Euskal Herriko sare abolizionista sortu dute, «prostituzioa amaitzeko»

Hego Euskal Herriko hainbat talde feministak aurkeztu dute sarea. Prostituzioaz gain, «alokairuko sabelek» eta pornografiak «emakumeen gorputza esplotatzeko» helburua dutela salatu dute

Euskal Herriko Mugimendu Abolizionistaren aurkezpena, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZKO / FOKU.
Maider Galardi
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Mugimendu Abolizionista aurkeztu zuten atzo, Bilbon, Hego Euskal Herriko hainbat talde feministak. Prostituzioa «sexualitate maskulinoaren eredu bortitz eta misoginoaren ondorio» dela salatu, eta nabarmendu dute «pornografia eta alokairuko sabela emakumeen gorputzak esplotatzeko» erak direla. Besteak beste, Lanbroa, Betaurreko Moreak, Terapia eta Generoa taldeetako eta Nafarroako plataformakoak izan dira aurkezpenean. Amelia Tiganus emakumeen salerosketaren biktima ohi eta aktibista ere izan da agerraldian.

Plataformaren helburu nagusia «prostituzioa amaitzea» da, baina urratsez urrats bidea egin nahi dutela azaldu dute: «Lehen xedea gizartearen sentsibilizazioa da». Horretarako, ezinbestekotzat jo dute «eragiten duen mina aitortzea» eta gaia ezagutaraztea: «Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko oztopo dela onartu behar da». Bestalde, eskatu dute prostituzioari aurre egiteko eta biktimei babes emateko «neurri zehatzak» bultzatzea.

Halaber, ohartarazi dute, OME Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, emakume prostituten %90 «sexu esplotaziorako salerosketaren biktima» direla, eta 500.000 «sexu esklabo» gehitzen direla urtero. Hain justu, joan den astean kaleratu zuen Emakundek txosten bat, eta 2018an ia 2.300 emakume prostituzioan jardun zirela azaldu zuten. Salerosketarekin lotura duten 27 kasu identifikatu zituzten.

Lotura duten zapalkuntzak

Horregatik, feministek azpimarratu dute «sistema horren aurka egin behar» dutela, «emakumeen eta gizonen hierarkizazioari eusten eta patriarkatuaren balioak erreproduzitzen» dituelako:«Gizonek emakume prostituten gorputza beren sexu beharrak asetzeko eta boterea inposatzeko erabiltzen dute. Horrek osasun fisiko eta psikikoan kalte handiak eragiten ditu».

Gainera, prostituzioa ez ezik, pornografia eta «alokairuko sabelak» ere «emakumeen aurkako biolentzia eta nagusitasuna» direla salatu dute: «Prostituzioan eta alokairuko sabeletan, sistema neoliberala andre zaurgarriez aprobetxatzen da beren gorputzak esplotatu eta etekinak ateratzeko».

Jardunaldiak, prest

Lehen urratsa «gizartearen sentsibilizazioa» denez, urriaren 12rako Sexu indarkeria ezabatu dezagun, sexualitate duina bultzatuz jardunaldia antolatu dute Bilboko Casa Galician. Bertan izango dira Tiganus bera, Urko Perez ikertzaile eta hezitzailea, Carmina Serrano psikoanalista eta genero indarkerian aditua, eta Rosa Cobo idazle eta Coruñako (Galizia) Unibertsitateko soziologiako irakaslea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.