Sindikalismoa bidegurutzean. Analisia eta erronkak

LANGILEAK EZ DIRA CRISTIANO RONALDO

Gaur aldarrikapen eguna izanagatik, langile mugimenduak ez du bere garairik hoberena. Egungo sistema ekonomikoak eta legedi aldaketek izaera kolektiboa ahuldu dute, eta lan harremanen indibidualizazioa lortzen saiatu. Ingurua zaila bada ere, sindikalismoak egoera iraultzea du erronka.
JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2016ko maiatzak 1
Cristiano Ronaldok aurrez aurre negozia dezake bere hurrengo kontratua Florentino Perez Real Madrileko presidentearekin, eta haren nahiak asebetetzen ez badira, lasai asko alde egin dezake hori ordaintzeko gai izango den beste talde batera. Lan munduan, ordea, «ez dago Cristiano Ronaldorik, ez dago negoziazio ahalmena duen langile norbanakorik. Esan nahi du banan-banan ez goazela inora. Elkartu egin behar dugu eta horri prestigioa eman behar diogu». Xabi Anza ELAko Formakuntza arduradunaren ustez, sindikalismoaren funtsa betikoa da: elkartu eta antolatu.

Krisiak eta lan erreformek gogor kolpatu du lan mundua, eta bete-betean eragin die sindikatuei. Egoera horri aurre egitea du erronka nagusi sindikalismoak. Horregatik, BERRIAk Hego Euskal Herriko lau sindikatu nagusiekin hitz egin du: ELAko Xabi Anza, Raul Villar Nafarroako CCOOko idazkari nagusia, Izaskun Garcia LABen Zeharlerroak ataleko idazkaria, eta Javier Lekunberri Nafarroako UGTko idazkari nagusia.

LANGILE KONTZIENTZIA

Izaera kolektiboa jomugan

Maiatzaren Lehenak duela 130 urte zortzi orduko lan astearen alde Chicagon izandako greba orokorra hartzen du efemeride gisa. Mundu osoan milioika langile aterako dira kalera, baina Euskal Herrian litekeena da batik bat sindikatuetako afiliatuak joatea. Horri buruz galdetuta, Javier Lekunberrik bere bulegoan dagoen Gregorio Anguloren argazkiari erreparatu dio; Nafarroako UGTren lehen buruzagia izan zen eta frankistek 1937an fusilatu zuten, Iberon. Langile kontzientziadunei buruzko liburu bat idatzi zuen: «Gaur egun ere hitz egin daiteke langile kontzientziadunez. Sindikatuetan izena ematen dutenak dira, jabetzen baitira sindikatuen beharraz, eta bere onurez».

Izaskun Garciaren aburuz, Maiatzaren Lehenak sinbologia eta indar berezi bat izaten jarraitzen du, baina onartu du azken hamarkadetan langile kontzientziaren lausotze bat eman dela: «Ez da fenomeno berria. Ondo antolatutako estrategia baten ondorioa da». Bere ustez, sistema kapitalistak aspalditik jomugan izan du langileen indargune nagusia, bere izaera kolektiboa, eta lan munduaren eremu guztietan indibidualizazio prozesu bat bultzatu du: «Langileak mailakatu dituzte eta irudikatu euren arteko interesak kontrajarriak direla».

Hartara, Raul Villaren irudiko, eliteek, «diskurtso mediatikoen bidez», argudioak bilatu dituzte klase arteko gatazka langileriaren artean eman dadin. «Langabeak pribilegiatutzat jotzen du kontratu prekarioa duena, langile prekarioak pribilegiatutzat du langile finkoa, eta hark, berriz, funtzionarioa, blindatze bat baduelako. Zatiketak galarazi egiten du ikustea nor den benetako erruduna, munduan aberastasun gehien biltzen duena». Behinola Bernard Madoff estatubatuarrak esan zuena ekarri du gogora ?«noski badagoela klase arteko borroka, eta nire klasea irabazten ari da»?. Villarrek gaineratu du «klase ertain delako eufemismo horrek ere» lagundu duela langile kontzientzia lausotzen.

Anzaren ustez, klase ertain kontzeptuak «estali egiten du lan munduaren errealitatea». Zalantzan jartzen du, langile klasearen kontzientzia lokartu dela. «Batzuetan galdetzen da zu zer klasekoa zaren eta jende gehienak esango du ertainekoa. Hala ere, pertzepzioa subjektiboa da, euskal langileen %40ek 1.000 eurotik behera irabazten dutelako, eta herritarren erdia soldatapekoa delako». Galdera beste modura formulatuko balitz erantzuna bestelakoa litzatekeela argi du. «Kontzientzia gatazkan eraikitzen da. Guretzat eguneroko esperientzia da. Filosofian akontezimentu deitzen zaio horri. Enpresa batean langileak besterik ez zeuden tokian, zerbait gertatzen da: interes komunen identifikazio bat, gu kolektibo bat».

SINDIKATUEN ZAILTASUNAK

Eraginkortasun krisia

Krisiak eta lan erreformek langile talde guztiei eraso egin diete. Hala ere, sindikatuek zailtasunak dituzte egoera okerrenean diren sektore horiengana iristeko. «Sindikalismoak erronka bat du: lan mundura sartzen diren eta egoera egongaitzenean diren langile berri guzti horiengana iristen ahalegindu behar gara», aipatu du Raul Villarrek.

Bat dator Garcia eta autokritika egin du. «Nire ustez ofentsiba oso bat egituratu da, eta sindikatuok ez dugu jakin horri aurre egiten, eskema zaharkituetan jarraitzen dugu». Bere ustez, betidanik indarra izan duen eremuetan, industrian bereziki, murgilduta jarraitu du sindikalismoak: «Ez da kontuan hartu langileriaren irudi tradizional horretatik at dauden beste sektore asko zelan erakarri». Garciaren ustez, ezin da mezu bakar bat erabili eta borrokarako eskaintza bakar bat egin.

«Ziurrenik akatsak egin ditugu», onartu du Lekunberrik. Bere ustez, orain arte zegoen egoera kolokan jarri denean ohartu dira langile asko sindikalismoaren beharraz. «Lan hitzarmenaren iraupena bukatuta eta beste akordio bat iritsi arte, langileek gutxieneko soldata jasoko dutela ezarri den arte, asko ez dira jabetu zer eskubide zituzten aitortuta eta zenbat kostatzen den horiek berreskuratzea». Horrek zerikusia du Espainiako sistemarekin. «Legeak behartu egiten gaitu negoziatzera, eta negoziazio kolektiboan hitzartzen dena langile guztiei aplikatzen zaie, afiliatuei zein afiliatu ez direnei». Lekunberrik gogoan du behin AEBetako sindikatu bateko buruzagi batek harrituta begiratzen ziola: «Ezin zuen ulertu afiliatu ez zirenen alde ere negoziatzen genuelako. Han afiliatuentzat negoziatzen dute eta sindikatuko kide ez denak bakarrik negoziatzen du giza baliabidekoekin». UGTko buruak uste du azken lan erreforma norabide horretan doala.

Anza 25 urterekin afiliatu zen ELAn, eta urte guztiotan jabetu da zenbateraino ahuldu den sindikatuen eragin eremua: «Orduan, sindikatua izugarri eraginkorra zen. Hitzarmen kolektiboak toki guztietan ezartzen ziren, eta enpresa batek ezartzen ez bazuen, sindikatura deitu eta bide judiziala ireki behar izan gabe, adiskidetzera jo zenezakeen». Anzaren arabera, ahalmen negoziatzaile hori sindikatu guztiek zuten, eta gutxieneko segurtasun bat ematen zuen.

Sindikatuen arabera, legediek egoera hori irauli dute: lehenik lan harreman indibidualak okertu dira, eta azken bi lan erreformek hitzarmen kolektiboa bera kolokan jarri dute. Horrek bete-betean eragiten die sindikatuei. Ekonomia ehunaren portzentaje handi bat enpresa txikiak dira. Sei langiletik beherakoetan ezin dute sartu eta gainerakoetan eragiteko zailtasunak dituzte. Enpresa txiki eta ertain askoren baldintzak sektore arloko hitzarmenek arautu dituzte, baina, Villarren arabera, orain milaka langile babesik gabe geratu dira. «Joera irauli dute enpresa arloko itunak ez duelako zertan sektorekoa hobetu. Neurri horrekin patronalari ez zaio interesatzen hitzarmenok sinatzea», zehaztu du.

Azken lan erreformak negoziazio kolektiboaren sistema hankaz gora jarri du, eta sindikatuei tresna eraginkor bat ahuldu die. «Erreformek sindikatuak izan dituzte jomugan eta euren tresnei eraso egin diete. Gero, erasoa jasan ondoren, eraginkortasuna falta zaigula leporatzen digute», salatu du Garciak.

EREDU SINDIKALAK

Bi ardatz kontrajarri

Dena den, krisiak aukera berriak ireki ditu. Duela hamarkada bat aberastasun banaketaren eztabaida erabat alboratuta zegoen; orain, aldiz, gero eta garrantzia handiago du. «Ikaragarri erraztu du sindikalismoaren debatea. Lan mundutik kapitalera errenta transferentzia sekulakoa ekarri du krisiak, horretarako zeuden mekanismoak eta demokrazia bera suntsitu direlako», azaldu du Anzak.

Hego Euskal Herriko sindikatuen artean bi posizio nagusitzen dira. Izaskun Garciaren aburuz, «patronalak eta erakundeek uzten duten joko zelai mugatuan jokatzeko prest dira CCOO eta UGT; aldiz, sindikatu abertzaleak konfrontazioan oinarritzen den ereduaren alde egiten dute: «Lantokia lehiatzeko eremu bezala ulertzen dute, enpresaburuek ezarritako parametroetatik at».

Lekunberrik euren eredua aldarrikatu du: «Lan munduan edo bizitzan akordioetara heltzeko zenbait kontutan amore eman behar da. Hala ere, ez hitzartzea baino onuragarriagoa da hitzartzea». Era berean, azpimarratu du bi ereduek ardatz desberdinak dituztela: ELA eta LABek lan harremanen euskal esparrua garatzea dute helburu; CCOO eta UGTk, aldiz, «nazioartekoa». «UGTk apustu egiten du egungo lan esparrua hausteko, baina ez hamazazpi esparru sortzeko, Europako esparru bakar bat sortzeko baizik. Europa gai izan da diru bateratu bat sortzeko, baina ez da gai Europa osorako pentsio edo kontratazio sistema bateratu bat ezartzeko».

Villarren ustez, ereduen arteko talka horrek galarazi egiten du ekintza batasunik egotea, «edo gutxienez kohesio handiagoko ikuspegi indartsuago bat izatea».

Anzaren aburuz, ez dago aliantza osatzerik «ez sindikalismoan ez politikan eredu kontrajarriak defenditzen dutenen artean». Gogora ekarri du Nafarroan UGTk eta CCOOk, sindikalismoaz gain, etxebizitzen sustapena, prestakuntza ikastaroak eta beste zerbitzuak eskaini dituztela. «Guk batzuetan euren ereduaz oso modu bortitzean hitz egin dugu. Baditu abantaila ikaragarriak baina baita arriskuak ere. Ez dago inon idatzita zer ereduk irabaziko duen. Beti egongo dira batzuk eta besteak behar dituzten langileak. Hori ere gerta liteke».

BARNE ANTOLAKUNTZA

Errealitatera egokituz

Azken urteetan, ordea, batez ere UGTk zailtasunak izan ditu. Hauteskunde sindikalen emaitzei begira, UGTk Nafarroan oraindik orain lehen sindikatua izaten jarraitzen du, baina sei puntuko beherakada izan du ?%32tik %26ra hamar urtetan? eta Hego Euskal Herri osoan ere jaitsiera handia izan du. Afiliazioan ere kolpea nozitu dute. «Kezkatzen gaitu», aitortu du Lekunberrik. «Krisi egoerarekin eta enpresen itxierekin du zerikusia. Langile askok gastuak murriztu behar dituzte, afiliazio kuota barne».

Kontrako joera ageri du LABek. Ordezkaritza sindikalean %15etik %18ra igo da. Izaskun Garciak hamalau urte daramatza sindikatuan eta LABek izandako eraldaketa gogorarazi du: «Ni sartu nintzenean emakume gutxi ginen, baina sindikatua egokitzen joan da. Lehen hausnarketa bat egin genuen eta ikusi genuen lan munduan bezala, gizonek gizonentzako eraiki zutela sindikatua. Koherenteak izateko eta emakumeon eskubideen alde borrokatzeko, barne mailan aldaketa batzuk egin behar genituela ikusi genuen». Gorakada lan horren emaitza dela uste du.

UGTk zein CCOOk ez dute euren eredua berrikusteko asmorik, baina bata zein bestea Espainian antolakuntza berrikusteko prozesuetan murgilduta daude. Alde batetik, biek tamaina murriztu nahi dute. «Antolakuntza esfortzua egin behar dugu, militantzia gehiago sustatu eta baliabideak modu eraginkorragoan banatzeko», dio Villarrek. «Gu gizartea gara, eta gizarte garatzen ari den moduan garatu behar dugu», gaineratu du.

UGTk federazioak murriztu eta sektore bakoitzak autonomia gehiago izatea bilatuko du. «Asmoa da baliabidea goitik beherantz zuzentzea, atal sindikaletara, eskualdetara, langileengandik gertuen diren tokietara», azaldu du Lekunberrik.

ELA Hegoaldeko lehen sindikatua da, bai ordezkaritzan, bai afiliazioan. «Afiliazioa baliabide eta zerbitzu guztien finantza sostengu nagusia da», aipatu du Anzak. «Afiliazioa da sindikalismoaren ezarpenaren eta indar harremanaren neurgailu bakarra». Era berean, sindikatuetako ordezkarien garrantzia azpimarratu du. Bere garaian Jaurlaritzak egindako inkesta batek ondorioztatu zuen sindikatu batean izen emateko arrazoi nagusia ordezkarien baloreak direla. «Oso bitxia da, eta oso ikuspegi etikoa da. Siglez aparte, pertsona bat fina bada, funtzionatzen du».

ERRONKAK

Asmatzen jakin behar

Etorkizuneko erronkei begira, sindikalismoak ahaztutako sektoreengana iristea du helburu LABek. «Hala ere, ezin duzu egun batetik bestera aldatu sindikatua», dio Garciak. Militantzia guztiarekin etorkizuneko sindikatua berpentsatzeko eta behetik gorako prozesu bati ekin dio LABek. «Oinarri guztiarekin partekatu dugu argazkia: lan mundua aldatu da, eta errealitate horretara egokitu behar dugu».

Anzak ez du uste sindikalismoa azkenekotan dagoela: «Oraindik ez dugu asmatu, baina asmatuz gero aukerak egon badaude». Eguneroko jardunak erakutsi dezake bidea: «Adibidez baditugu enpresak non ingeniariek azpikontratatutako emakume garbitzaileek baino gutxiago kobratzen duten. Zergatik? Garbitzaileak antolatu, borrokatu eta grebak egin dituztelako eta besteek ez. Eta kito».

Lekunberrik ere uste du sindikatuak «oso beharrezkoak» direla. «Historiak erakusten du gure aldarrikapenak eteten direnean, orain egin nahi den bezala, goizago edo beranduago eztanda egingo duela».

Denek azpimarratu dute mobilizazioaren garrantzia. «Mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa da, baina beste aldean hori bideratzen jakin behar duen klase politikoa ere egon behar du», ziurtatu du Garciak. Iritzi berekoa da Anza ere: «Ezkerreko alderdiak prest al daude sindikalismoaren lanari oihartzuna eman eta arlo instituzionalera eramateko?».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna