KRITIKA Dantza

Primitibismo abstraktua

Agus Perez.
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun

'Kreatur'



Konpainia: Sasha Waltz & Guests. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilak 12.

Oso era pausatuan hasi da Sasha Waltzek Bilboko Arriaga antzokira ekarri duen koreografia, kardilaun itxurako zenbait izaki azaldu direnean. Lasaiak izan dira haien agerpenak, lantegietako burrunba ilun eta urruna lagun, eta argiztapenaren kalitate bikainak hasieratik bertatik harrapatu gaitu, zuria, beltza eta haien arteko grisen gama osoaren lekuko izan garelako.

Sasha Waltzen estiloa Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ezagutu genuen 2007an, Fantasie lanarekin, baina orduko hura hiru pieza laburretako gaualdi baten parte izan zen —beste koreografo biak William Forsythe eta Jiri Kylian izan ziren— eta oraingo honetan Waltzen pieza luze bat dastatzeko parada eduki dugu.

Argien diseinua, jantziak eta soinu-eremua nabarmendu ditut beste ezer baino lehen, Waltzen ezaugarria delako hartu-eman emankorrean ibiltzea dantzaren inguruko sortzaileekin, eta kasu honetan ere aberasgarria izan da elkarlan horren emaitza artistikoa. Hasierako soinu industrial gorretatik perkusio ilun eta geldora igaro da soinua, eta une horietan aretoko bazter askotatik entzun ditugu esangura iluneko esaldi moztuak eta hitz solteak. Dantzariak, bitartean, eboluzio atletiko geldoetan aritzen ziren, haiek guztiak biluzik —haragi koloreko kuleroak eta galtzontziloak baino ez—, eta emakumeetariko bi haurdun agertu dira. Horrek guztiak primitibismo kutsu handia eman dio proposamenari, eta eskertzeko modukoa izan da gorputz gehienak dantzarako ezarriak dauden estereotipoetatik kanpo geratu izana.

Ustezko edertasuna esploratzeko bide horretatik erabakigarria izan da bi xafla zeharrargiren erabilera, haien bidez atzean zegoen gorputza deformatu eta aurrean zegoenarena islatzen zelako, Soundwalk Collectiveren musika misterio giroan murgiltzen gintuelarik. Geroago, techno aleman lehorrak lagundu gaitu hamalau dantzarien kolektiboak segida labur sinkopatuak burutzen zituen bitartean, eta une batetik aurrera argiaren eraginez itxura aldatzen zuten gonak eta, kasuan kasu, bularreko gardenak jantzi dituzte ia denek, gizon beltzak eta gizon zuriaren paradigma betetzen zuenak izan ezik.

Antza denez, koreografoaren asmoa da gizakiari dagozkion hainbat dilemaz gogoetatzea —boterea eta mendekotasuna, norbanakoa eta kolektibitatea, gaizkia eta ongia...— eta alde horretatik esanguratsuak izan dira amildegiaren ertzean egon diren izaki larrituen eszena, egurrezko habearekin eratutako irudiak eta sagarroi beltzaren kontrako borroka mingarria, soinu-bandak Peer Gynt-en akorde eraldatuak subliminalki ekartzen zizkigula, eulitzarren burrunba eta txori txikien txioekin batera.

Ikusleek erabateko isiltasuna gorde dute denbora guztian, Waltzen indar teluriko geldoak erakarrita, eta Serge Gainsbourgen Je t'aime, moi non plus hilezin hura entzun ostean dena amaitu da Hieronymus Boschen Atseginen lorategia-ren itxurako eszena batean, dantzari gehienak plazer fisikoaren metafora betean murgilduta eta haietariko bat xafla zeharrargi hartan era esanguratsuan bilduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.