Roboten psikologoa

2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Digitalizazioak zipriztintzen ditu bizitzako alderdi gehientsuenak, eta, beraz, birdefinitzen du egunerokoa. Gainera, digitala ez da neutroa; estilo propioa du: aldakorra, konektatua eta batzuetan, irekia (gutxitan librea). Erraztatzailea da edo izan daiteke, baina beltz-ilunak ere baditu.

Digitalizazioaren alderdi asko ez dira teknikoak, kulturalak baizik. Digitalizazioaren eraginak kulturalak ere badirelako. Eta hezkuntzak badu rol garrantzitsu bat paradigma horretan. Ez da berria esan dudana, hezkuntzaren eta gizartearen binomioa beti izan dugu eztabaidagai. Baina gizarte digitalak dakarren abiadurak eragin du tartean gaudenon kontzientzia areagotzea eta eman digu parada —ez patxada— ulertzeko gizarte digitalaren jasangarritasunaren eta osasunaren giltza hezkuntza prozesuetan dagoela. Eta horregatik, Baumanen gizarte likidoa baino gizarte porosoa ikusten dut nik.

Teknologiak erabiltzearen ondorioak ateratzeko azkarregi izan daiteke, baina eraginen zantzuak ikusten hasiak gara; gazteengan bereziki. Identitate aurrefabrikatuagoko gazteak ditugula diote; norberaren buruarekin elkarrizketarik ez duen belaunaldia. Badirudi gaur egungo gazteen onlineko identitate offlinekoa baino gehiago garatzen dela; errazagoa dela pertsona baten identitate digitala ezagutzea, offlinekoa baino. Urte batzuk itxaron beharko ditugu erantzuna izateko baina gaur egun, inteligentzia artifizialaren garaian, argiago ikusten da teknologia dela pertsonaren protesia... Teknologiek adierazpen sortzaileetarako aukerak areagotuko zituztela uste nuen nik, baina, konturatu orduko, Interneten ditut ikasleak inspirazioa bilatzen... Eta zer esango dizut pribatutasunaz eta segurtasunaz?

Eta hor eragin behar du, nire ustez, hezkuntzak. Hezkuntzaren gaia izan luke horren atzean dagoen begirada etiko-moralaren inguruko eztabaida sustatzea. Pertsonengan zentratutako digitalizazio batean amesten badugu, arduratik, transparentziatik, inklusiotik, berdintasunetik, jasangarritasunetik eta arnasbideetatik eraikitako proposamenak egin beharko ditugu hezkuntzatik. (Er)aldaketa digitalean ere arnasguneak behar ditugu, detox digitala behar dugu. Eta hezkuntzak emango digu aukera zarata teknologikoa kantu bilakatzeko.

Beraz, hezkuntza komunitateak behar du teknologien erabilera instrumentalaz haratagoko gogoeta. Belgikan hasi dira inteligentzia artifiziala ere hezkuntza erakundeetan erabiltzen; laster hezkuntza barik, educ-AI-tion erabiliko dugu. Badatorrelako hori ere.

Ilobaren agenda hartu dut gaur; bertan irakaslearen ohartxoa zegoen: «Asteazkenerako, gurasoekin grabatutako bideo bat bidali whatsappez logela deskribatuz. Power-point bat bidaliko dizuet emailez zehaztapenak azalduaz». Teknologiaren ilusioa pentsatu dut. 7 urte ditu nire ilobak. Izeba-indagatzaile botoia ON jarri eta galdera-erantzunen artean hasi naiz bere etorkizuna irudikatzen. Dena ondo bidean, 2035ean hasiko da lanean. Izango dituen zazpi lanbideetako bat behintzat imajinatu dut: roboten psikologoa. e-mozio@-k ere kontuan hartu beharko ditugu hezkuntzan. Ilobari gomendatuko diot robetikan (robotika + etika) sakontzea roboten psikologo izateko ametsa izango badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.