EH Bilduk arau bat ondu du egoitza pribatuetako baldintzak «duintzeko»

Arabako egoitza zentroak ituntzeko proposamena landu du. Eragile eta sindikatuei aurkeztuko die zirriborroa, irailean erregistratu aurretik

Claudia Venceslao eta Luis Maria Salgado, atzo, agerraldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Azken urteotan etenik gabe ari da handitzen adinekoen egoitzetan sartzeko eskaria Araban, baina gaur egun egoitza publikoetan dagoen toki kopurua ez da aski eskari hori betetzeko. EH Bilduren ustez, beharrezkoa da egoitza zentroen hitzarmenarekin jarraitzea behin betiko konponbide bat bilatu arte, betiere egoitza pribatuetako egoiliarren eta langileen baldintzak hobetzen badira. Helburu hori hartuta, egoitza zentroak hitzartzeko foru arau bat ondu du koalizioak, eta irailean aurkeztuko du Arabako Batzar Nagusietan. Aurretik, baina, eragile sozialei eta sindikatuei aurkeztuko die, haien ekarpenak biltzeko.

Claudia Venceslao eta Luis Maria Salgado EH Bilduko batzarkideek atzo azaldu zuten arau horren xede nagusia dela egoiliarren arreta eta zentro horietan lan egiten duten profesionalen lan baldintzak hobetzea. Arau hori tresna bat izango da «funtzionamendu esparru komun bat ezartzeko» erakunde publikoekin lankidetzan aritu nahi duten egoitza pribatuentzat. Izan ere, bide emango du lan eta arreta baldintzak «homogeneizatzeko» eta baliabide publikoak jasotzen dituzten egoitzekin parekatzeko, batzarkideen esanetan.

Egoitza pribatuetako baldintzak «duintzeko» proposamena landu du koalizioak, eta neurri zehatzak proposatu. Venceslaok azaldu duenez, langileen ratioak handitzea proposatu dute zenbait lan kategorietan, hori delako bide bakarra «kalitatezko zaintza» bermatzeko: «Gaur egun, egoitza pribatuetako ratioak oso urriak dira, eta zaintza kalitatea eman nahi badugu, inbertsio ekonomiko handiagoa egin behar da, egoitzetan profesional gehiago jarrita». Osasun arretari dagokionez, berriz, foru arauak jasoko du erizainen esku geratzea egoiliarren pauta medikoa prestatzea, eta ez erizain laguntzailearen esku, gaur egun gertatzen den bezala.

Horrekin batera, medikuaren kontsultetara laguntzeko protokolo bat sortzea proposatu du EH Bilduk proposamenean: hala, egoiliarrek gizarte zerbitzuen edo familiaren babesik ez dutenean, egoitzetako profesional baten esku geratuko da ardura hori hartzea. Halaber, gizarte arretan eta arlo soziokulturalean aldaketak egitea proposatu du EH Bilduk. «Egoiliarren beharrak erdigunean jarri behar dira, eta bakardadea saihesteko neurriak abiatu behar ditugu».

Arreta psikologikoa hobetzeko neurriak ere jaso dira foru arauaren zirriborroan, diagnostikoa, erabiltzaileen ebaluazioa eta tratamenduen plangintza barne hartuta. Giza baliabideen alorra ere indartu nahi du EH Bilduk, besteak beste, erizaintzako arreta astelehenetik igandera bermatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.