Bartzelona eraberritua izango du Realak etxeko lehen oztopoa

Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Azken urteetako joera hautsi nahi du Realak. Bartzelonaren aurka jokatutako ligako azken hamabi neurketetatik ez dute bat bera ere irabazi txuri-urdinek. Beste modu batera esanda, Imanol Alguacilek ez du inoiz Bartzelona mendean hartu. Gaur izango du Realak beste aukera bat, zaleen aurrean (22:00, Movistar La Liga).

Ederki hasi dute sasoi berria txuri-urdinek. Cadizen (Espainia) irabazi egin zuten aurreko asteburuan, eta garaipenaren xendan jarraitu nahi dute. Bartzelona, ordea, oztopo handia izango da horretarako. Izen handiko jokalari asko fitxatu ditu berriro ere gorenean egoteko, baina lehenengo jardunaldian berdindu besterik ez zuten egin, etxean, Rayo Vallecanoren aurka. Burumakur atera zen Xavi Hernandezen taldea, baina ez dago animalia zauritua baino arriskutsuagorik.

Mikel Oiartzabal, Carlos Fernandez eta Diego Rico min hartuta daude, eta ez dira deialdian sartu. Alex Solak, berriz, lan saio bakarra egin du, eta ez da soropilean izango. Bartzelonak ere baditu zenbait hutsune, arazoak baititu fitxaketa guztiak ligan erregistratzeko. Jules Kounde da falta zaion bakarra, eta azken ordura arte itxarongo du Xavik deialdia emateko. Bestalde, Sergio Busquetsek txartel gorria ikusi zuen azken neurketan, eta ez da Anoetan izango.

Imanolek argi dauka «kontrario gogorra» izango duela aurrean: «Bartzelona, edonola dagoela ere, beti da handia». Xavik ere hitz ederrak izan ditu aurkariarentzat: «Talentu handiko jokalariak ditu Realak; jokoaren alderdi asko menperatzen dituzte».

Athleticek Valentzia, etxean

Valentzia izango da Athleticen aurkaria. Bigarren neurketa jokatuko dute zuri-gorriek jarraian, San Mamesen (17:30, Movistar La Liga), eta lehenengo garaipena lortu nahi dute Mallorcaren aurka huts egin eta gero. Iker Muniainek omenaldia jasoko du, 500 neurketa jokatu baititu elastiko zuri-gorriarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.