Osasuna 0-0 Valladolid

Etxeko magia galdu du

Osasuna nahi eta ezin aritu da Valladoliden aurka, eta puntu bat baino ez du lortu. Lau partida daramatza Sadarren irabazi gabe

Chimy Avila eta Joaquin, nor baino nor gehiago. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
Iruñea
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Epailea. Alberola Rojas. Txartel horiak Osasunako Aridaneri eta Ruben Garciari; eta Valladolideko Ruben Alcarazi eta San Emeteriori. Bestelakoak. 15.382 ikusle Sadarren.

Apaldu egin da Sadarren lilura. Osasunak galdu egin du etxeko distira. Orain gutxi arte, esne mamitan ibili izan da. Dena zen poza Iruñeko estadioan. Baina azken neurketek errealitatera itzularazi dituzte gorritxoak. Galdu egin zituzten Athleticen eta Realaren aurkako derbiak, eta berdindu egin zuten Sevillaren aurka. Aurrean halako mailako taldeak edukita, beti da errazagoa estropezuak zuritzea. Ordea, atzo aurkari apal eta zuzen baten aurka egin zuten kale. Garaitu beharreko arerioa zen Valladolid, baina nafarrek ez zuten lortu. Eta are okerragoa dena: ez zuten merezi izan. Neurketa nahasia eta parekatua izan zen, eta Osasuna ez zen gai izan oreka apurtzeko; ez zelaian, ez markagailuan.

Orain arte, erauntsi gogorren bidez kolpatu izan ditu aurkariak etxean. Gaizki aritu arren, beti iristen zen nafarren unea. Momentu magikoak ziren: jokalariak gogor oldartzen ziren, eta gola berandu gabe iritsiko zen sentipena barreiatzen zuten zaleen artean. Bada, atzo ez zen halakorik gertatu. Estutua noiz helduko zain egon ziren jarraitzaile gorritxoak, baina beste partida batzuetako erritmoa eta argitasuna falta izan zitzaion Osasunaren jokoari. Ezin uka daiteke taldearen ahalegina, azken hatsera arte saiatu baitzen lehia apurtzen. Bihotza bero izan zuten iruindarrek; burua, ordea, ez behar bezain hotz. Asko kosta zitzaien jokoa ehuntzea, eta maiz, gehiegizko presa izan zuten.

Osasunak aginte makila azkar hartu nahian ekin zion norgehiagokari. Baloiaren jabe egin zen, baina hasiera-hasieratik, arazo franko izan zuen Valladolidek zelai erdian ehundutako amaraun trinkoa apurtzeko. Sistemaz aldatu zuen Sergio Gonzalezek, atzeko lerroa eta erdikoa sendotze aldera. Bada, apustu horri esker, idortu egin zuen gorritxoen emaria. Lehen zatian, behin eta berriz saiatu ziren ezker hegaletik sartzen, baina faltan bota zuten Estupiñanen sakontasuna. Gauzak hala, tantaka iritsi ziren etxekoen aukerak. Chimyk bi saiakera egin zituen area kanpotik, eta gero, David Garcia buruz ahalegindu zen. Eta halako batean, 1-0ekoa egitear izan zen Adrian. Aurrelaria bakar-bakarrik gelditu zen Masipen aurrean, baina ez zuen asmatu.

Aldaketen eragin eskasa

Valladolidek hurbilketa arriskutsuak egin zituen, baina gol aukera garbirik sortu gabe. Bestela izan zen bigarren zatiaren hastapenean: lehenik, Herrerak sekulako gelditua egin zion Unali, eta gero, baloia langara bidali zuen Guardiolak. Estualdia gainditu ostean, pixkanaka hazi egin zen Osasuna. Aurkariaren zelaian finkatzen ahalegindu zen, eta baloia zentzu gehiagorekin mugitu zuen. Arbola astintzeko une aproposa zen, eta Ibañez eta Villar zelairatu zituen Bittor Alkizak—zigortuta zen Arrasate—. Ordea, oso ekarpen urria egin zuten ordezkoek. Valladolidek gogor egin zuen lan berdinketa urratzeko, eta Osasunak denbora agortu zitzaion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.