XXI. mendekoen erronkak

Mikel Zabala Montoya
2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herriko biblioteka publikoen testuinguru apalean —hemen publiko hitza sensu lato erabiltzen da, sarrera librekoa dela adierazteko, liburuzainen esangura murritza alde batera utzita— eredu nagusienetakoa den Koldo Mitxelena berriztapen prozesu sakonean murgilduko dela jakitean, bat-bateko erreakzioa, besterik ezagutu gabe, egonezina da. Gipuzkoako lurraldeko biblioteka nagusienetakoa aldatzea? Zertarako? Eta zergatik?

Donostian azken urteotan izandako baliabide kulturalen sustapena begien bistakoa da: horren adierazpide batzuk San Telmo, Tabakalera edo hari lotutako Ubik ditugu, besteak beste. Haietako batzuk liburutegiak ez dira, baina bai, berriz, memoriaren erakundeak eginkizun bereko multzo heterogeneo bezain osagarria, alegia. Era berean, osagarritasunak ez du zertan bikoiztasunik suposatu behar, eta hor ezin aipatu gabe utzi Donostiako Udal Liburutegi Sarea, aldaketa handiak ere izan berri dituena, bitarteko publikoak mugatuak izanik, eskaintza kulturala anizteak ahalik eta eraginkortasun handienez jokatzera daramalako.

Hortaz, ingurune anitz eta aldakor honetan, Koldo Mitxelenaren izaera birpentsatu beharra zegoen, Gipuzkoan hain garrantzi handia izandako baliabideak dagokion papera betetzen jarrai dezan.

Zein zerbitzu bete behar izango ditu Koldo Mitxelenak aurrerantzean? Lehenik eta behin, bere elkarte hurbilenari zuzendutakoak. Batzuk oinarrizkoak izango dira, aspalditik eskainitakoak, baina bere jatorrizko izaerarekin bat datozenez, ezin inola ere ez baztertu. Beste zerbitzu batzuk, berriz, eremu digitalari lotuta daude. Hemen komunitate globala azaleratzen da, oso bestelako kudeaketa dakarrena. Erabiltzaile batzuk eta besteak sakontasunez ezagutu behar dira, nola baita bibliotekara sekula bertaratzen ez direnak ere, ahalik eta segmentaziorik egokiena burutu ondoren lehentasunak finkatzeko. Salbuespenak salbuespen, oro har, egun zerbitzuak ez dira publiko zabalari zehaztapenik gabe eskaintzen. Multzo aproposak aukeratzea, eta bakoitzaren premia inportanteenak berehalakoak zein epe luzekoak aurreikustea bibliotekaren arrakastaren gakoa da, zalantzarik gabe. Horretarako finkatutako zerbitzuak manten daitezke edo, alderantziz, bide berri eta ezezagunetatik murgildu, beti ere modaren tentaldian hau da, aparteko asmorik gabeko berrikuntzarena erori gabe. Ohikoena biak batera uztartzea da. Batzuetan jokabide honen emaitzak ez dira segidan helduko, presatien ulertezina eragiten. Baina antolaketa hau, batik bat, epe luzeari begira zuzendu behar da, benetako XXI. mendeko liburutegiek zerbitzuak eskaini baino, elkarteak gorpuzten dituztelako.

Bukatu aurretik, ezin ahaztu giza baliabideak. Liburutegiak, beste edozein azpiegitura bezala, bere zereginak aurrera eramateko bitarteko material egokiak ezinbesteko ditu; ildo beretik, bertako langileak gutxieneko lan baldintza duinak izateaz gain (tamalez, gure inguruneko biblioteka guztietan hau ez da oraindik lortu), murgildutako proiektuan inplikatuta egon behar dira. Ez dut honekin esan nahi langilerik ez dagokion ataza kopuruz zein konplexutasunez bete behar duenik, baizik eta egiten duen guztian edo gehienetan sinestu behar duela. Bibliotekako arduradunek zehaztasunez langile guztiei maila guztietakoei zentroaren helburuak azalduz gero, eta baita beraien ekarpenak kontuan hartua ere, hau eskura daiteke. Azken batez, ingurukoei entzuten jakitea erabiltzaileak zein lankideak izanda liburuzainaren eginkizun garrantzitsu eta zailenenetakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.