Merkea garesti atera zaie

Ryanairreko kabinako langileek greba egingo dute gaur Alemanian, Italian, Belgikan, Herbehereetan, Espainian eta Portugalen. 190 hegaldi bertan behera geratu dira, eta lanuzteak 30.000 bidaiariri eragingo die. Langileek bizi diren herrialdearen araberako kontratuak eskatzen dituzte.

Ryanairreko hainbat hegazkin Charleroiko (Belgika) aireportuan, geldirik, uztailaren 25eko greba egunean. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ryanair hegazkin konpainia irlandarrak bere historiako greba egunik handiena izango du gaur. Bidaiariren batek Ryanairrekin hegaldia hartua baldin badauka, eta helmugan edo jatorrian Alemania, Belgika, Herbeereak, Italia edo Espainia baldin baditu, litekeena da grebak modu zuzenean eragitea. Hegaldi merkeen sortzaile izan zen konpainia horretako langileak protestan daude, eta, horregatik, garesti aterako zaio gaurko bidaia txartela: aurreikusiak zituen 2.400 hegaldietatik 190 bertan behera utzi ditu dagoeneko, eta sei herrialdetan deitutako grebak 30.000 bidaiariri eragingo diela espero da. Euskal Herrian, ordea, grebak ez du eragin handirik izango, Gasteizen ez baitzegoen hegaldirik aurreikusita, eta Miarritzeko langileek ez dutelako grebarekin bat egin.

Azken bi urteak beroak izaten ari dira Ryanairreko zuzendaritzarentzat. Iaz, pilotuek grebak egin zituzten, eta aurten kabinako beharginek hartu dute lekukoa. Aste Santuan Portugalen egin zuten lehen greba hango beharginek, eta domino efektua izan du Europako gainerako herrialdeetan. Uztailaren amaieran, Espainian, Portugalen, Belgikan eta Italian egin zituzten lanuzteak, eta gaurko deialdiarekin bat egin dute Herbeheretakoek. Alemanian, bestalde, Vereinigung Cockpit sindikatuak grebarako deia egin die pilotuei. Eta herrialde denetan eskakizuna argia da: langile bakoitzari lan egiten duen herrialdeko legedia eta lan baldintzak ezar diezazkiotela.

Oinarrizko eskaera dirudiela onartu du Ernesto Iglesias USO sindikatuko hegaldien arduradunak, «baina puntu horretan dago gatazka». Horregatik, onartu du jende asko «harrituta» geratzen dela grebaren oinarriekin: «Ukitu surrealista dute langileen baldintzek». Europan behar egiten duten Ryanairreko langileek Irlandako legeen araberako lan baldintzak baitituzte, nahiz eta beste herrialde batean bizi. Horregatik, lan baldintzak lekuan lekuko legeen arabera ezar daitezela eskatzeko ari dira mobilizatzen langileak. «Zer joko zelaitan jokatuko dugun borrokatzen ari gara, eta golak ostera iritsiko dira; hau da, zer baldintzatan egingo dugun lan».

Baina batak bestea dakar, Irlandako lan baldintzak beste herrialde askotakoak baino txarragoak baitira. «Adibide bat jartzeko, hogei eguneko oporrak dauzkate hango legediaren arabera, eta Espainiakoaren arabera, 30», azaldu du Iglesiasek. Ez hori bakarrik: laneko kontratuko baldintza bat ez bada betetzen ari, beharginak Dublineraino joan behar du baldintzen nondik norakoak negoziatzeko. Horregatik, nongo legedia aplikatu, horrek berarekin lan baldintzak hobetzea ekar dezakeela uste du. «Hori lortu ondoren beste borroka bat hasi beharko zen, lan itun bat negoziatzea, esaterako». Baina, pauso hori eman ahal izateko, lehenbizi langileak bizi diren herrialdeko legedia bete beharko du Ryanairrek.

Agintarien eskaera

Grebaren harira sindikatuek konpainiarekin izan dituzten bileretan Ryanairreko ordezkariak «harro» azaldu direla dio Iglesiasek, eta Espainiako legearen araberako lan baldintzak ezarriko dituztela agindu die. «Baina 2022. urtetik aurrera ezarriko omen lituzkete». Europako Batzordearen ebazpen baten arabera, 2022. urtetik aurrera langileek bizi diren herrialdeko gizarte segurantzan ordaindu beharko baitute. «Baina gauza bat hori da, eta bestea lan legea ez betetzea; langile bati bizi den herrialdeko legea ezarri behar zaio. Pentsa polizia bati esango banio trafiko arauak 2022. urtean hasiko naizela errespetatzen; berdin-berdin jarriko zidan isuna, ala? Bada, kasu honetan gauza bera da».

Hain zuzen, grebaren atarian hitz egin du aste honetan Marianne Thyssen Enplegu komisarioak, eta Ryanairri gogorarazi dio langilea bizi den herrialdeko legea bete behar duela enpresak. Alegia, langileei arrazoia eman die, eta enpresari eskatu dio kontratu lokalak ahal bezain lasterren ezartzen hasteko. Europako erakundeen babesa daukaten arren, Iglesiasek estatuen gobernuena falta dela dio. «Espainiako Laneko Zuzendariak Ryanairri esan zion bertako legea bete beharko zuela; barkatu, baina estatu bateko agintari batek ezin du legea betearazteko gomendioa egin, legea betetzeko baldintza jarri baizik». Horregatik, Hego Euskal Herriko beharginei ere eragiten dien gatazkan esku hartzeko eskaera egin dio Espainiako Gobernuari.

Kasuak kasu, aste honetan Italiako langileekin hitzarmen baterako akordioa lortu du Ryanairrek. Astelehenetik aurrera jarriko da indarrean itun hori, eta bertako legeen araberakoa izango da. 2021. urtera arte egongo da indarrean, eta soldata igoerak ekarriko ditu horrek behargin italiarrentzat. Hala ere, greba deialdiak indarrean jarraitzen du, eta Ryanairrek langileen jarrera salatu du: «Negoziatzeko prest azaldu gara, eta, hala ere, greba deialdia indarrean dago».

Hegaldi merkeen eredua

Greba hau mugarria izango dela uste du Iglesiasek, orain dela gutxi arte Ryanairreko langileek ez baitzuten pentsatu ere egiten lanuzterik egingo zutenik. Eta uste du, konpainiako langileen baldintzak hobetzen baldin badira, abiazio sektorekoak ere hobetuko direla. «Ni Air Europako langilea nintzen, eta 2005ean hegazkinak garbitzen hasi ginen, lehen ez bezala; hori zergatik? Ryanairrek hala egiten zuelako, eta haiekin lehiatu ahal izateko gastuak murriztu behar zirelako». Horregatik, uste du greba hauek fruitua ematen badute gainerako konpainietan ere baldintzak hobetu ahal izango direla. Ryanair hegaldi merkatzearen erantzule izan baitzen 2000ko hamarkadan, eta horrek eredu berri bat ekarri zuen.

Ordura arteko hegazkin konpainien lan egiteko modua aldatu zuen Ryanairrek, eta berrikuntza ugari ezarri zituen hegaldi txartelaren prezioa jaisteko: hegazkin batek ahalik eta hegaldi gehien egiten du egun bakar batean; konpainiek apenas erabiltzen dituzten aireportuetan zerbitzua eskaintzen du, eta, horrela, diru laguntzak lortu; hegazkin txartelak erosteko prozesua errazten du, eta eserlekuak hautatzeko aukera kendu; eta tasa ugari ezartzen dizkio erabiltzaileari. Esaterako, txartela bidaiariak berak inprimatuta eraman behar du etxetik, eta, hala egin ezean, 40 euroko tasa ezartzen dio. Horrekin guztiarekin batera, zergak Irlandan ordaintzen ditu Ryanairrek, sozietateen zerga apalagoa den herrialdean, eta langileei ere hango lan baldintzak ezartzen dizkie. Eta hori da, hain justu, borrokatzen ari direna.

«Horren guztiaren eraginez, gisa honetako enpresek merkatu kuota kendu diete ohiko hegazkin konpainiei», azaldu du Jose Luis Segura EKA kontsumitzaileen elkarteko bozeramaileak. Hegaldien merkatua handitu egin da, eta gainerako hegazkin konpainiek ere neurri ugari hartu dituzte euren bidaia txartelen prezioak jaisteko. «Horren eraginez, iraganean genituen erosotasun batzuk galdu egin ditugu, eta bidaiaria gauza gehiagoz arduratzen da».

Bidaiariek patrika gutxiago urratzen dute orain hegazkin bidaia bat egin behar denean, baina hori langileen baldintzen bizkar egiten dela dio Iglesiasek. Ez hori bakarrik: erabiltzaileen eskubideak ere gehiago urratzen dituzte hegaldi merkeak eskaintzen dituzten konpainiek. Hori ondoriozta daiteke, behintzat, Segurak esandakotik: «Konpainia guztietatik iristen zaizkigu erreklamazioak, eta atzerapenak eta bertan behera geratzen diren hegaldien kasuak izaten dira gehienbat; hala ere, egia da hegaldi merkeak eskaintzen dituzten konpainienak izaten direla erreklamazio gehienak, batez ere Ryanair eta Vuelingenak».

Hori guztia, nahiz eta Ryanairrek iaz irabaziak %10 handitu. «Konpainiak ulertu behar du iraganeko egoerara ez dela sekula itzuliko; hau da, langileak borrokan hasi baldin badira, ez diote eutsiko orain arteko baldintza beretan». Horregatik uste du Iglesiasek uda honetan egin diren grebek eta gaurkoak hegazkin konpainiaren geroa baldintzatuko dutela. Eta, horrekin batera, baita bertako langileen baldintzak ere. Merkea zena garestituko zaiola Ryanairri, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.