Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Ondas sarien olinpoa

2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
SERen supremazismoa. Hilaren 14an Bartzelonako Liceu antzokian egin zen Onda Sari ekitaldian, garden transmititu zen mezua (barka, errelatoa): SER katean du Espainiako irratigintzak sorburu, Bartzelonan emititzen hasi zenetik 1924an. Aitzindaria da Espainiako irratigintzan, eta, frankismoko parentesia kenduta, bera da erreferentzialtasun nagusia, kalitatearen eta sinesgarritasunaren ikuspegitik. Ikusi besterik ez irratigintzaren sariek nolako podiuma marraztu zuten, grafikoki. Goi-goian, Pepa Bueno, bere ahotsik nagusienetako bat, irratsaiorik onenaren saria eskuetan, «bere sinesgarritasunari esker» izan delako goizeko audientzia liderra. Eta koska bat beherago, Carlos Alsina, Onda Ceron egun batean irratsaio on bat egin izanagatik, eta, Carlos Herrera, audientzien merkatuan Cope bigarren izatera jaso izanagatik. Alsina eta Herrera otzan makurtu ziren umiliazio horretara, kosk eginda kontsolazioko sariaren gozokiari.

Argazkia. Une apoteosikoa lortu nahi izan zuten argazki historikoarekin: hiru sarituak 78ko erregimenak irratian eduki dituen legitimatzailerik leialenekin: Gabilondo eta Del Olmo. Espainia batu eta klasistaren atzoko eta gaurko uhinetako apostoluak, irratien irratiak elkartuta.

Irainak, nork nori. Kazetariak iraintzea kirol globala bihurtu dela salatu zuen Pepa Buenok galan. Paradoxikoki, haren aurretik, Espainiako irratigintzan dagoen mihirik iraintzaileenak jaso zuen saria, goizero Copeko mikroa darabilena gogokoak ez dituen politiko, gizarte erakunde eta pertsonak larrutzeko.

¡Manda cojones!. SERen kezkati dira aspaldi, Katalunian ez dutelako Espainian adinako predikamenturik. Diskurtso katalanistagoaren premiaz ohartarazita daude. Baina sarien galak nekez erakarriko zuen katalanistarik. Tarteka kortesiazko bona nit eta moltes gracies entzun arren, gaztelaniaz garatu zen bi orduko ekitaldi guztia; ingelesa gehiago entzun zen, katalana baino. Carlos Herrerarena izan zen katalanezko interbentzio bakarra, «Marka duk hau (¡Manda cojones!) Sevillako baten ahotik entzun beharra katalana!», purrustada ironikoa bota eta gero. Sikiera abeslari katalanen bat gonbidatzeko detaile zurizalerik ere ez zuten eduki; ikono patriotiko gisa puntuak irabazten ari den Ainhoa Arteta eraman zuten galara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.