BAKARRIZKETA

Carlos Torres, digitalizazioaren obsesioa

JUANJO MARTIN / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
1 Zein da Carlos Torres? BBVAko hurrengo presidentea izango da Carlos Torres (Salamanca, Espainia, 1966). Urtarrilaren 1etik aurrera ordezkatuko du azken ia 20 urteetako buruzagia, Francisco Gonzalez (Chantada, Galizia, 1944).

2 Zergatik doa Gonzalez? Adinean sartuta dagoelako, batez ere. Hurrengo urtean 75 urte betetzekoa da, bankuko estatutuek presidente izateko onartzen duten adinik nagusiena. Dena esan behar bada, Gonzalezek berak aldarazi zituen estatutu horiek, bi aldiz, gehienezko adina lehenik 65 urtetik 70era igotzeko, eta 70etik 75era gero.

3 Hitzartutako ordezkapena al da? Guztiz. Torres Bilbon sortutako bankuko kontseilariordezkaria izan da 2015. urteko maiatzetik. Gonzalezek berak jarri zuen hor, Angel Canoren ordez. Mugimendu horrek bai sortu zuen zeresana, Cano BBVAko bigarrena izan zelako krisiaren urte gordinetan, eta askok pentsatzen zutelako hari zegokiola bankuko presidente izateko saria.

4 Eta zergatik aukeratu zuen Torres, orduan eta orain ? Gonzalezek sinisten du bankuek digitalak izan behar dutela iraun nahi badute. Eta kredituak, aseguruak eta halakoak ez ezik, beste produktu batzuk saltzeko bitartekariak izan behar dutela. Bulegoetan baino gehiago, etxeko ordenagailuetan, tabletetan eta sakelako telefonoetan egon behar dutela, gero eta operazio gehiago modu digitalean egiten direlako. Berregituraketa horretan aritu da azken urteetan bankua, Torresen beraren eskutik, eta jada salmenten %40 digitalki egiten ditu. Torresek 2014an hartu zuen banku digitaleko zuzendaritza. Haren gertukoen arabera, obsesionatuta dago eraldaketa digitalarekin.

5 Aldaketa handia izango da bankuak Gonzalezek ala Torresek gidatu? Ez dirudi. Izatekotan, bankuak titulu gutxiago emango dizkiela hedabideei.

6 Zer esan nahi duzu horrekin? Gertukoek uste dutenez, Torresek tentu handiz jokatuko du politika ekonomikoari buruzko komentarioak egitean. Gonzalezek, berriz, ez zuen arazo handirik bere iritzia plazaratzeko. Hain harritzekoa ere ez da, azken finean, Gonzalezek izendapen guztiz politiko baten orbana zuen gainean.

7 Izendapen politikoa? Bai. Gonzalez Jose Maria Aznarrenhatz ahalguztidunak kolokatu zuen banku baten buruzagitzan. Argentaria banku publikoan lehenik (1996an), eta gero BBVAn, Bizkaiko burgesiaren bi banku handien batuketa (Banco Bilbao Vizcaya) Argentariarekin elkartu zutenean. Hasiera batean BBV zenekoekin partekatu behar izan zuen boterea, baina Jerseyn pentsio plan sekretuak zituztela zabaldu zenean, botere osoa Gonzalezen esku geratu zen.

8 Nolako urteak izan dira Gonzalezenak BBVArentzat? Gazi-gozoak. Batetik, bere akzioak balioa galdu du, eta ikusi du aurretik atzean zuen lehiakidea, Santander, aurretik duela nabarmen. Edonola ere, banku sendoa da, eta krisiaren urteak lehiakide ahulagoak irensteko baliatu ditu, eta Katalunian bereziki indartu da (Catalunya Caixa eta Unnim erosita). Mexikon ongi doazkio gauzak, baina Txinatik atera behar izan zuen, AEBetan pattal ari da, eta orain arazoak ditu Turkian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.