Aho batez: biribila da

'Loreak'filmaren goizeko emanaldiaren irteeran, kontatzen duen istorioa, hori harilkatzen duen gidoia eta aktoreen lana nabarmendu dute ikusi dutenek.

Igor Susaeta.
Donostia
2014ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Jose Luis Padron poeta izan da Loreak pelikularen goizeko proiekziotik ateratzen aurrenetakoa. Eta kartsu mintzo da ikusi berri duenaz. «Ederra da pelikula. Istorioa asko gustatu zait; batez ere, nola harilkatzen duten gidoia pertsonaien bidez, nola eusten zaion tentsioari. Bikaina da». Padroni iruditzen zaio euskarazko ekoizpenak ontzen dituztenen artean badela jende talentuduna. «Horregatik, horrelako gehiago nahi ditugu». Arreta deitu dio detaile batek, gainera. «Ardiaren metaforarekin errealismo magikora hurbiltzen dira. Intentzio moderno horrekin ausardia ere aitortu behar zaie». Josean Bengoetxea aktorearen lana ere goraipatu du: «Negociador eta Los tontos y los estúpidos lanetan ere ikusi dut Zinemaldian, eta liluratuta nauka».

Liluratuta dagoen beste bat Juanmi Gutierrez zinemagilea da ( Ateak zabalduz haren dokumentala Zinemiran eman dute). «Asko-asko gustatu zait». Bai narrazioa, bai interpretazioak eta baita gaiak ere oso landuta daudela iruditzen zaio. Eta gidoiari erreparatu dio: «Nabarmentzekoa da pelikulan nola neurtu duten eman beharreko informazioa. Aurrera egin ahala, gero eta gehiago eskaintzen dizute, eta ikuslearen pertsonaiekiko konpromiso maila areagotzen da». Gutierrezek uste du Euskal Herriko zinemagintzarako albiste ezin hobea dela Loreak-en moduko lanak egitea eta erakustea.

Oti Rodriguez Marchante Abcko zinema kritikariari Loreak-i buruz galdetuta, zera erantzun du segituan: «Zoragarria. Harritu egin nau... Zeinen hunkigarria, sotila eta erromantikoa den hain elementu gutxi erabilita...». Garaño eta Goenagaren lana gutxiesteko inolako asmorik gabe, filma txikia dela dio. «Tira, agian, den-dena leherraraziko duen elementuren bat falta zaio...». Ez du haien aurreko film luzea, 80 egunean (2010), ezagutzen. «Baina orain, zinema aretotik atera berritan, esan didate jada estilo bat finkatu dutela bi zuzendariek harekin eta Loreak-ekin». Rodriguez Marchantek sobera esperientzia dauka zinema jaialdietan, eta ez zaio iruditzen Loreaklanak soilik horietan funtzionatuko duenik. «Ez, ez. Edonork ikus dezake. Oraintxe ditut buruan gustura ikusiko luketen batzuk...».

Emakumeentzat

Estiloaz mintzo da, aldi berean, Joxe Portela Abra Producciones ekoiztetxeko burua (Lasa eta Zabala ekoitzi dute, adibidez): «Film laburretan eta 80 egunean-en erakutsitakoaren jarraipena da». Gustatu zaizkio aktoreen lana, Pascal Gaigneren musika... Eragozpen bat ere jarri dio, ordea: «Beharbada, uneren batean, apur bat geldoa da... Baina hori ere bada haien estiloa». Uste du «emakumezkoentzako» film bat dela batez ere, eta zinema jaialdietan harrera oso ona egingo zaiola. «Ikusteko dago zinema areto komertzialetan eta, are, telebistan gauza bera gertatzen den».

Lan polita da Xabier Mendiguren idazle eta Elkar argitaletxeko editorearentzat: «Drama intimista fin, eder eta delikatua da». Pentsatzen du, gainera, ez duela Rodriguez Marchantek aipatutako leherketa baten beharrik. «Gustatuko litzaiguke urtero euskarazko hamar film edukitzea, eta horien artean bi thriller, bi komedia eta beste edukitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.