Sexu abusuengatik atxilo hartutako zeladorea libre utzi dute, baina karguekin

Hilean bitan epaitegietara joan beharko du, epaileak hala aginduta. Hiru emakumek ukituak egitea leporatu diote gizonezkoari

Erasoa zalatzeko Orozkon egindako elkarretaratzea. AIARALDEA.COM.
Jon Rejado.
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ertzaintzak Bilboko klinika pribatu bateko zeladorea, gizonezkoa, atxilo hartu du, hiru emakumek haren kontrako salaketa jarri ondoren. Hirurek salatu dute gizonezkoak ukituak egin zizkiela, anestesiaren eraginpean zeudela. Bilboko polizia etxe batean gertatu zen atxiloketa, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenaren arabera: deklaratzera deitu zuten bertara, haren kontrako salaketengatik. Atxilo hartu ondoren, epailearengana eraman zuten. Epaileak libre utzi zuen, karguekin baina bermerik gabe. Epaitegietara joateko agindua du, hilabetean bitan.

Lehen salaketa aste hasieran, martxoaren 18an, jarri zuen Orozkoko (Bizkaia) emakume batek. Kolonoskopia baten ostean, anestesiaren eraginpean zegoela, zeladoreak bularrak ukitu, eta atzamarrak baginan sartu zizkiola salatu zuen. Proba medikoa egin zion medikuari ezagutarazi zion gertatutakoa, eta gerora jarri zuen salaketa. Erasoa asteazkenean jakinarazi zuen Aiaraldea.com atariak, eta ordu gutxian beste bi emakumek antzeko abusuak salatu zituzten zeladore beraren aurka.

Aiaraldeko mugimendu feministak erasoa salatu zuen, eta elkarretaratzera deitu zuen. Orozkoko Udalak ere gogor salatu zuen gertakaria, ohar baten bitartez. Halaber, babesa eta arreta eskaini zion bizilagunari.

Klinikak ohar baten bitartez jakinarazi du gizonezkoa ez dela lanean ari; lehen salaketaren berri eman eta gutxira, ostegunean, lanpostutik kendu zutela. Halaber, ikerketa txosten bat abiarazi dute zeladorearen kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.