arantxa elizegi egilegor
AEBetako bozak. Istiluak Kongresuan. ANALISIA

Militarrak Kongresuan

2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun

Soldaduak, uniformez. Herritarrek boto bidez aukeratutako ordezkariak, militarren artean harrapatuta. Bultzadak. Oihuak. Protestak. Paperak airean. Aulkiak lurrean. Demokraziaren isla behar zukeen ganbera, borroka eremu bilakatuta. Ghanako Parlamentuak atzo utzitako irudietako bat da, Nana Akufo-Addo presidenteak karguaren zina egin behar zuen unekoa. Oposizioak kargu hartzea oztopatu nahi izan zuen, eta militarrek esku hartu zuten. Baina izan zitekeen AEBetako Kongresua. Militarrei zibil itxura ematea beste lanik ez legoke, bi irudien arteko desberdintasunak ia ezerezean uzteko.

 

AEBetako Kongresuaren historian ez zen sekula halako gertakaririk ikusi. Inoiz egin izan dizkiote bonba erasoak, sartu ziren ekintzaileak ere. Baina halakorik ez, sekula ez, eta are gutxiago presidenteak berak bultzatuta. «Etxeko terrorista» deitu ditu Joe Biden presidente hautatuak, eta, zeharka bada ere, eskuin muturra babestea leporatu dio Donald Trumpi, esanez protestak BLM Black Lives Matter mugimenduak deituak izan balira bestelako jarrera izango zuketela segurtasun indarrek, lehenago helduko zirela Guardia Nazionaleko kideak. Ghanan bezain azkar, edo azkarrago agian.

Ez da lehen aldia Trumpek Guardia Nazionala mugiarazten duela «ezker muturra» deitzen duen hori geldiarazteko. Oraingoan ez zuen halakorik egin. Ez zituen ohikoak dituen hitz gogorrak erabili. Kongresuan ez zen gaizkile edo «anarkistarik»sartu —horrela izendatu zituen estatuburuak beltzen eskubideen aldeko manifestazioetan parte hartu zutenak—, soilik «manifestariak», azaroko «iruzurra» salatu nahi zuten «jarraitzaileak».

Porrota ez duela onartu nahi diote askok. Baina onartu du. Bai. Mahaian kolpe bat emanez. Kongresuaren aurka milizia bat bidaliz. Munduko potentzia nagusia irrigarri utziz. Atea indarrez itxi du Trumpek, eta, amorrua kanporatuta, «trantsizio ordenatuari» bide emango diola dio. Hori bai, enegarrenez errepikatuta boto zenbaketa ez zela «legezkoa» izan.

AEBetako fiskal nagusiak iragarri du auzipetu egingo dituztela erasoen erantzule «guztiak». Bidenek izendatutako fiskal nagusiak izango du horretarako aukerarik buruzagi errepublikanoak lekukoa utzi ostean. Aukera bai, baina egingo ote du? Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak, ahotsa altxatu, eta Trump kargutik kentzea proposatu du. Denboraz estu ibiliko lirateke horretarako, eta ez litzateke lehen aldia halako zerbait egiten ahalegintzen direla. Saiatu ziren lehen ere, estatuburuaren aurkako impeachment-a aurrera ateratzen. Baina sendo, sendoago irten zen, Errugabe zihoen titular bat eskuetan eta irribarrea aurpegian.

Trump ez dute botako. Joan egingo da. Harro. Burua zut. Ez du galdu eta ez du galduko. Haren jarraitzaileek toki bat hartu dute, izen bat, eta botereari eutsiko diote. Badituzte horretarako hautagaiak. Trump bera ez bada, besteren bat agertuko da. Hor da Ted Cruz bera, zeinak ehundik gora errepublikanorekin batera presidentetzako emaitzen aurka jo duen.

Mitt Romney senatari errepublikanoa eta 2016an alderdiaren presidentegaitza lortzeko Trumpen lehiakide izan zenak argi esan zuen atzo: «Hau da lortu duzuena». Legearen eta ordenaren alde daudela harro esan ohi duten alderdikideei ari zitzaien. Politikagintzan inolako esperientziarik ez zuen enpresari aberats bat munduko herrialde boteretsueneko buru jartzea erabaki zutenei. Zenbait dagoeneko urrundu dira haren diskurtsotik, erabaki dute arriskutsuegia dela eskuin muturrari eskutik heltzea. Baina hautua ez da dirudien bezain erraza. Lau urte barru, presidentetza berriz jokoan denean, nork esango die ezetz milioika boto horiei? Nork egingo dio uko demokratak agintetik kendu eta Etxe Zurirako giltza eskuratzeari?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.