Hau gurea da

BERRIA.
2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Hauxe da alderdi askotan urteak joan, urteak etorri etengabe errepikatu den esaldia: «Hau gurea da». Afiliatuta ez dagoen pertsona batez hitz egitean, gizarteko beste arlo batean lanean ari denaz aritzean, bere egitekoaz galdetu beharrean, horixe da lehen lerroan jartzen dena: «Bai, bai; baina gurea al da hau?».

Urteetan horrela izan denak erantzun zailagoak ditu egun. Azken urteotan jaitsi egin da alderdiekiko atxikimendu maila, konpromiso zurrunen eta doktrina gogorren maila berean. Gure gizarte postmodernoak (edo hipermodernoak, edo dena delakoak) izan dituen ondorioetako bat dugu hau, eta, millenialen belaunaldiaz geroztik, bereziki ikusgarria da errelebo organikoen zailtasunarekin. Hainbat analisi egin ditugu alderdiek hori nola bizi duten aztertuz: fitxaketa bereziek, logotipoak desagertzeak eta kanpainetako mezuen egokitzeak errealitate horrekin du zerikusia. Baina herritarrek nola bizi dute egoera? Nola bizi dute azkenean boza eman behar dutenek?

Datozen hilabeteetan Euskal Herriko biztanleok bost aldiz izango dugu aukera gure boza emateko. Dagoeneko hasi dira nonahi inkestak publikatzen, eta horiek argi adierazten dituzte Espainiako Kongresuan osa litezkeen gehiengoak, hiriburuetan eta aldundietan gauzatuko ez diren aldaketak, edo Nafarroako eszenatoki irekia. Eta egoera horien aurrean, hasiak gara lehen mezu eta estrategiak ere entzuten. Estatu mailako alderdi tradizionalek, boto utila; EAE mailan gobernuan daudenek, egonkortasuna; Nafarroan, aldaketaren balioa. Nor baino nor gehiago, bereei eutsi eta boto emaile berriak bilatu nahian.

Tradizionalki, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan ikusi izan ditugu boto aldaketa prozesuak, non bozen logikak desberdinagoak izan diren EAEko edo Nafarroako legebiltzarrerako izan direnak baino. Udal mailan ere, hautagaiaren profilaren arabera, alde batera edo bestera mugi zitezkeen bozak. Hala ere, Aztikerrek egindako kultura politikoaren inguruko lanek eta DeustoBarometroan jasotako datuek, besteak beste, erakutsi digute nolabait desagertzen ari dela hiritarrek aukera politiko zehatzekiko duten leialtasuna. Gurea-k izan zezakeen logika desagertzen ari da populazioaren zati garrantzitsu batean; gazteenean, bereziki.

Gauzak horrela, eta hauteskunde deialdiak hain gertu ditugun honetan, gora egin dezake fenomeno horrek, inolako zalantzarik gabe. Eszenatoki ezin hobeak daude horretarako, gainera: Senaturako hauteskundeak (zerrenda irekiak dituztenak), Europako hauteskundeak (barruti bakarrekoak) zein udal hauteskundeak (hautagaiaren izaera azpimarratzekoak). Kanpaina honek agerian jarriko du boto emaileen fideltasuna, eta, batez ere, horiek esperimentatzeko izan dezaketen nahia. Kultura politiko handiagoa duen gizarte batek aukerak modu arrazionalean egitera eraman ditzake boto emaileak. Gezurra dirudien arren, mezuak sinplifikatu direla dirudien honetan, arrazionaltasuna izan daiteke aukera anitzak egiteko ezinbesteko tresna.

Zaila da boto emaile bakoitzakapirilean eta maiatzean egingo duena aurreikustea. Neuromarketinak asko aurreratu badu ere, eta kanpainen norabidean horrek duen eragina oraindik ikusteko daukagun arren, norabideak eta klabeak ikusgarri dauzkagu ikerketa bakoitzean esaten dizkigunetatik. Aurrean dauzkagun bost deialdietan gero eta jende gehiagok bozkatuko ditu aukera desberdinak, gizartearen logikek eta bere posizio propioek hala eraginda. Alderdiek gero eta zailagoa izango dute «hau gurea da» askotan esatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.