Koronabirusa

Hego Euskal Herrian 25 ikasgela itxi dituzte koronabirusagatik

Nafarroan hamazazpi ikasgela itxi dituzte; Araban, bi, eta Bizkaian eta Gipuzkoan, hiruna. Bildarratzek «zuhurtzia» eskatu du

Itxialdiaren ondorioz itxitako gela bat, artxiboko irudi batean. JON URBE/FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak atzo jakinarazi zuen ikasgelak itxi behar izan dituztela COVID-19 gaitzagatik. Araban, bi ikasgela itxi dituzte; Bizkaian, hiru, eta Gipuzkoan, beste hiru. Nafarroako Gobernuak atzo emandako datuen arabera, hamazazpi ikasgela daude itxita lurraldean. Horiek horrela, Hego Euskal Herrian 25 dira itxi behar izan dituzten taldeak.

Iaz, data berean, 168 ikasgela zeuden itxita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bildarratzek, halere, nabarmendu zuen aurtengo zenbakia hobea izanik ere «oraino pandemian» gaudela. Gehitu zuen: «Zuhurtzia da irizpide nagusia oraindik ere. Protokolo bat indarrean daukagu, eta baliabide berezi batzuk ditugu protokolo horri eta gauden egoera pandemiko horri behar bezala erantzun ahal izateko». Hezkuntza sailburuaren arabera, gela bakarra ixtea ere «kezka iturri» da.

Bestalde, zehaztu zuen gela barneko kutsatzeekin bainoago, kanpoko eremuetan gertatu daitezkeen kutsatzeekin ibili behar dela adi, ikasgeletan kutsatzeak saihesteko neurriak eta protokoloak martxan daudelako. Horren harira, esan zuen «ulertzen» duela 12 urtetik beherako umeek kanpoko eremura maskararik gabe atera nahi izatea, baina «txertatu ezin diren bitartean» orain arteko jarraibideak segitu behar direla berretsi zuen, hau da, maskara jartzea.

Dosien irizpideak zehazten

Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak bat egin du EMA Sendagaien Europako Agentziak dosi bakarra jaso duten, eta indartze dosia behar dutenen inguruan hartutako erabakiarekin. Izan ere, Janssen dosi bakarreko txertoa hartu duten 70 urtetik gorako herritarrek, immunitatea indartzeko dosia RNA mezularitza bidezko dosi batekin egiten ahalko dute; Moderna txertoaren kasuan, dosi erdi batera jaitsi dute hartu beharreko kantitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.