Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Oasia euskal kazetaritzan

2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Ahoztar Zelaieta. Deigarria da EITBn zeinen predikamendu eskasa duen ikerketa kazetaritza praktikatzen duen kazetariak. Oker egon naiteke, baina nago euskal irrati publikoetan sekula ez dela elkarrizketatua izan. Ustelkeria kontuetan euskal oasia mito hutsa dela esanez makina bat artikulu, mezu, liburu eta hitzaldi egin ditu Euskal Herrian, baina nonbait, bereak ez dauka interesik. De Miguel auziaren gainean ere, nekez egongo da hark adina idatzi duenik. Gogoratzea ondo letorkeen oinarrizko printzipioa: inori hitza emateak ez du esanahi arrazoia ematen zaionik.

Goizero, adi! Artea da benetan edozeri buruz iritzia ematea, ahoz eta di-da batean! Trebezia eta ausardia hitzekin, ideiarekin, esaldiarekin, tonuarekin... asmatzea, entzuleak ulertzeko moduan. Sintetizatzea buruan dabilkiena, jakinda ñabardura mordoa eskatzen duela, eta are gehiago gai polemikoa hautatuz gero, esaten duzuna esaten duzula ere lortuko duzula batzuen belarriak goxa araztea eta besteenetan karranka eragitea. Bizi-bizia dago irrati genero hori euskal irratietan. Euskadi Irratian, konparazio batera, Faktoria saioan 07:57ean, Begoña Muruaga, Aingeru Epaltza, Garbiñe Ubeda, Josu Amezaga, Amagoia Gurrutxaga, Maddalen Arzallus, Amatiño, Ana Aizpiri eta Elixabete Garmendiak Sinadura izeneko atala osatzen dute, bizpahiru minututan. Indiferentzia ez beste edozer eragiten badakiten frankotiratzaileak guztiak ere; Azpiri edo Ubedaren azkenek, esate batera, bazterrak eta barruak nahastuko zituztela ez izan zalantzarik.

Manifestuak. Euskalerria Irratiak filigrana dialektiko are arriskutsuagoa eskatzen die kolaboratzaileei: minutu bat inguruko harian aritu behar dute trapezistarena egiten. Egunean zehar sakabanatzen dira guztiak ere, lau txandatan. Juan Kruz Lakastak eta Pello Argiñarenak gidatzen duten Metropoli forala magazinean, Iruñerrian gaur albistegian, eta, Reyes Ilintxetak eta Lohizune Amatriak egiten duten Irrintzi plaza saioan. Luze-luzea da zerrenda: Fermin Erbiti, Josu Bazterretxea, Iker Tubia, Jon Abril, Gurutze Izagirre, Floren Aoiz, Ander Aranguren, Josu Jimenez, Ines Castiella, Gorka Bereziartua... Guztiek ere konpromisoa hartua daukate aldian-aldian eta zintzo-zintzo grabatzeko euren ahotsa. Gainera, transkribatuta datoz irratiaren webean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.