Albistea entzun

Greba Mercedesen. Lan itunaren negoziazioa

Soldatak eta lan malgutasuna gako, Mercedesen lan itunaren negoziazioan

Gaueko seigarren txandaren aurkako protesta egin zuten ELAk, LABek eta ESK-k.
Gaueko seigarren txandaren aurkako protesta egin zuten ELAk, LABek eta ESK-k. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2022ko ekainak 23 - Gasteiz

Hemezortzi hilabetetik gora egin dituzte lan hitzarmen berria negoziatzen Gasteizko Mercedes Benz lantegiko zuzendaritzak eta langile batzordeak. Apirilaz geroztik, ordea, enpresak ibilgailu elektriko berriaren ekoizpenarekin lotu ditu negoziazioak. Are, ekainaren hasieran, Alemaniako multinazionalak iragarri zuen furgoneta elektriko berria Arabako plantan ekoiztea aztertzen zebilela, eta horretarako 1.200 milioi euroko inbertsioa egingo zuela. Tenkatu egin da enpresaren eta sindikatuen arteko harremana harrezkero, eta ozpindu sindikatu ezberdinen artekoa. Hirutan baitago bananduta langile batzordea: ELA, LAB eta ESK, alde batetik; UGT eta CCOO, beste batetik, eta Ekintza eta PIM bestetik. Eta mataza horren erdian sartu dira instituzioak orain.

ENPRESAREN PROPOSAMENA

Ekainean iragarritako negozio planaren testuinguruan kokatu du lan hitzarmenaren negoziazioa zuzendaritzak, uste duelako hitzarmena izenpetzeak baldintza dezakeela Alemaniatik dirua heltzea. Hala ere, inbertsioaren iragarpenak ez du enpresaren proposamena aldatu.

Zuzendaritzak ibilgailu eskarien arabera egokitu nahi du ekoizpena, eta horrekin batera lan baldintzak. Besteak beste, proposatu du langileen lan egutegian malgutasun handiagoa izatea. Zehazki, sei gaueko txanda ezartzea nahi du: hau da, igandetik ostegunera jardutea, baina tarteka ostiral gauean ere lan egiteko aukerarekin, ekoizpena handitu beharko balitz.

Soldatei dagokienez, bestalde, %1,5eko igoera proposatu zien azkenekoz, aurten hasi eta 2026ra bitarte, hau da, lan hitzarmenak indarrean dirauen artean. Halere, soldata eskala bikoitza nahi du: bata langile berrientzat eta bestea langile finkoentzat. Ekoizpen helburuak betetzeagatik jasotako saria handitzea ere planteatu du, eta aparteko beste bi sari sortzea, 200.000 unitate egitera iritsiko balira. Igoera horiek, hala ere, hitzarmenera mugatuko lirateke, eta ez lirateke egonkortuko.

ELA, LAB ETA ESK

ELA, LAB eta ESK sindikatuek osatzen dute talde nagusietako bat; batzordearen %45 ordezkatzen dute, eta ez dute bat egiten zuzendaritzaren proposamenarekin. Zeharkatu ezin diren marra gorri batzuk daudela uste dute: malgutasuna da horietako bat; ez dute handitzerik nahi, uste dutelako gaur egun dutena nahikoa dela ekoizpen beharrei erantzuteko.

Soldatak KPIaren arabera eguneratzea eskatzen dute, halaber, erosteko ahalmena ez galtzeko. Eta diskriminaziorik ez egitea langile finkoen eta berrien artean. Txanda kontratu hobeak eta mugikortasuna itunean jasotzea ere badaude eskaeren artean.

CCOO ETA UGT

UGTk eta CCOOk osatzen dute beste talde nagusia; batzordearen %35 ordezkatzen dute, eta haiek ere ez dute bat egiten guztiz zuzendaritzaren proposamenarekin. Besteak beste, eskatzen dute soldatak KPIa +%1 igotzea itunak indarrean dirauen bitartean, ekoizpen helburuen araberako saria %50 handitzea, irailean 1.000 euroko beste ordainsari bat jasotzea, eta behin-behinekotasuna murriztea.

Aldiz, prest daude lan egutegian malgutasuna handitzeko proposamena onartzeko, baina baldintza gisa jarri dute mugatzea eta hiru hilabeteko egutegi batean zehaztea. Bat egiten dute eskaera horrekin Ekintzak eta PIMek ere.

INSTITUZIOEN INPLIKAZIOA

Erakunde publikoetako ordezkariek inbertsioekin lotu dute lan itunaren negoziazioa, eta behin-birritan azaldu dute kezka gatazkak asmo horietan izan ditzakeen ondorioengatik. Hori dela eta, enpresaren asmoekin lerratzea egotzi zieten sindikatuek agintariei, inbertsioak galtzeko arriskua dagoela argudiatu izan dutelako.

Testuinguru horretan kokatu dituzte Jaurlaritzak, Arabako aldundiak eta Mercedesek elkar ulertzeko memoranduma sinatu izana, edota lehendakaria uztailean Alemaniara egitekoa den bidaia ere. Ramiro Gonzalezek herenegun zehaztu zuen, halere, ez ziola inori «presio» egin nahi izan, eta elkarrizketei berrekiteko eskatu zien bi aldeei beste behin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jatetxeak itxita eta jende oso gutxi Pekingo kaleetan, maiatzean. ©MARK R. CRISTINO / EFE

OMIKRONAREN KOLPEA

Olatz Urkia

Mundua koronabirusarekin bizitzen hasi den honetan, Txinak ez du bertan behera utzi nahi kutsaturik gabeko estrategia. Eta ordaindu beharreko prezioa altua da. Pandemia hasi zenetik bi urte baino gehiago pasatuta, orain hartu du Txinako ekonomiak kolperik gogorrena.

Kaiet Barberarena, Iholdiko Landaia etxaldean, Kintoa arrazako bere zerrien parkean, joan den ostiralean. ©I.E.

Laborariak kezkatu ditu prezioen goititzeak

Iñaki Etxeleku

Hazkuntzarako kanpoan erosi bazka, ongailu eta erregaien prezioak goratu izanak kinka gaiztoan ezarri ditu laborari franko. Iholdiko Landaia etxaldean ere bai, nahiz autonomia bilatzeak arriskua arintzen dion. Erresilientzia planeko dirua banatzeko Frantziak finkatu arauak, gainera, bazter utzi ditu ehunka etxalde.
Pedro Sanchez, Ministro Kontseilu bereziaren osteko agerraldian. ©Kiko Huesca / EFE

Espainiako Gobernuak 200 euroko txekea emango die errenta apaleko langileei, autonomoei eta langabeei

Irune Lasa

Kotizaziorik gabeko pentsioak %15 igoko ditu, eta garraio publikorako abonuak merkatuko. Pedro Sanchezek energia konpainien irabazien gaineko zerga berria iragarri du. «Gehien lortzen dutenek, ekarpen handiagoa egin behar dute sakrifizio kolektibora».

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, Eusko Legebiltzarrean, gaur. ©Irekia

Europako funtsetatik 1.090 milioi euro jaso dituzte Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak

Iker Aranburu

Eusko Jaurlaritza kexu da funtsen banaketa oso motel doalako, eta etsita dago Espainiako Gobernuaren banaketa zentralistarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...