Hipersexualizazioan galduta

BERRIA.
Izar Arregi
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Sexu harremanak gero eta lehenago izaten dira, eta erlazio horiek izateko tokia eta modua gero eta inpertsonalagoa da. Alde batetik, gorputzaren eraldaketa garaia aurreratzen ari da. Hormona aldaketak desira sexuala eta norbere identitate sexualaren jakin-mina pizten du. Psikologikoki, ordea, nerabea nahastuta dago, ideia irrazional ugariz josita, eta, bere ustetan, ausart dabil probatu nahi duen erlazio sexual libre idealizatu horren bila joateko.

Batik bat nesken artean, gero eta gehiago dira norbera masturbatzen hasi aurretik eta psikologikoki prestatuta egon aurretik koito bidezko harreman sexualak izan dituztenak eta esperientzia horretatik minduta atera direnak. Eta hori gutxi balitz bezala, lotsatu egiten dira ez dutela ondo pasatu esaten. «Baliteke neskak gehiago gustatzea edo bisexuala izatea» pentsatzen dute —eta izan liteke hori ere, baina ez du minarekin lotuta joan behar horrek—. Mutilen artean, berriz, homosexualitatea oraindik asko baztertzen dute, eta norberak bere identitate homosexuala edo bisexuala onartzeko zailtasunak ikusten dira. Mutil eta neskak, zenbat eta gehiagorekin ligatu, orduan eta gehiago balio dutelakoan daude. Erlazio sexualetan ere, badirudi kantitatea dela kalitatearen gainetik dagoena. Informazio hori guztia jasotzen dut egunero gazteekin ikastetxeetan izaten ditudan solasaldietan eta lan saioetan.

Nerabea eta gaztea izatea zaila da. Helduen bizitzan heldua kritikatuz murgildu behar dute. Gurasoekiko indibidualizazio prozesua gauzatzeaz gain, norbere identitatea eta nortasuna finkatu behar dute. Aurkikuntza horretan, itxurak, besteek nitaz uste duten horrek, indar izugarria hartzen du. Nerabearen autokontzeptua eta autoestimua (uste duen horri ematen dion balioa) esparru desberdinetan, behin eta berriz, jokoan daude. Zenbateraino naiz gustagarri? Aurkikuntza horretan, nerabea seduzitzera joango da, baina sexu harreman beharra baino gehiago, zenbaterainoko gustagarri den jakin nahian dabil. Guztiek behar eta nahi bera dute: maitatuak eta onartuak izatea (oinarrizko beharra eta unibertsala da).

Kontuak asko eta azkar aldatu dira azken hamarkadetan. Helduen mundutik iristen diren mezuak aldatu egin dira: mezu «debekatzaile» eta «kontserbadoreetatik», izan ere, autonomian, arduran eta enpatian oinarritutako mezuak ematera pasatu gara. Gazteek duten ulertzeko modua, beti, guk azaldutakoa baino aurreratuagoa izango da. Askatasunean oinarritutako mezua ematea ondo dago, baina elkartasunean, kolaborazioan eta esfortzuan oinarritzen diren mezuekin uztartu behar ditugu. Arauek, mugek, babestu egiten gaituzte. Frustrazioa eramaten ikasteko, honako gai hauek landu behar dira: barne motibazioa, konstantziarako gaitasuna. Eskubideak eta askatasun mailek, ardura eta frustrazio gaitasunarekin bat joan behar dute. Gaitasun hori asko murrizten ari den haurtzaroan sustatzen da. Jada 9-11 urteko sokasalto jolasa, mugikorrek ordezkatzen dute; klubeko entrenamenduak, harrapaketa jolasteko astia lapurtu diete eta eskuetan patinete elektrikoa izanik, egurrezko goitibeherak egiteko irrikarik ez dute. Gaztea, autoz edo helikopteroz Hiru Erregeen Mailara eramango bagenu bezala da. Bista berdinak dira, baina izerdirik gabe igotako gailurrak ez du sentsazio berdina sortzen. Hurrengo nahia, Everest izan daiteke, baina... inguruko mendixkara igotzean, arnasestuka hasi, eta bareak helduko dio. Momentu horretan ohartuko gara zein garrantzitsua den gure seme-alabekin haurtzaro garaian mendixka txikiak igoz benetan mendizaletasuna, bizipoza, sustatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.