Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Zalaparta ere, euskaraz hobe

2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Politikarientzat jarraibide. Jonan Fernandez ETB1n Egun on, Euskadi-n Iban Garaterekin aritu zen asteazkenean, eta Faktorian Maite Artolarekin ostegunean. Edukiaren eztabaida alde batera utzita, nabarmentzekoa da euskaraz izatea haren adierazpenen jatorrizko bertsioa. Politikariek euskararen normalizazioan benetan sinesten badute, hartu dezaketen konpromiso praktiko horietako bat izan daiteke euskarazko komunikabideak lehenestea, oihartzun edo zalaparta mediatiko politikoa sortuko duten adierazpenak egiteko orduan.

Tarrapata. Urtarrilaren 8ko REko Boulevard-eko solasaldian Ernesto Ekaizerrek Dani Alvarezi errieta egin zion, sarkasmoz: «Dani, egundoko arrakasta eduki duzu. 36ko otsailean gaudela uste duen eskuinaren iskanbilarako gogoa instalatu duzu tertulia honetan». Eta hori, Alvarezek Javier de Andres fitxatu izanagatik. Nik dakidala, tertuliak irabazi egin du Arabako PPko ahaldun nagusiarekin. Euskal herritarra izaki, bertako errealitatea ezagutzeaz gain, dialektika trebea darabilelako eskuineko unionismoa defendatzeko asmoz. Badoakigun asteko tertulietan, egun banatan aritu dira de Andres eta Ekaizer; hala tokatu delako, edo hobe delako oilategi berean ez batzea biak. Akaso Ekaizer gaizki ohituta dator; inguru konplizean eztabaidatzea du gogoko, Espainiako judikaturaren barrunbeetan jantzia egotearen kapitala duela-eta miresmen itsua erakusten dioten giroan.

Autozentsura. Ekaizerren pasadizo horrek, zeharka, beste errealitate bat auzitan jartzera eramaten gaitu, enegarren aldiz. Galdetzera ea zer funtzio betetzen duten Espainiako Estatuan kokatzen diren eta hango logikara makurtzen diren solaskideek (Ekaizer, Carmen del Riego, Antonio Losada) euskal komunikabide publiko batean; are gehiago, berau sortzeko printzipioen arabera bertakoon mundu ikuskera bultzatzeko jaio bazen. Euskal Herrian ez ote dago horien ideologia defendatzeaz gain, bertako errealitatea ezagutuko duenik, de Andresek bezala? Satelite horiek honako tertulia hauetara ekarrita, baldintzatu egiten dute ezbaien gai zerrenda; eta horrela, Euskal Herrikoak bertakoak eta berezkoak diren makina bat gai (euskara, euskal kultura, sindikalismoa, gizarte dinamika eta mugimenduak…) alboratuta geratzen dira, Espainiak markatzen duen gai agendaren mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.