Hassan Ait Xau. Mendi korrikalaria

«Izugarrizko poza ematen dit etxetik gertu irabazi izanak»

Unai Ugartemendia.
Tolosa
2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Hassan Ait Xauk oso gustuko du Tolosaldeko Hiru Tontorrak. Askotan entrenatzen da Hernio eta Uzturren. Sasoiko dagoela erakutsi zuen herenegun. Pozik zegoen lasterketa amaitu berri.

Nolako lasterketa izan da?

Azkarregi hasi gara. Walter Becerra ziztu bizian atera da, eta hasieran zalantzak izan baditut ere, hari jarraitzea erabaki dut. Hala ere, bigarren kilometroan konturatu naiz ez zihoala batere ondo. Aurrera egitea erabaki dut orduan. Bakarrik gelditu naiz, uste nuen baino lehenago.

Bakarrik eta alde handiarekin pasatu zara Herniotik (8,9 kilometroa).

Atzera begiratu dut eta ez dut inor ikusi, eta handik aurrera pixka bat erlaxatu naiz; hankak askatzeko baliatu dut Irurarako jaitsiera. Uzturrera bidean beroa ere hasi da, baina hidratazioa eta janaria ondo zaindu ditut, eta oso ondo joan naiz Erroizperaino.

Azken igoerara, Erroizpera, zortzi minuturen aldearekin iritsi zara. Nola kudeatu duzu?

Elduainen esan didate zortzi minuturen aldea neramala, eta orduan erabaki dut pixka bat erlaxatzea. Karranpen beldur nintzen, gainera.

Markatik oso gertu gelditu zara. Ba al zenekien?

Ez, marka zein zen ere ez nekien. Ez dut erlojuaren mende korrika egiten, sentsazioen arabera baizik. Pena pixka bat eman dit, baina erlojuari begiratu ere ez diot egin ia.

Bi astean bi maratoi egin dituzu. Ez al duzu Zegama-Aizkorriko nekerik nabaritu?

Oso ondo osatu naiz Zegamatik. Banekien indartsu nengoela, eta gaur dena ondo atera da.

Noiz sentitu zara garaile?

Belabietako anoa gunean [26. kilometroa] atzera begiratu dudanean eta inor ikusi ez dudanean, konturatu naiz, ezer txarrik gertatu ezean, irabaz nezakeela. Erroizpera iritsi arte ez naiz lasai joan, baina gailurra pasatu eta jaisten hasi naizenean, garaipena gertuago ikusi dut. Hankak nahiko indartsu nituen oraindik, eta banekien zaila dela halako abantaila galtzea maldan behera. Ibarratik Tolosarako azken bi kilometroetan ikaragarri gozatu dut.

42 urterekin lehen aldiz irabazi duzu Euskal Herriko Txapelketa. Zer izan da zuretzat?

Izugarrizko poza ematen dit etxetik gertu irabazi izanak. Nire entrenamendu lekuetan barrena ibili naiz; ezin dut gehiago eskatu.

Zein izango da aurrerantzean zure egutegia?

Laneko batzuek eta lehengusuak Zumaiako Flysch Trailean parte hartuko dute, eta bertan ateratzeko esaten didate. Ez nuen asmorik, eta gainera pentsatzen dut zenbaki guztiak agortuta egongo direla. Beraz, ikusi egin beharko dut. Uztailean Buff Epic Trail egingo dut, Munduko Kopako proba. Aurrerago, Comapedrosara joango naiz ziurrenik, hori ere Kopakoa. Oso urrutira joan behar ez den probak egin nahi ditut. Azkeneko bost edo sei urtean kanpoan asko ibili naiz, eta etxekoekin ere egoteko garaia bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.