Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Aukera bakarra zelako

Junquerasentzat, egindako «ezer» ez da delitu. Autodeterminazioa defendatu du, eta esan du galdeketa egin zutela katalanen «zati nabarmen bat» subiranista delako, eta Madrilek hitz egin nahi ez zuelako

Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilari kargugabetua, deklaratzen. EFE.
Igor Susaeta.
Madril
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Kataluniako Generalitateak negoziazio mahai baten bueltan eseri nahi zuen, eta eseri nahi du, Espainiako Gobernuarekin. «Baina pareko aulkia beti dago hutsik», azpimarratu zuen Oriol Junquerasek atzo. Kataluniako buruzagi subiranisten aurkako epaiketan deklaratzen hasi ziren atzo akusatuak, eta Generalitateko presidenteorde kargugabetua izan zen aurrenekoa. Adierazi zuenez, Kataluniako gizartearen «zati nabarmen» bat independentista da, eta ikusita Madrilek ez duela erreferendum bat adosteko asmorik, independentziari buruzko galdeketa batera deitzeko «mekanismo bat» bilatzen hasi zen gehiengo subiranistako Kataluniako Parlamentua, 2015eko hauteskunde autonomikoen ondoren. Autodeterminazio erreferendum batera deitzeko prozesua abiatu zuten indar subiranistek, eta eskubide politiko bat gauzatu ahal izateko bidea ibiltzen hasi ziren. Junquerasek azaldu zuen zergatik: «Nazioarteko hitzarmenetan jasota dagoen printzipio demokratiko bat aplikatzeko modu gisa interpretatzen dugu autodeterminazio eskubidea. Herritarren aldarrikapen bat dagoenean, irtenbide politiko bat eman behar zaio». Horrenbestez, fiskalak egozten dizkion delituak ukatzen ditu, guztiz. «Erreferendum batean bozkatzea, eta Kataluniaren independentziaren alde lan egitea ez da delitua». Herritarrek eskatutakoari erantzuteko, 2015eko hauteskundeetan ERC Esquerra Republicanak eta CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoak haien programetan jasotakoa betetzeko, eta aulkiak «hutsik» jarraitzen zuelako antolatu zuten 2017ko urriaren 1eko erreferenduma. Herritarren nahiari irtenbide bat emateko beste aukerarik ez zietelako eskaini, alegia. «Egin dudan ezer ez da delitu. Ezer ez», errepikatu zuen, behin baino gehiagotan, gogaitu antzean bezala sutsu, deklarazioan zehar. 25 urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskaltzak harentzat.

Ordu eta erdiz erantzun zien Andreu Van den Eynde haren abokatuak egindako galderei. Deklaratzea tokatu zitzaionean, 10:55 inguruan, altxatu zen, jaka tenkatu zuen, irribarre egin zion haren defentsari, parean zuen mahaiaren aurrean jarri zen, eta ur botila batetik ur pixka bat bota zuen edalontzi batean. Ezer baino lehenago, «epaiketa politiko baten» aurrean dagoela nabarmendu zuen. «Hortaz, eta ordezkari hautatua naizenez, ez diet akusazioen galderei erantzungo». Horiei «argumentario behartua» erabiltzea leporatu zien.

Epaiketaren aurreneko bi egunetan ez bezala, atzo gorbata jantzi zuen; presidenteorde zenean ere ez zuen eramaten. Irmotasunez mintzatu zen une oro, etorri handia erakutsiz, eta kutsu politiko erabatekoa eduki zuen haren deklarazioak. «Preso politiko bat naiz». Ikusirik aldi bereko itzulpen zerbitzuaren ordez ondoz ondokoa jartzea deliberatu zuela Gorenak —erabakia justifikatzeko, Europako Hizkuntza Gutxituen Gutunaren txosten bat aipatu zuen Manuel Marchena epaimahaiburuak, katalanez mintzatu beharrean espainolez aritu zen Junqueras. Modu horretan espainiarrengana zuzentzeko «aukera» edukiko zuela zehaztu zuen.

Autodeterminazio eskubideari heldu zion hasieratik. Izan ere, herenegun Fidel Cadena fiskalak defentsei argitu nahi izan zienez, Espainiako Konstituzioan ez da «existitzen» eskubide hori. «Mendebaldeko demokrazia egonkortuetan» egin izan dituzten erreferendumak zerrendatu zituen ERCko buru behin-behinean kartzelatuak: «Askotan egin dira: Suediak Norvegiarekin, Kanadak Quebec-ekin, Erresuma Batuak Eskoziarekin...».

Akusazioek buruzagi subiranistei leporatzen diete U-1ean eta haren aurretik «biolentzia» erabili zutela, edo jarrera hori edukitzera bultzatu zituztela herritarrak. Horregatik egozten diete matxinada delitua. Junquerasek erantzun zuen beti arbuiatu izan duela biolentziaren erabilera. «Hala egin izan dugu beti, eta modu horretan jarraituko dugu. Modu baketsuan ez jokatzeko tentaziorik egon izan ez balitz, guk ez genuen bat egingo, eta parean edukiko gintuzketen». Azpimarratu nahi izan zuen, gainera, «baketsuak eta eredugarriak» izan direla, beti, mugimendu independentistaren mobilizazioak. «Munduko hedabide guztiek diote hori».

2017ko irailaren 20an gertatu zen mobilizazio horietako bat. Ekonomia Kontseilaritzaren eraikinaren parean, poliziak hura miatzen ari zirenean. Fiskalak, hain zuzen ere, orduan ustez emandako gertakari «biolentoen» gainean eraiki du auzipetuei matxinada egozteko kontakizuna. Junqueras ez dago ados, inondik ere. «Baketsua zen jarrera. Ez zen [independentisten aldetik] probokaziorik egon». Haren esanetan, jendetza zegoen kanpoan, baina hori ez zen agenteak kontseilaritzaren egoitzatik ateratzeko oztopo.

U-1ean, bestalde, indarkeria erabili zutenak «herritarrak» izan zirela adierazi zuen, herenegun, Javier Zaragoza fiskalak. Junquerasentzat, «bozkatzea» ez da delitua; «bai, ordea, hori indarkeria erabiliz eragotzi nahi izatea». Espainiako Poliziak «asaldura giro» bat sortu nahi izan zuela azpimarratu zuen. «Hauteslekuak ixteko erabilitako biolentzia ez zen izan bozkatu ahal izatea eragozteko. Baina, beti bezala, inork ez zion asaldura giro horri erantzun».

Diru publikoaz

Junqueras bizi mintzatu zen. Batzuetan tonua altxatu zuen, eta, esaten zuenari esangura handiagoa emateko edo, besoak mugitu zituen tarteka. Horregatik guztiagatik, eta «pasio apur batekin» mintzatzeagatik, barkamena eskatu zion epaimahaiari. «Urte eta erdian ez didate hitz egiten utzi», erantsi zuen, irribarrez. 2017ko azaroaren 2tik dago behin-behineko espetxealdian.

Fiskaltzak egozten dion beste delitua da diru publikoa bidegabe erabili izana. Leporatzen diotena gezurtatu zuen Junquerasek. «Zerga-ordaintzaileentzako ez du kosturik eduki erreferenduma egiteak». Espainiako Gobernuak Generalitateko kontuen kontrola hartu zuenean egin zuten erreferenduma «astero ematen genien kontuen berri», argitu zuen Junquerasek, eta Cristobal Montoro Ogasun ministroak zehaztu zuen Kataluniako Gobernuak ez zuela diru publikorik bideratu galdeketa antolatzeko. Hori gogoan izan zuen, atzo, Generalitateko presidenteorde kartzelatuak. «Ez dut nik esaten, mundu guztiak baizik».

Kataluniako prozesu subiranista Espainiako Estatuak judizializatu zuen PP boterean zegoenean, eta, Junquerasen ustez, PPren beraren maniobra batek eragin zuen katalan independentisten kopurua haztea. Gogoratu zuen Kataluniako Estatutu berria Kataluniako Parlamentuak onartu zuela (2005), eta Espainiako Kongresuak berretsi zuela (2006). Baina PPk helegitea jarri zion Auzitegi Konstituzionalean, eta, lau urte geroago, auzitegiak murrizketak egin zizkion estatutuak jasotakoari. Ebazpen horrek «gizartea umezurtz» utzi zuela nabarmendu zuen Junquerasek, eta «inflexio puntu bat» izan zela. «2010ean hamar independentista ginen parlamentuan; orain, aldiz, 70. Gehiengoa izaten hasi zenean hasi zen independentismoa jazarria izaten». Junquerasentzat, «aulki hutsak, elkarrizketa ukatzeak, eta estatutua errausteak» esplikatzen dute independentismoaren gorakada.

Bere deklarazioa bukatzear zenean, ia 13:00ak zirenean, auziarentzako «irtenbide politiko bat» eskatu zuen, eta zehaztu horrek «multilaterala» izan beharra daukala. Azkeneko urte eta erdian idatzi dituen artikuluetan ideia hori defendatu du. «Horregatik egin genuen elkarrizketarako eta bitartekaritzarako deia».

Fornen aginduak

Joaquim Forn Barne kontseilari kargugabetuaren txanda heldu zen gero. 16 urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskaltzak harentzat. Bestelako defentsa estrategia bat erabili zuen hark, eta fiskalaren zein Estatuaren abokatuaren galderei ere erantzun zien. Junqueras baino urduriago mintzatu zen, eta, irailaren 20ko eta urriaren 1eko gertakarien harira, Cadena fiskalari argi utzi nahi izan zion Mossos d'Esquadrako agenteei inoiz ez ziela «agindu politikorik» eman. «Gauza bat da nire konpromiso politikoa, eta beste bat Barne kontseilari gisa egindakoa». Rosa Maria Seoane Estatuaren abokatuari esan zion mossoetako komisarioek beraiek berresten dutela bertsio hori. Fornek azpimarratu nahi izan zuen, bestetik, 2017ko udan bihurtu zela Generalitateko kide. Urriaren 30ean Bruselara erbesteratu zen, baina itzuli zen segituan, eta azaroaren 2an Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen. Ordutik dago kartzelan. «Ziur nago ez dudala inongo deliturik egin».

Xavier Melero haren abokatuaren galderei erantzutean, garrantzia kendu nahi izan zion urriaren 27ko aldebakarreko independentzia aldarrikapenari. Zehaztu zuen ez zela egon errepublika gauzatu ahal izateko «ebazpenik» edo «ekintza administratiborik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.