Katalunia Fiskaltzaren kereilaren zain

Kopeta zimurtu edo segi

A-9tik zalantzaz josi da Kataluniako mugimendu independentista, eta nekeza dirudi zerrenda bakarra eratzea.Masen bide orria, asteartean

Artur Mas, pentsakor, Generalitatearen asteroko bileran, herenegun. A. ESTEVEZ / EFE.
Oihan Vitoria.
2014ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Azaroaren 9tik astebete eskasera, bistakoak dira prozesu parte hartzailearen ondorioak Katalunian. Jende saldoaren oihartzuna apaldu, arrakastaren zintzarria isildu eta biharamuneko ajea pasatuta, indar politiko subiranistek parez pare daukate errealitate gordina. Euforia eta kezka nahasian, esku hartzeko ordua iritsi zaie, erabaki zailenak hartzekoa. Eta adostasunik ez da, oraingoz. Kataluniako presidente Artur Masek erabakitzeko eskubidearen aldeko alderdiekin bilera sorta bukatu ostean, ikusteko dago prozesuak hartuko duen noranzkoa. Arriskua dago desadostasunek blokea suntsitzeko, mugimendu independentista ere dudaz josita dagoelako. Masek asteartean emango du «prozesu politikoa» amaitzeko bide orriaren berri, eta orduantxe argituko ditu piztu diren zalantza guztiak.

Gaur-gaurkoz, lau dira aukera nagusiak: CiUk nahi duen bezala, bozak aurreratzea eta independentziaren aldeko zerrenda bakarra osatzea; prozesu konstituziogile bat eratzea, eta, hortaz, independentzia aldarrikatzea, ERCk nahi duen bezala; nor bere bidetik aurkeztea; edo adostutako erreferendum bat egitea. Azken aukera erabat alboratua du Generalitateak. Gutun bidez egin dio negoziatzeko eskaria Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari, baina ezetza jaso du. Balorazio ezkorra egin du Francesc Homs eledunak: «Rajoyren itxikeriak ez du mugarik. Haren erantzunak ez du ez berritasunik ez eta proposamenik ere. Betiko jarreran iltzatuta jarraitzen du Madrilek».

Erreferenduma baztertuta, A-9tik indarra hartuz joan da plebiszitu izaerako bozak egiteko parada. Oraindik, alabaina, argitu gabe dago aukera hori, zerrenda bakarra eratzeko adostasunik ez eta. Masek hilabeteko epea eman dio bere buruari hauteskunde plebiszitarioetara deitzeko. Bada, ostera, promesa hori «ezbaian» jartzen duenik; CUPek, kasurako.

Aurrera jotzeko sintonia on bila bildu ziren iragan astean Mas eta Junqueras, baina handiegia da inkesten itzala, A-9koa baino esanguratsuagoa, behinik behin. Azken inkestek ERC jotzen dute garaile, eta ikusteko dago bozetako portzentajeei uko egiteko prest diren, burujabetza prozesuan dagokien rola hartzearen truke, bakoitzak bereari eutsi beharrean.

Batasunak, ordea, urrun dirudi egun, eta, korapiloa askatzeko, «ezkerreko zerrenda eraldatzaile bakarraren» alde egin du CUPek. Masek «hiru hautagai independente» aurkeztea proposatuko duela dio David Fernandez bozeramaileak: «Horietako bat presidentearena, beste bat ERCrena, eta beste bat gurea, nazio ereduan bat etorririk». Onuragarria izan daitekeela uste du Fernandezek, gogora ekarriz independentzia dela xede. Haren iritzian, bozak aurreratzeaz mintzatuko da Mas.

ANC: bide orria eztabaidagai

ANC Biltzar Nazional Katalana, berriz, hasia da dagoeneko balizko boz plebiszitarioen inguruko barne eztabaidan. Lekuan lekuko bilkura sortak egin ditu egunotan bazkideek berek erabaki dezaten hartu beharreko jarrera. Azaroaren 9ko prozesu parte hartzailearen ondoren, iritzi «irmoa» izan du ANCk, Carme Forcadell presidentearen adierazpenak kontuan hartuta, behintzat: hauteskunde eta zerrenda bakarraren alde egin du hasieratik. Orain, ordea, bide orria egokitzeko prest da ANC, eta lau galdera ipini ditu mahai gainean bazkideen esku: «Zer ikasi dugu Ara és l'hora kanpainaz eta A-9ko emaitzez? Ezinbestekoa da bozetarako aukera bakar gisa zerrenda bateratuaren proposamenari eustea? Adostasuna posible ez bada, programan independentzia aldarrikatzea hitzeman duten indar politikoak babestu beharko lituzke ANCk? Zer-nolakoa inplikazioa eduki beharko luke balizko hauteskundeen prozesuan?».

Galdera konkretu horiei zehatz erantzuteko eta egon litekeen zalantza oro uxatzeko denbora hartuko du ANCk. Hartara, hilaren 29an, larunbatarekin, jakinaraziko du hitzartutako jarrera, Masen bide orriaren berri izan eta lau egunera. ANCk iragarri du erabakia «behin betikoa» izango dela.

Egun horretan, zehazki, Rajoyk PPren ekitaldi batean parte hartuko du Bartzelonan, Kataluniako egoeraz duen jarrera «hobeto» azaltzeko. Generalitatearen Jauregian biltzeko eskaria egina dio Masen gobernuak. Edonola, ez dirudi Rajoyk gonbita onartuko duenik; PPCk iradoki du jada ez dela joango, argudiatuz ez direla moduak eta eskaerak ez duela «ez hanka, ez buru». Bestetik, alderdi barruko asteotako iritzi talkak eta kontraesanak saihesteko, PPk aferaz hartzen dituen erabaki denak haren eskutik pasa eta oniritzia jasotzea galdegin du PPCko presidente Alicia Sanchez Camachok. Lortu du saria: aurrerantzean PPCk koordinatuko ditu prozesuarekin loturiko egitasmoak.

Garai zailena du aurretik Kataluniak; baita zirrara gehien eragin dezakeena ere. Alderdiei eta herri mugimenduei dagokie orain independentismoaren eltzea sutan mantentzea eta karrikak bete dituzten masak «aktibo» segitzea, prozesua ezerezean gera ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.