutsi nahi baldin badiote. Txapeldunen Ligako postuetatik urrunduta, txapelketa nagusietan bigarrenari heldu nahian daude orain, Imanol Alguacilek atzoko prentsa agerraldian adierazi zuenez.

Lehen begiratuan, txuri-urdinek aurkari samurra dute gaur: Espanyol. Ligako azken sailkatua da, oso eskas ari da, eta denbora kontua da datorren urtean Bigarren Mailan ariko dela ziurtatzea. Alde horretatik, erraza irudi lezake partidak, baina, berriz ere kale eginez gero, are gehiago gaiztotuko litzateke giroa. Alde horretatik, kataluniarren aurkako neurketa aho biko ezpata da Realarentzat.

Garaipena eskuratu eta Europako lehiari eusteko, azken partidetako itxura hobetu behar dute Imanolen jokalariek, baina oriotarrak balioa eman dio bere taldeak erakutsitako jarrerari: «Taldea hustu egiten da, dena ematen du, baina aurkaria akabatu egin behar da. Taldeari hori falta zaio; konfinamenduaren aurretik hala egiten zuen, eta berreskuratu egin behar dugu».

Imanolen arabera, sarri «detaile txikiengatik» galdu du Realak, eta Getafeko partida jarri du horren adibide: «Egia da aurrekoan bi akats egin genituela eta horren ondorioz punturik gabe etxeratu ginela».

Odegaarden zain

Lehen ere min hartutako jokalari sorta handia zuen Realak, eta azken egunetan beste bat gehitu zaio erizaindegira: Martin Odegaard. Dena den, Alguacilek argi printza bat helarazi du norvegiarraren inguruan, eta zehaztu du sasoia amaitu aurretik jokatzea espero duela: «Lehen ere izan zituen arazoak, eta orain min handiz itzuli da. Partidak aukeratu beharko ditugu, baina oso garrantzitsua da guretzat, eta jokalariak lagundu egin nahi du».

Realeko entrenatzaileak«mezu positibo bat» helarazi nahi izan zien beren zaleei: «Sinistu jokalari hauengan. Bizia ematen ari dira partidak aurrera ateratzeko».

REALA-ESPANYOL

Reala. Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal; Zubeldia, Merino, Zubimendi; Oiartzabal, Portu eta Willian Jose.

Espanyol. Diego Lopez; Javi Lopez, Bernardo, Cabrera, Didac Vila; Darder, Melendo, Marc Roca, Embarba; Calleri eta De Tomas.

Epailea. Sanchez Martinez.

Ordua. 19:30 (Movistar La Liga)

Lekua. Anoeta (39. 500 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.