Donostiako Aste Nagusia

Marmitakoaren sekretua

Marmitako lehiaketa egin dute Donostiako Aste Nagusiaren azken egunean. Denera, hemezortzi bikote lehiatu dira. Epaile aritu diren sukaldari ezagunek platera prestatzeko errezetak eta teknikak partekatu dituzte zale eta ikusleekin.

Atzo prestaturiko hemezortzi marmitakoetako bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Honen sekretua sekreturik ez izatean datza». Esaldia ez da entzun Asiako mendietan behe lainoan galdutako tenplu zen batean, baizik eta Donostiako Gipuzkoa plazan. Ez du shaolin maisu batek bota, baizik eta sukaldari afizionatu batek. Hemezortzi bikote aritu ziren atzo Donostiako Aste Nagusiko Marmitako lehiaketan. Bakoitza bere estiloan, eta, batzuk, antza, lehiaren arauen mugetan.

«Batzuek piper gorria bota diote marmitakoari, nahiz eta lehiaketaren oinarriek hori debekatu», salatu du Eli Artolak. Eli Murgiondorekin batera, Armurgi bikotea osatu du, eta goiz osoa pasatu du lanean. Aldameneko Xibaritak bikoteko Txomin Ruiz de Gaunak bere burua defendatu du: «Ez diogu piper gorririk bota. Italiako piper berde bat da, baina gorri kolorekoa; kolorea besterik ez dio ematen marmitakoari».

Tentsioa dago giroan. Parte hartzaileak zain daude: salda egina dute, eta patatak prest —bigun, baina ez bigunegi—. Azkenera arte gorde behar da dena, arraina gehitzeko. Bestela, gehiegi egiteko arriskua dago.

«Pobreen jana zen marmitakoa, baina, orain, pobre janak boladan daude, taloa kasurako», azaldu du Hodei Urdiain hernaniarrak. David Estevezekin batera, Los Bonitos del Norte bikotea osatu du. Ez da piper txorizeroa botatzearen aldekoa, «gustu handia» ematen diolakoan.

Ibarrako (Gipuzkoa) piperrez beterik du mahaia Xepla bikoteak. Alberto Zubelzu eta Karlos Aretxaga ibarratarrek osatzen dute. «Une erabakigarria hegaluzea botatzekoa da», esan du Zubelzuk. Arraina gutxi egin behar da. «Honek gordinik jaten du», esan du Aretxagari begira, eta sukaldekideak ez du ukatu. «Denok berdintsu egiten dugu, eta punturik onena lortzen duenak eramaten du saria; baina ez duzu jakiterik noiz eskatuko dizuten epaileek eramateko».

Ibarratarrak trebatu egin dira lehiaketarako. Itziar Arratibel ere Xepla elkarteko kidea da. «Gu jatera etorri gara». Azaldu duenez, astelehenean egin zieten marmitakoa sukaldariok, eta emakumeek probatu egin zuten. «Soso samar zegoen», esan du, «baina hurrengo egunean hobeto zegoen». Esperientzia handiko bikotea da Xepla. Hainbat sari irabazi dituzte. Aurreko batean bigarren geratu ziren Donostiakoan.

Sukaldari batzuk estrategia maximalista erabili dute marmitako irabazlea egiten saiatzeko. «Hiru errezeta bateratu ditut, tartean Borja Kobeagaren aitarena eta Kristina Ibañez irabazlearena», esan du Leire Apellanizek. Jone Ituarterekin osatu du Ausartzia Ta Alaitasuna bikotea.

Sukaldari ospetsuen bidea

Lehiakideek badakite egiaren ordua heldu dela, hainbat sukaldari ezagun plazan sartzen ikusi dituztelako. Epaimahaia osatu dute, eta, bitartean, eurek marmitakoa nola egiten duten azaldu dute. Marmitako «profesionalak» derrigorrez Bizkaiko saltsa eduki behar duela adierazi du Martin Berasategi sukaldariak. Etxekoak ez duela zertan, gaineratu du. «Piper txorizero dezente bota behar da, eta arrainari odola ondo kendu, gustua ez uzteko». Beste sekretu bat: patatak puska handitan eta txikitan apurtu behar dira: handiak egosten direnerako, txikiak desegin dira, eta saltsa loditu dute. Bere jatetxeetan marmitakoa egitea zortzi orduko prozesua dela adierazi du.

Denboraren kontuarekin bat etorri dira sukaldari gehienak: lehenbizi, oinarria egin behar da, eta, tarte batez, aparte utzi. «Ez dut gustuko egin berria», esan du David de Jorgek. Euskal sukaldaritzan arraina egiteko erabili ohi den pipermin puntua ez ahazteko eskatu du. Sukaldean aritzeko dei egin die plazan bildutakoei: «Askoz gehiago kozinatu behar duzue, laster jarriko baitigute eskela».

Elena Arzakek jatetxean marmitako krema hotza ere egiten duela azaldu du.

Hilario Arbelaitzek kontatu duenez, eurek ez dute marmitakoa Zuberoa jatetxeko menuan, baina eurentzat prestatzen dute, «bezeroak etorri aurretik jateko». Sekretua zertan datzan kontatu du: «Arrainen hezurrekin egiten den salda da garrantzitsuena, horrek ematen diolako gustua».

Unea heldu da. Epaileek eskatu dituzte lehen lapikoak ekartzeko. Altzairuzkoetan prestatu dute marmitakoa bikoteek, baina buztinezkoetan aurkeztu behar dituzte. Zenbaki bana jarri diete lapikoei, epaileek jakin ez dezaten nork egin dituen.

Lehiaketaren ondoren, herritarrei probatzen emango diete bikoteek egindako marmitakoak, eta platertxo bat lortzeko ilara gero eta luzeagoa da.

Hirugarren saria Lezoko (Gipuzkoa) Joakin Artzadunek eta Ignazio Apaolazak lortu dute.

Bigarren saria, berriz, «kolore gorriko piper berde italiarra» erabili duen Xibaritak bikoteak jaso du.

Eta lehen saria, Ibarrako Zubeltzuk eta Aretxagak eskuratu dute. «Aupa Ibarra», oihua entzun da plazan. Xepla elkarteko irabazleak eskuzabalak izan dira, eta euren marmitakoaren sekretua lau haizeetara zabaldu dute Gipuzkoa plazan: «Baztertu piper berde arrunta, eta Ibarrakoa jarri zuen marmitakoari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.