SERIEA. Euskaraldia prestatzen (VII). Bingen Zupiria.

«'Belarriprest' aktiboa izango naiz»

Administrazioentzat «akuilua» izango da Euskaraldia, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuak dioenez. Euskalgintzaren eta instituzioen arteko elkarlan giroa goratu du: «Elkarri begiratu diogunean sinetsi dugu benetako aukera zegoela elkarrekin lan egiteko».

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Gasteiz
2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Ostiral goiza da, eta mugimendua nabari da Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Mahaiak jarriak dituzte korridoreetan, Euskaraldian izena emateko; ilara osatzen da tarteka. Euskaraldiaren martxarekin pozik da Bingen Zupiria (Hernani, Gipuzkoa, 1961), Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Haren ustez, ohiturak aldatzeko soilik ez, baliagarri izango da erakundeen akuilu gisa ere.

Hizkuntza Politikako sailburua belarriprest izango da. Zergatik?

Bizi naizen inguruan ez da batere erraza euskaraz hitz egitea; etxean bai, baina hortik kanpo, Bilbon bizi naizen auzoan oso zaila da. Haur eta gazteekin beti naiz ahobizi. Belarripresten ariketa egin nahi dut; euskara gehiago entzun, eta gonbidapen modura erabili nahi dut, gaitasuna duen edozeinek euskaraz egin diezadan. Belarriprest aktiboa izango naiz: hitz egitean, lehen pausoa ematean, euskaraz egingo dut.

Nola ariko zara legebiltzarrean?

Aurrez aurreko komentarioetan edo galderei erantzutean, besteak aukeratutako hizkuntzan erantzuten dut; aurkezpenetan, euskaraz egiten dut zatirik handiena.

Itzultzaileak daude: ez dago batere arazorik euskara ulertzeko.

Bai, baina komunikazio gaitasunean ere sinesten dut. Elebiduna naiz, eta ez daukat arazorik batzuekin gaztelaniaz hitz egiteko.

Euskaraldia zertan nabarituko da Jaurlaritzaren jardunean?

Akuilu gisakoa izan daiteke, berez eta egituraz egin behar ditugunak egiteko. Planteatu dugu euskara planak ezin direla izan euskara arduradunen kontua; Jaurlaritzan, ez lukeela izan behar Hizkuntza Politikako Sailaren eginkizuna. Sail bakoitzak hartu beharko du konpromisoa. Horretan lagunduko du Euskaraldiak.

Beste sailburuak prest ikusten dituzu akuilu lan hori egiteko?

Gehienak, bai. Euskaraldia modu naturalean sartu da; ez soilik euskaldunen artean: euskaraz bizitzeko gaitasunik ez dutenek ere ongi hartu dute. Jarrera ona ikusten dut sailburu gehienengan: erraztasun handiagoa dute batzuek, bestebatzuek baino; beren aldetik gehiago jartzen dute batzuek.

Kezka agertu dute batzuek, Euskaraldiarekin herritarren bizkar utzi nahi duzuela erantzukizuna.

Ez gaude gure erantzukizunak inoren esku uzteko moduan: obligazio batzuk dauzkagu, Euskararen Legeak herritarrei emandako eskubideen ondorioz. Gure eginkizuna da eskubide hori bermatzea era progresiboan. Ezin dugu erantzukizun hori kendu. Badakigu eredugarri izan behar dugula. Helburu ipini dugu euskara lan tresna gisa erabiltzea, eta horrek eginkizun batzuk ezartzen dizkigu: gure arteko harremanak euskaraz izatea gero eta gehiago, euskara gaitasuna duten langileei erraztea euskaraz lan egitea, tresnak eta formakuntza ematea...

Euskaraz lan egitea jarri duzue hurrengo planaren helburu gisa.

Bai. Horretarako, euskal hiztun garen arduradunok lidergoa eduki behar dugu, eta erraztasunak sortu, eta baliabideak jarri. Adibidez, hartu beharko ditugu erabaki batzuk lagunduko dutenak dokumentazioa euskaraz sortzen. Erronka da. Ez da erraza.

Jaurlaritza prest ikusten duzu aldaketa egiteko?

Gure taldea osatzean, bi irizpide izan ditugu. Batetik, gizon eta emakumeen artean oreka izatea izendapenetan; bestetik, denok gaitasun egokia izatea euskaraz komunikatzeko eta lan egiteko. Gure sailean uharte txiki batean bizi gara: gehienak elebidunak dira, eta bi hizkuntzetan lan egiteko gai.

Gogoeta hori gobernu osora zabaldu behar da? Alegia, parekidetasuna eta euskara gaitasuna.

Hori badator.

Aurki?

Bai. Beste aldi batean lan egin nuen Jaurlaritzan, eta alde handia ikusi dut. Belaunaldi berriak datozen neurrian, ia-ia berez gertatuko da.

Erabilera ohiturei begiratu die Euskaraldiak. Beste arlo batzuetara ere hedatu behar litzateke?

Hau berezia da. Gizartean bi ekimen ikusi ditut indartsuak eta atxikimendu berezikoak: kontzertu ekonomikoa eta Euskaraldia.

Beste arlo batzuk aipatzean, kultur kontsumoa, esate baterako.

Hor ere ez dugu gure erantzukizuna inoren bizkar utzi behar: gure politiken oinarri bat da sortzaileetatik hurbil ibiltzea eta haien beharrizanak ezagutzea; horrekin batera, publikoarengana iristeko moduak zabaltzea. Euskararen kasuan, aktibazioa norberarena da. Bihotza eta burua ukitzera jo dugu Euskaraldiarekin, eta halako zerbait beharko da kultur kontsumoarekin ere.

Euskaraldiaren bueltan lankidetza izan da eragile sozialen eta erakundeen artean. Aldaketa da.

Alde bietatik egon da borondatea horrela izan zedin. Lehen unetik ondo hartua sentitu nintzen, bereziki euskalgintzaren arloan, eta ahalegin berezia egin genuen eragile horiengana era benetako batean hurbiltzeko, lanerako prest. Elkarri begiratu diogunean sinetsi dugu benetako aukera zegoela elkarrekin lan egiteko. Horrek egin du posible Euskaraldia, adibidez.

Ahalegin hori nondik abiatu zen? Ohartu zineten harreman eredu horrekin ezin zela segitu?

Gogoetak bi oinarri ditu. Bat, hizkuntzarekin lotua. Diagnostiko partekatua dugu: ezagutzan pauso handiak eman ditugu, baina, eraginkorra izan dadin, erabileran eman behar ditugu. Diagnostiko partekatua izanda, arrazoizkoa da elkarlanean ekitea. Bestea, zubiak eraikitzearekin lotua: hizkuntzak elkartzeko balio behar du, eta, besteak beste, Euskaraldiak balioko du urte askoan gaiztotuta egon diren erlazioak sendatzeko, zubiak berreraikitzeko.

Nafarroarekin eta Euskal Elkargoarekin estutu duzue elkarlana. Badiezu beldurra maiatzeko hauteskundeei, Nafarroagatik?

Susmoa dut emaniko pausoek ez dutela atzera-bueltarik. Berotasun gehiago edo gutxiago egon liteke.

UPNk ez luke itun hori hautsiko?

Ez dut imajinatzen UPN gobernura bueltatzea.

Hirigintzak badauka eraginik euskararen arnasguneetan?

Egia aitortuko dizut: ez naiz aditua, eta ez nuke hanka sartu nahi.

Arriola sailburuarekin hitz egin duzu? Lurralde antolaketako gidalerroen dokumentutik kendu egin du euskara ardatz izatea...

Ez dut harekin hitz egin. Gobernu kontseilura iristen diren proposamenak hitz eginda egoten dira sailen artean: aldez aurreko sukalde lan bat edukitzen dute. Sukalde lanean dago proiektu hori. Ez da iritsi gobernu kontseilura.

Asteartean bilera izan zen Jaurlaritzan, sailen artean, gidalerroak aztertzeko. Aho batez onartu ziren, zure sailak ere babestuta.

Hala izan zen, bai. Baina neuk ez dakit edukia.

Kontraesana dago gobernuan? Udal legearen dekretuan hizkuntza eraginaren ebaluazioa sartu, eta lurralde antolaketan, kendu.

Azken testuak ezagutzean egongo gara konparazioa egiteko moduan. Gai bakoitza sail batek darama, eta beren bidea egiten ari dira. Emaitza alderatu beharko da.

Administrazioko erabilera dekretua, hizkuntza eskakizunei buruzkoa, noiz aldatuko duzue?

Lehen zantzuak asteazkenean eman genituen Euskararen Aholku Batzordean. Ideia batzuk baditugu, eta eragileekin hitz egin behar dugu: erakundeak, sindikatuak, alderdi politikoak... Horren ondoren etorriko da testua.

Oinarrizko txosten horretan sartu duzue erroko aldaketarik?

Ez dut ezer aurreratu nahi. Testu irekia izan behar du, eragin eta garrantzi handia duelako.

Eperik?

Ona izango litzateke agintaldi hau amaitu orduko egotea.

Hezkuntza legea egiteko dokumentu bat aurkeztua du Jaurlaritzak: aipatzen du derrigorrezko eskolaldia amaitzean B2 maila lortzea euskaraz. Lorgarria da?

Oinarrizko akordio hori gobernu osoarena da, eta Hizkuntza Politikak buru-belarri lan egin du. Bat egiten dugu helburu horrekin: B2 maila izatea ikasle guztiek. Helburu gisa jartzen badugu, eskuragarria izan beharko du. Baliabideak jarri beharko ditugu.

Hizkuntza ereduak aldatzea?

Ez nahi eta nahi ez.

B2aren helburuak malgua izan behar du eremu soziolinguistikoaren arabera?

B2 maila B2 da, eta berdin balio du Agurainen, Ataunen edo Oionen.

Eta helburuak B2 izan behar du Agurainen, Ataunen edo Oionen.

Noski. Hori horrela ateratzen bada, hala beharko luke. B2 horrek kasuistika ezberdinak izango ditu ingurune soziolinguistikoak ezberdinak direlako. Baina hizkuntza gaitasunak ez du zerikusirik ingurune soziolinguistikoarekin.

Legebiltzarrean, oposizio gogorra nabari duzu? Badirudi euskarari buruzko gaiak lasaitu direla.

Hizkuntza politikak ia lehenengo momentutik bideratu dira exijentzia eta pazientzia konbinatuz. 40 urteko bideak erakutsi du horrela egin dela; konfiantza sortu du horrek, eta beldur asko uxatu. Horrela errazagoa da gauzak egitea. Gizartearen atxikimendu handia dute hizkuntza politikek. 1982an legebiltzarrean zeudenen artetik inor ez zen ausartu kontrako botoa ematera. Gaur egiten zaigun kritika da ez ditugula lortu espero ziren emaitzak, baina tresna eta hartu diren erabakiak ez dira auzitan jartzen.

Eta kritika horrekin ados zaude? Legeak espero zuena ez da bete?

Etxenikek 1982an legea aurkeztu zuenean argi zeukan zertan ari zen eta nola garatuko zen: esandakoak eta egindakoak bat datoz, neurri handian. Orduan beldur gehien zutenek baretu dute; egon zen gizatalde bat kontsentsuan ez zegoena, legebiltzarrean ez zegoena, HB zena orduan, eta agian, mundu politiko horrek pentsatu zuen gauzak azkarrago joango zirela, eta ez dira joan. Ez dakit joan zitezkeen: oso prozesu konplexuak dira, gizarte aldaketa handia eskatzen dute, eta adostasunean egiten ez badira, istilu iturri dira. Mantso, baina lortu dugu istilurik gabe gaia kudeatzea denon artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.