HILBERRIA. Yannick Bellon

Kementsua, iraindua, ahantzarazia

BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
«Benetako urdanga bat. (...) Bortxaketaz gozatzen du, ikusleari gozaraziz». Halaxe definitu zuen Jean-Luc Godardek Yannick Bellon, L'Amour violé (Maitasun bortxatua, 1978) filmaren egilea. Bortxatutako emakume baten sufrimendua eta sufrimendu hori gainditzeko kemena azaltzen zituen lanagatik. Bellonek ez zuen berria ikuspegi hori —Godardek ere ez bere matxismoa—: lau urte lehenago estreinatu zuen La femme de Jean filmean (Jeanen emaztea, 1974), senarrak utzi osteko desesperazioa gainditu eta indartsuago, ederrago eta libreago bihurtutako andre bat da protagonista; Donostiako Zilarrezko Maskorra irabazi zuen lan horrekin. L' Amour nu (Maitasun biluzia, 1981) filmean, berriz, bularreko minbizia diagnostikatu dioten ber denboran gizon batekin maitemintzen den emakumearen istorioa kontatu zuen. «Emakumeen errealitateko hainbat alor azaldu izan dut, zeharo arduratzen nauelako emakumeen egoerak», zioen Bellonek.

Zuzendaria Miarritzen (Lapurdi) jaio zen, 1924an. Argazkilaria zuen ama, eta haren bitartez izan zuen lehen harremana surrealismoarekin. 1948an aurkeztu zuen lehen lana, Goémons, eta Veneziako Mostrako dokumental onenaren saria jaso zuen film horrengatik. 1972an aurkeztu zuen lehen film luzea: Quelque part quelqu'un (Norbait nonbait). Feminista zen, eta droga mendekotasuna, borroka sozialak eta ekologia ere landu zituen bere filmetan. Ahanzturan egon da azken urteotan; Euskadiko Filmategiak martxoan iragarri zuen Belloni omenaldia egingo diola urria eta abendua bitartean, haren lan guztiak emanez eta liburua argitaratuz. Igandean hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.