Leire Esnal

Kirolari emana

Bigarren urtez jarraian irabazi du adimen urrikoen Euskal Pilota Egokituko Txapelketa, Eneko Sagarmendirekin bietan. Futbolaria ere bada, Realeko Genuine taldean.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Bazen Zumaian Odieta izeneko pilotaleku estali bat. Eusebio Gurrutxaga plazan, zumaiarrek Beheko plaza esaten dioten horretan. 2007an eraitsi zuten, eta, orain, estali gabekoa da Odieta. Handik gertukoa da Leire Esnal (Zumaia, Gipuzkoa, 1999), Goiko plazakoa. Umetan, askotan jaisten zen Odieta zaharrera, pilotan jokatzera edo jokatzen zebiltzanak ikustera. «Eskuz hasi nintzen», kontatu du Beheko plazako aulki luzeetako batean eserita.

Ez du txapelik ekarri buruan, baina jantzita dauka igandetik bat. Ipini egin zioten, txapeldunei jartzen zaien bezala. Errenteriako Agustina Otaola pilotalekuan irabazi zuen pilotarien garaikur preziatua. Euskal Pilota Egokituko Laboral Kutxa saria bereganatu zuen, Eneko Sagarmendirekin bikotea osatuz. Leire aurrelari, eta Eneko atzelari. Iaz bezala, eta orduan gertatu moduan, txapeldun berriz ere bikotea. 25-11 menderatu zituzten herenegun Iñaki Divasson eta Xabier Arizkorreta. «Uste baino errazago», esan du Esnalek.

Adimen urritasuna dauka. Berak dioen bezala, «mundu normalerako juxtu ibiltzen naiz, baina kirolean eta eskolan, aurre-aurrean». Beharko ibili punta-puntan kirolean. Odieta zaharreko hormek gogoan izango dute Esnal, dauden lekuan daudela ere. Hark ere betiko gordeko duen bezala herenegun lagunek egin zioten ongietorria: «Metro tabernaren kanpoaldean neuzkan zain iluntzean. Iaz ere egin zidaten, baina aurtengoa osoagoa izan da. Mikrofono eta guzti zeuden, eta nik ere egin nizkien hitz batzuk. Tabernako leihotik agurtu nituen zaleak».

Iazko txapelketaz eta aurtengoaz gain, Gipuzkoakoa ere irabazita dauka: «2016an izan zen, eta orduan ere Eneko nuen bikotekide». Bestelako torneo bat edo beste ere badu irabazia. Eta ez da ase. Gehiago nahi du. Ez irabazi bakarrik, baita beste lehiaketa mota batzuetan parte hartu ere. «Emakume Master Cupen eman dut izena», kontatu du. «Partidak ikusten ditut, lagunak ere baditut asko. Maider Mendizabal, adibidez. Reyes Azkoitiarekin ere askotan egoten naiz. Hemen, Zumaian, Dinastia Etxabe txapelketan, elkarren ondoan egoten gara partidak ikusten». Lau eta erdikoan eman du izena: «Lana egin, eta aurrera».

Horixe baitu lema kirolzale amorratu honek. 21 urte dauzka. Aurrera egin zuen Odieta zaharra bota zutenean eta pilotalekurik gabe geratu zenean. Ez zen etxean sartu, berria noiz egingo zain. Aurrera egin zuen, eta beste kirol bat probatu zuen: «Futbolean hasi nintzen, Zumaiakon, herriko taldean. 16 urte nituenean, entrenatzeko aukera bakarrik neukan, eta multikirolean hasi nintzen orduan. Lehenagotik, baina, pilotalekura itzulita nengoen, emakumezkoen taldea osatu zelako herrian. Dozena erdi bat batzen ginen, eta eskuz eta palaz jokatzen genuen».

Gero izan zuen aukera Zarauzko taldean sartzeko, «multikirolean aspertu» izanaren ondorioz: «Jakin nuen bazela palako taldea; probatu, eta onartu egin ninduten». 2016an izan zen hori, hain justu Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen urtean. Gerokoak dira Euskal Pilota Egokituko bi txapelak, eta bada tartean beste bat, ilusioz oroitzen duena: «Gipuzkoako txapelketan izan zen, duela hiru urte, eta gehien saiatu izanaren saria eman zidaten».

Kirola egitearen onurak

Saiatu beharraren saiatu beharraz, eta kirola barru-barrutik bizi duenez, futbolerako pausoak segida izan zuen geroxeago. Non eta Realean, bere bihotzeko taldean. Txiki-txikitan eskolara Realeko kamiseta jantzita eramaten zuen haur hark arropa ofiziala partidetan janzteko aukera izan du gero. Realarekin ari da jokatzen Genuine liga. «Hirugarren urtea dut hau. Taldean neska euskalduna behar zutela eta, ni barrura», oroitu du hasiera. «Baina balio dut, aizu», gehitu du segituan: «Ez daramat alferrik bizi osoa futbolean eta kirolean». Hiru urte hauetako oroitzapen asko dauzka, baina bat bereziki berezia: «Aurreneko urtean, Xabi Prieto etorri zen gurekin partida batera. Gordeta daukat harekin atera nuen argazkia». Denboraldi honetako lehendabiziko entrenamendua datorren igandean dira egitekoak.

Mugitua izan, eta, gainera, adimen urritasunarena bideratzeko lagungarri zaio kirola: «Medikuek eta psikologoek esaten didate kirola behar dudala lasaitzeko eta husteko». Baina kirola bakarrik ez du bidaide: «Lanean nabil Gureak enpresan, marketineko dokumentu tratamenduan. Praktiketako kontratua daukat, eta ea jarraitzeko aukera ematen didaten». 21 urteko bizi esperientzian, badu beste bat ondo gogoan duena: «Saharako errefuxiatuen kanpamentura joan nintzen 2015ean». Umeen pilotako entrenatzaile ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.