Denetarik egon da estreinan

Realak 2-0 irabazi dio Vila-reali lehen partidan, eta Alavesek 1-2 galdu du Madrilen aurka. Athleticek Sporting Huelva hartuko du gaur

Realeko jokalariak lehen gola ospatzen, Jensenek sarturikoa. MANIX DIAZ DE RADA.
Julen Etxeberria.
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Denetarik izan zuen atzo Espainiako Lehen Mailako estreinakoak euskal taldeentzat. Onetik, Realak 2-0 irabazi baitzion Vila-reali. Eta txarretik, Alavesek 1-2 galdu baitzuen Madrilen aurka.

Reala nagusi izan zen, hasi eta buka. Hasi eta gutxira bideratu zuen garaipena, Synne Jensenek seigarren minutuan sartu baitzuen lehen gola. Gehiago izanagatik ere, kosta egin zitzaien txuri-urdinei partida erabakita uztea. 59. minutuan lortu zuten bigarrena; Lara Matak sartu zuen bere atean. Garaipenak indarra emango die asteartean Anoetan jokatuko duten Txapeldunen Ligako partidari begira.

Alaves, ordea, ezinean aritu zen. Mikel Crespo entrenatzaileak berak aitortu zuen Madril nagusi izan zela. Koska bat gorago daude espainiarrak, eta agerian geratu zen. 33. minutuan sartu zuten lehen gola bisitariek, Lucia Pardok, eta 82.ean bigarrena, Florencia Bonsegundok. Carla Morerak sartu zuen etxekoen gola, 92.ean.

Athleticek gaur jokatuko du lehen partida, Lezaman, Sporting Huelvaren aurka (12:00, Dazn). Iraia Iturregik entrenatutako taldeak irabaziz ekin nahi dio lehiari, konfiantza hartzeko. Aurreko denboraldian zazpigarren izan zen talde zuri-gorria, eta, gutxienez, postu hori hobetu nahi du.

Osasuna eta Reala, gaur

Osasunak eta Realak, berriz, gaur jokatuko dute. Etxean ariko dira biak: gorritxoek Getafe hartuko dute Sadarren (14:00, Dazn), eta txuri-urdinek Espanyol Anoetan (18:30, Movistar La Liga).

Osasunak segida eman nahi dio egiten ari den hasiera bikainari: hamabi puntu lortu ditu aurreneko bost jardunaldietan, inoiz baino gehiago. Gaur, itxuraz, aukera ona du uzta gehiago biltzeko: batetik, oso sendo ari da etxean, jokatu dituen hiru partidak irabazi baititu. Bestetik, Getafe eskas ari da: lau puntu bakarrik lortu ditu. Halere, irabazi egin zion Realari azken jardunaldian; beraz, gorritxoak ezin dira deskuidatu.

Hain zuzen, Realak berriz irabazi nahi du ligan. Puntu bakarra lortu du azken bi jardunaldietan: berdinketa Atletico Madrilen aurka. Irabazi egin zuen duela hiru egun, Europa ligan, baina ez zuen ondo jokatu. Biak egin nahi ditu gaur: irabazi, eta itxura ona eman. Lehen garaipena luke ligan etxean. Gainditzeko moduko aurkaria da Espanyol: lau puntu soilik ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.