Beste belaunaldi bat

BERRIAA.
Xabier Arzoz
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako Konstituzioaren lehenengo lorpen ukaezina herriak erreferendumez erdietsitako adostasun zabala izan zen, nahiz eta haren aldeko adostasuna ezberdina izan lurraldez lurralde. Konstituzioa erreferendumez berretsi izana ez da batere ohikoa ez Espainiako ez eta gainerako estatuetako historia konstituzionalean ere: besteak beste, Alemanian herriak ez du Konstituzioa inoiz erreferendumez berretsi. Konstituzioa erreformatzeko garaia noizbait iristen bada, zaila izango da ez bakarrik 1978an izandako adostasuna errepikatzea edo handitzea, baita prozedura barneratzaile, parte-hartzaile eta gogoetatsuagoa diseinatzea eta gauzatzea ere.

Konstituzioaren bigarren lorpen nagusia Espainiako historia garaikidearen arazo garrantzitsu biak arretaz hartzea izan zen: autoritarismoa eta zentralismoa. Batetik, oinarrizko eskubideen eta aniztasun politikoaren balioaren aldarrikapenak Espainiako ohiko autoritarismoa baztertu zuen behin betiko. Bestetik, deszentralizazio politikoa ekarri zuen Konstituzioak, «estatu autonomikoa» delakoa, alegia. Hainbat interpretazio interesdunen kontra, estatu autonomikoak ez ditu estatu federalen gutxieneko ezaugarriak betetzen: esaterako, autonomia-erkidegoek ez dute parte hartzen estatuko legeak sortzeko prozeduran ez eta Konstituzioa erreformatzekoan ere.

Izan ere, deszentralizazioaren atalean aurkitzen dira Konstituzioaren argi-itzal nagusiak. Konstituzioak autogobernu xumea baino ez du ahalbidetu, hots, kalitate eskaseko autonomia. Eta maldan behera abiatzen da halabeharrez: arestiko finantza-krisiak areagotu du autogobernuaren ahultzea, autonomia-erkidegoen aurrekontuak kudeatzera ere hedatu baita estatukogobernuaren esku-hartzea. Egindenean, autonomia-estatutuaren erreformak ezin izan du bilakaera hori ekidin.

Bilakaera horren arrazoiak ugari dira. Baina funtsean honako hau da gakoa: autonomia ez dagoela behar bezala bermatuta Konstituzioaren baitan, ez politikoki ez juridikoki. Dagoen berme bakarra juridikoa da eta Konstituzio Auzitegiak eskaintzen du; baina horrek ez dauka tresna eraginkorrik ez eta estimulurik edo anbiziorik adibidez estatuko eskumen transbertsalen erabilera hedagarria geldiarazteko; gehienez jota, banakako gehiegikeriak zuzen ditzake. Ez du laguntzen, era berean, Auzitegi horretako magistratu guztiak estatuko organoek baino ez hautatzeak.

Konstituzioaren bigarren urritasun iturria autonomia-erkidegoen arteko ezberdintasunak aintzat ez hartzeari dagokio. Zenbaitek aldezten duten federalizazio simetrikoa ez da estatu barruko aniztasunera egokitzen; ez du inoiz ase egingo nortasun sendoa daukaten komunitate batzuen bereizkuntza eta identitaterako grina. Konstituzioaren 2. artikuluak Espainiako nazio-aniztasuna baieztatzen du: nahiz eta ez zehaztu, nazio horiek bazeuzkaten izen eta abizenak. Seinale ausarta izan zen ordukoa, zinez. Hala ere, estatu unitarioa berregituratzeko giltzarria izan zitekeen «nazionalitate» kontzeptua, ondorengo bilakaerak alde batera utzi edo haren balioa hustu zuen. Horretan datza Konstituzioaren promes betegabe bat, oraingo lokatza ekarri duena. Berriro zerotik, edo beheragotik, hasi beharko litzateke, erreformako unea iritsiko balitz. Eta ez dirudi gai honetan adostasuna lortzeko borondate nahikorik egongo denik gutxienez belaunaldi batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.