Sinaduren kontsumoa azokan

BERRIA.
Ritxi Aizpuru
2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Azokan diskoak eta liburuak sinatzeak kultur industriari, kapitalari, merkataritzari, eta komertzializazioari salduta zaudela esan nahi du? Azken urteotan masifikatu egin da artistek erakusmahaietan duten presentzia, batez ere diskoak saltzen direnetan. Nobedade asko batzen dira Durangoko Azokan, eta hiru talde egon daitezke egunero sinatzen diskoetxe beraren erakusmahaian. Hamar musikari edo gehiago daudenean, espazio txikian mugikortasun arazoak ekar diezazkieke erakusmahaiko arduradunei. Nahiz eta txandak antolatu, taldekide guztiek egon nahi izaten dute han. Masifikazioa ekiditeko, taldekide batzuk barruan eta besteak jendartean kokatzen dira. Horrek beste arazo bat dakar, erakusmahaiaren zati bat okupatzen dutela eta ezgaitu, neurri batean, erakusmahaiaren metroak. Merkantilizazioagatik edo gizabanakoaren duintasunik ezagatik, bada jende multzoa oso kritiko dena artistak ikusita euren lanak sinatzen. Artista batzuentzat, Azokan saltzen dena kulturaz mozorrotutako mozkin komertzialari dagokio, eta, beraz, han sinatzea marketin tresna hutsa da etekin komertzial horren mesedetan, eta, azkenean, Azokan sinadurarekin saltzea debaluatutako lan kulturala izan daitekeela. Edo artista bera bihurtu dela marketin tresna mozkin komertzial ahalik eta handiena ateratzeko artearen (disko, liburu...) salmentari. Horregatik egin dio uko hainbat sortzailek euren lanak sinatzeari Azokan edo edonon? Zer du Azokak hainbat musikarirentzat, eta baita idazleentzat ere, urruntzeko erakusmahaietako sinaduretatik? Musikariak eta idazleak otzandu, saldu, aldatu egiten dira euren diskoa edo liburua sinatzera joaten direnean Durangoko erakusmahaira? Desberdindu behar al dira sinadura otzandua edo engaiamendu politiko edo sozialetik sinatutako lanak? Ba al da sinaduren arteko diferentziarik? Gaur egungo disko edo liburu sinadurak programatuaren promozio eta salmenta kanpaina bezala pentsaturik daude. Ez nuen ikusi inoiz Mikel Laboa Durangoko Azokan diskoak sinatzen. Bakoitzak bere arrazoiak izango ditu sinadurei uko egiteko Azokan. Gaur egun saldutako disko edo liburu kopurua igotzeko edo salmenta krisiari aurre egiteko, tresna garrantzitsua da diskoa sinatzen egotea Azokan. Fans filosofiak gauzatzen du sinaduren proiektuak musikazale subjektuarena baino gehiago? Hamaika aldiz entzun dut Euskal Herriko kultura industria sendoenak egingo lukeela herrialdea gero eta indartsuago atal guztietan, politikoa barne. Industria sendoagoak dakarrena izango da industria aberastuko dela, batez ere. Industria kulturalen erabilera utilitarista zama handiegia da sormen intelektual askea mendekotasun eta morrontzarik gabe bere lana egiteko. Baina dagoeneko sortzaile askok euren enpresak sortu dituzte askatasun hori bermatzeko eta mozkin gehiago ateratzeko sortutako lanei.

Diskoen salmentaren jaitsierarekin industria ez da dagoeneko antzinako jainko monolitiko eta harrapakaria, baina oraindik indarra du. Baina sortzaileak beti konturatu dira Azokan emandako etekinaz, eta askok kontratu bereziak egiten dituzte mozkinak modu horizontalagoan banatzeko, royalty altuagoa eskatzea aleko, alegia. Diskoari hamaika lehiakide digital etorri zaizkio azken hamabost urteetan, eta horrek eragin du diskoen salmentaren deskalabrua. Balio erantsia izan da azken urteetan Durangon musikari kutunek sinatutako diskoa erostea. Baina musikariei telebistek ematen dieten ikusgaitasuna jakin behar dute gainditzen eta eramaten, bestela ospearen eztandaren ondorioak nortasunean eragingo die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.