Sarrerak agortuta?

Fernando Perez
2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Ekitaldi euskaldunetan gizartearen parte-hartzea gero eta handiagoa dela-eta iritzia eskatu zidatenetik, luze aritu naiz horretan pentsatzen. Are gehiago, azterketa antzeko bat egin dut, garai berrien eta inteligentzia kolektiboaren kontua aintzat hartuta.

Nire lagunen sarea ohituta dago iritzia eskatu eta ematera, eta nik kontuan izan dut kolaborazio hau idazteko orduan. «Hobe bakarrik, lagun txarrekin baino» dioen esamoldearekin ados ez banago ere —nire ustez, idealena lagun onak izatea da—, aitortu behar dut gero eta nagi handiagoa ematen didatela gertakizun handiek.

Euskaldunok bide luzea egin dugu aldarrikapen kolektiboen alorrean. Era masiboan biltzen garenean, beti izaten da arrazoi on batengatik. Edonola ere, ez nuke esango kontzertu jendetsu horiek, sarrerak agortu dituzten ekitaldiak edo leporaino beteta egoten diren bertsolari txapelketako finalak masa kontzentrazioak direnik. Nire iritziz, neurri handi batean, eguneroko sukalde lanaren, horien sortzaileen ahaleginaren eta proposamenen kalitatearen ondorio dira.

Gure kasuan, gainera, hizkuntza bat partekatzen duen espiritu kolektiboaren kide izatearen harrotasunaren fruitu ere bada. Gainera, ikuskizun masiboak ez dira fenomeno isolatuak, ez da euskalduntasunaren ezaugarri, ezpada gizartearen kode berrien eta sare sozialen boterearen ondorio. Komunitate birtual, global eta kolektibo honen eraginak kendu egiten digu askatasun indibidual apur bat, aukeratzeko orduan.

Ez zait iruditzen egoera hau fan fenomenoaren ondorioa denik soilik; nire ustez, gehiago erantzuten dio muskulu euskalduna ateratzeko beharrari, komunitatea posizionatzeko forma gisa. Kultur sistema txikia izanda ere, gizarte oro dago bideratuta halabeharrez bere ekitaldi propioak sortzera. Elkartzea behar sozial bat da. Espazio komunak eta esperientzia partekatuak bilatzea, ia beharrezkoa den zerbait. Eta euskaraz egiten badugu, gainera, beste eremu txiki bat irabazi izango dugu, euskal kulturari dimentsio berri bat emateko.

Baina ez dezagun ahaztu txikia ere ederra dela, eta egunerokoa ezinbestekoa. Sarrerak sold out ikustea garrantzitsua da, baina ez soilik emanaldi izugarrietakoak; garrantzitsuagoak dira eguneroko sold out txikiak. Euskal kultura ekitaldi puntualak edo fenomeno handiak baino askoz gehiago da. Gehiago da eskaintzaren eta eskariaren arabera egokitzea, eta formatu artistiko eta kultural guztiak eguneroko bihurtzea.

Ikuspuntu orokorrago batetik, kultura kontsumo hutsa baino estrukturalagoa den zerbaiten moduan ikusi behar dugu. Praktikatik, prozesutik eta esperientziatik heldu behar diogu. Horregatik ezinbestekoa iruditzen zait epe-laburkerian ez erortzea. Oreka bat bilatu behar dugu programazio egonkorraren eta ekitaldi puntualen artean; kultura ezarri behar dugu gertakizun handia eta txikia, tokikoa, desberdin egiten gaituena uztartzea ahalbidetzen digun zerbaiten gisara.

Jar dezagun arreta agente eta espazio txiki guztien arteko ehuna eta identitatea zaintzen, horiek ematen baitigute aukera programazio globalizatutik bereizteko. Ekitaldi handiekin soilik eraikitzen den hiri bat, komunitate bat, izango da leku bat non epe luzera ez diren sortuko proposamenik ez kalitatezko kultur ekonomia ez komunitate artistikoen garapena bultzatzeko.

Beste mila gauza bururatzen zaizkit publiko euskaldunak zenbait ekitaldiri era masiboan erantzuteari dagokionez, besteak beste, erosahalmena, kulturaren «ebentifikazioa», fanen fenomenoa, komunitatearen kide ez izateari beldurra, formatuen globalizazioa, zuzeneko ekitaldien indarra, aisialdia eta negozioa... Nolanahi ere, hori beste egun baterako utziko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.