Alemaniak, Frantziak eta Portugalek multzo berean jokatuko dute Eurokopan

Europako azken txapelduna eta munduko azken biak elkarren aurka egokitu dira ligaxkako zozketan. Ekainaren 12an hasiko da torneoa

Portugalgo, Alemaniako eta Frantziako hautatzaileak, atzo. ROBERT GHEMENT / EFE.
mikel rodriguez
2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Heldu den ekainean jokatuko dute gizonezkoen futboleko Eurokopa, eta ligaxkako faseko multzoak aukeratzeko zozketa egin zuten atzo, Bukaresten. Multzo guztiak ez daude beteta, lau selekzio sailkatzeke baitaude oraindik, hurrengo martxoan hamasei taldek jokatuko dituzten kanporaketen esperoan. Gainerako hogeien patua banatuta utzi dute, eta zer errana eman du osatu gabe gelditu den multzoetako batek, Europako azken txapeldun den Portugal (2016) eta munduko azken bi txapeldunak—Frantzia (2018) eta Alemania (2014)— elkarren aurka egokitu baitira. Gainerako multzoetan, printzipioz, argiagoa da zeintzuk diren final zortzirenetara igarotzeko faboritoak.

Heldu den urtean 60 urte beteko dira Eurokopa lehenbizikoz jokatu zutenetik, eta, horregatik, UEFAk eredu berezi bat ezarri du, lehiaketa hamabi herrialdetako hamabi hiritan jokatuko baitute, herrialde bakar batean edo bitan jokatu beharrean. Ekainaren 12an hasiko da torneoa, Italiak eta Turkiak Erroman jokatuko duten partidarekin. Uztailaren 12an jokatuko dute finala, Londresko Wembley estadioan. A multzoan daude Italia eta Turkia, eta, hain zuzen, hori da osatuta gelditu direnetako bat. Aurkari izanen dituzte Gales —2016an finalerdietara ailegatu zen— eta Suitza —final-zortzirenetan kanporatua, 2016an—. B multzoa da osatuta gelditu den bertzea; Belgika da faboritoa, printzipioz koska bat beherago baititu Errusia, Danimarka eta Finlandia hasiberria.

Espainiak, ligaxka Bilbon

Multzo bakoitzak herrialde ezberdinetako bi hiri izanen ditu egoitza gisa. Ezarritako irizpidearen arabera, hiri horien estatua ordezkatzen duen selekzioa sailkatuz gero, han jokatuko ditu etxeko partidak. UEFAk 2014an Bilbo egoitzatzat onartu zuenez, Espainiak han jokatuko ditu ligaxkako hiru partidak. Italiak, Danimarkak, Herbehereek, Ingalaterrak eta Alemaniak beren herrialdeetako hirietan jokatuko dute ligaxka. Errusiak, berriz, hirutik bi San Petersburgon jokatuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.