Koronabirusa

Nahieran ezin da mugitu

COVID-19 eritasuna ez hedatzea lortu nahi duten neurriak gero eta zorrotzagoak dira; ororen gainetik lortu nahi dute jendea kalean ez ibiltzea behar-beharrezkoa ez bada, eta etxean egotea.

arantxa iraola
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Parisek eta Madrilek neurriak zorroztu dituzte COVID-19 eritasuna eragiten duen birusaren aurka egiteko. Aldaketa ugari ekarri nahi dituzte. Hona hainbat jakingarri:

Mugikortasuna mugatuta al dago?

Bai, Hego Euskal Herrian, bai. Espainiako Gobernuak atzo onartutako dekretuaren arabera, jendearen mugikortasuna mugatuta dago atzotik. Ororen gainetik, jendea etxean geratzera bultzatu nahi da. Espainiako Gobernuaren agindua da, eta, beraz, bete beharrekoa. Eusko Jaurlaritzako buruzagiek atzo azaldu zuten ezzutela beharrezko ikusten oraindik neurri hori. Betiere, hori bai, pertsonen artean metro eta erdiko distantzia errespetatu behar dela gogoratu zuten. Espainian onartu duten dekretua oinarri hartuta, errepideetan egiten diren mugimenduak ere mugatzeko era izango da orain, eta aldi oro agintariek ezarriak dituzten irizpideak bete beharko dira beti.

Noiz atera ahal izango da etxetik?

Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartutako dekretuaren arabera, «larrialdietarako eta lanera joateko» atera ahal izango da, oro har, kalera: «Aisialdirako, ez». Dokumentuak zehazten ditu zazpi egoera zehatz kalean ibiltzea baimenduko dutenak. Bat: janaria, botika edo beharrezko bestelako lehengaiak erostea. Bi: osasun zentroren bat bisitatu beharra. Hiru: lanera joatea. Lau: ohiko bizilekura itzultzea. Bost: mendekoak zaindu behar izatea. Sei: finantza erakundeetara joatea. Zazpi: beharrezko egoera batean egotea. Zortzi: aurrekoen antzekoa izan daitekeen beste egoera arrazoituren bat. Polizia indarrek «baimena» izango dute, neurri horiek betetzen direla bermatze aldera, egokiak diren «egiaztatzeak» egiteko.

Garraio publikoetan zer neurri hartuko dira?

Murriztera egingo da. Espainiako Gobernuak onartu dituen jarraibideen arabera, %40-%60 urrituko dituzte zerbitzuak, eskaria aintzat hartuta, betiere, eta jendeak lanera iritsi ahal izango dela bermatuta. Espainiako Gobernuak jarri duen irizpideetako bat da, eta Euskadiko Garraioaren Agintaritzak ere horixe onetsi zuen atzo. Bidaiarien segurtasuna bermatze aldera, tokien herenak bakarrik erabili ahal izango dira.

Gurtza tokietan zein arau bete behar dira?

Gainerako eremuetan bete beharko den baldintza bete beharko da gurtza tokietan ere: jende multzoak saihestera egin beharko da beti. Toki horietako jarduna bertan behera utzi behar dela zehaztu zuen atzo Jaurlaritzak onartu zuen aginduan; Espainian onartu duten dekretuan, berriz, jartzen du hiletetarako-eta erabili ahal izango direla halako tokiak, baina betiere lehenetsi behar dela pertsonen artean metro bateko tartea egongo dela bermatzea.

Zein denda egongo dira irekita? Nola jokatu?

Zerrendatu egin dituzte «premiazkoak» diren merkataritza eremuak: janari dendena, botikena, arropa garbitegiena, betaurreko dendena... Zerrendan ez daudenak, itxita egongo dira. Betiere, ahalik eta denborarik urrienean egon beharko da toki horietan, jende asko pilatu gabe. Parisek ere «ezinbestekoak» ez diren toki publikoak ixtea erabaki du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.